Sapa, Hmong etniaren lurraldea

Erabiltzailearen aurpegia Izarne Olano 2019ko ira. 28a, 08:58

Motorren kaosa, paisaia ikusgarri, bero itsaskor, jende abegikor, janari goxo eta gehiagoren koktela da Vietnam.

Naturazalea den edo kultura ezberdin baten bila bidaiatzen duen orok goza dezake bertan. Hirietako zalapartatik aterata, ikaragarrizko ikuspegiekin egin daiteke topo. Iparraldean, bada lurralde benetan interesgarri bat: Sapa, Hmong etniaren lurraldea.

Hmong jatorri txinatarra duen komunitatea da, Vietnamgo gerrara joateko errekrutatu zutena. Hitz gutxitan esanda, garatu gabeko herrialde txiroa da: arroz-soroek, mendiek, pobreziak, analfabetismoak eta tradizioak osatzen dutena. Emakumeen lurraldea da; langilea, alaia eta koloretsua. Hmonh hitzak «herri askea» esan nahi du, eta horrela bizitzeko borrokan dihardute.

Azken urteetan gero eta ezagunagoa bihurtu den etnia da eta, hortaz oharturik, turistak etxean hartzeko aukeraz baliatu dira. Hori horrela, udara honetan bertan izan garenontzako ere aukera paregabea izan da, beraien herria eta kultura gertutik ezagutzeko, etxean bezala sentitzeko.

Hmong emakumeak dira herrietatik hirira oinez joan eta etxean hartuko dituzten turisten bila ibiltzen direnak. Emakume hauek ezagutzen erraza da, eskuz egindako arropa koloretsu eta bereizgarriekin, inoiz moztu ez duten ilea bilduta, eskuak telaren tintaren arrastoaz zikinduta eta pitxi ugarirekin joaten baitira.

Beraien seme-alabak bezalaxe zaindu gintuzten gu ere, bi egunez: herrirainoko treking-ean arroz-soroak erakutsiz, beraien etxeetan lo egitera gonbidatuz eta familiarekin batera otorduak eginez. Kontatu ziguten gizonezkoak arroz-soroetan aritzen direla lanean, urte osorako familiarentzako nahikoa uzta egon dadin. Emakumeek, gazte ezkonduta, familiko zaintzaren ardura hartzen dute, eta goizeko ordu txikietatik gauera arte lan egiten dute. Azpiegitura falta eta gobernuaren laguntza eza dela-eta, haurrak, eskolaratu gabeak, turismoak dakartzan etekinei tiraka bizitzera kondenatuta daude.

Honela, beraien bizimodua gertutik bizitu eta kultura, hizkuntza eta ohitura ugari elkarbanatu genuen. Bertan 'Hmong' deritzon hizkuntza gutxitua erabiltzen dute, halabeharrez Vietnamita eta Ingelesa ikasi dituzten arren. Hala, hmong pixka bat ikasi eta euskara irakasteko denbora ere izan genuen.

Gogortasun horrek berezi egiten du Sapako esperientzia. Guztiz gomendagarria!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!