Bi piano jotzaile eta kontalari bat

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko ira. 27a, 11:59

Tolosako Leidor antzokian, gaur, 20:30ean, 'Eta zer gehiago?' ikuskizuna eskainiko dute German Ormazabal eta Xabier Lizaso piano jotzaileek, batera; kontalari lanetan Andoni Egaña bertsolaria ariko da.

Ez da hitzaldi bat, ez da kontzertu bat, ez da bertso saio bat... Bi piano oholtza gainean, eta bi piano jotzaile: Xabier Lizaso oriotarra eta German Ormazabal tolosarra. Kontalari lanak Andoni Egaña bertsolariak egingo ditu, eta antzerkitik ere badu. Eta zer gehiago?galdera berari erantzunak ematera datorren emanaldia da.

Galdera berak elkartu ditu Ormazabal eta Lizaso: eta zer gehiago? Bi musikari, bi bide, bidegurutze bera. Bizitzako bidegurutzeen inguruan osatu dute saioa eta, bi piano jotzaileen bi bideak kontatzea, aitzakia bat baino ez dute izan, entzule bakoitzarengan gogoeta eragiteko.

Xabier Lizasok, UBI ikasketak egiten ari zela, garbi zuen pianoa ikasi nahi zuela, baina gogoan du burumakur esaten zuela: «Lotsatuta eta beldurtuta esaten nuen pianoa ikasi nahi nuela, banekielako jendearen erantzuna eta jarrera zein izango zen. Barrez hasten ziren denak, eta 'zer gehiago egin behar dek' izaten zen galdera». Poloniara joan zen Lizaso piano ikasketak egitera, eta bi urtera: «Polonian zer ikasten nuen galdetzean, pianoa erantzutean, jendeak eskuak burura eramaten zituen, eta sekulako miresmena adierazten zuten». Izugarrizko talka izan zen Lizasorentzat: «Gipuzkoan barre egiten zidaten, eta Polonian izar bat nintzen». German Ormazabal piano jotzaile tolosarrari ere antzekoa gertatu zitzaion, pianoa ikasi nahi zuela erantzutean: «Eta zer gehiago?». Emanaldiaren abiapuntua hori izan dute: «Gure egia kontatzea erabaki genuen, pianoarekin gertatu zitzaiguna kontatzea». Ormazabalek gaineratu du: «Pianoa ikastea ondo egon zitekeen, 'baina, serio, zer ikasi behar duzu?' zen galdera. Gaur egun hori aldatzen joango dela pentsatu nahi dut».

Andoni Egañak kontatzen du bi piano jotzaileen historia. Lizasok pianoa soilik ikasi zuen, eta Ormazabalek ere horixe nahi zuen, baina zuzenbidea ere ikasi zuen, «eta zer gehiago egin behar dek?» galderari erantzunez. Bi bide ezberdin hartu zituzten, bata goi mailako kontserbatorioan sartu zen, eta besteak bigarren maila batean utzi zuen pianoa.

Urte asko pasatu ondoren, berriz, pianoak elkartu ditu, eta piano banarekin igoko dira oholtzara eta, batez ere, biek batera joko dute. Ordu asko sartu dituzte elkarrekin, eta musikak eta bi pianoek dute protagonismoa. «Ez da ohiko formatua. Bi piano ez dira oso maiz ikusten, eta badu bere indarra. Kuriositatea piztu nahi izan dugu, eta aitzakia bat izan da, batez ere, bizitzaren aurrean egiten diren gogoetetan edonor islatua sentitu dadin», kontatu du Ormazabalek. «Bizitza denaren erreflexua egiten dugula esango nuke. Momentu sakonak, alaiak, pentsarazten dutenak, eta barrea eragiten dutenak daude».

Andoni Egaña ohiko lanetik aterata dago, «bertso batzuk kantatzen ditu, baina ez gehiegi. Hizlari lanetan jarri dugu. Kontalari », argitu du Lizasok.

Bizitzaren jokoa eta jolasa

Jokoa eta jolasarekin jokatu eta jolastuko dute ikuskizunean, bizitza erdigunean jarrita, modu ulerterrazean. Eta guztia, goi mailako musikaz lagunduko dute. «Momentu hunkigarri eta indartsuak daude, eta bi pianoetara jota beste kolore bat du; konplizitatea eta borroka egongo dira», dio Ormazabalek.

Hitzekin ere jolasten dute: bi, bide, bidegurutze, bizitza... «Bi piano jotzaile daude, baina bi dauden tokian ere hirugarren bat bada, bizitzan gertatzen den moduan», argitu du tolosarrak.

Saiora joateko arrazoiak azpimarratzean: «Ez dut uste aspertuko direnik, ez musikazaleak, ezta ez direnak ere. Batek baino gehiagok esan digu harritu egin direla ikuskizunarekin, eta musika klasikorako interesa piztu diela. Eta musika klasikotik aparte ere asko jotzen dugu, hori kontuan hartu dugu», dio Lizasok. «Andoni Egaña inork ez du ikusi egiten duen paperean, eta horregatik bakarrik ere merezi du ikustera joateak», gaineratu du Ormazabalek, eta «guk disfrutatu egiten dugu, eta orain arte ondo funtzionatu du. Nire herrian ere horrela izango dela pentsatu nahi dut».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!