«Errepideko lasterketetan salto bat eman dut aurten»

Imanol Garcia Landa 2019ko ira. 26a, 19:59

Errepidean eta pistan lehiatzen jarraituko du txirrindulari tolosarrak, baina errepidean maila gorago batean ariko da, Leongo Eneicat Pecafer taldearekin fitxatu eta gero.

Datorren denboraldian pauso berri bat emango du Eukene Larrarte (Tolosa, 1998) txirrindulariak. Leongo Eneicat Pecafer taldearekin ariko da errepideko lasterketetan. Pistako lasterketei dagokionez, Gipuzkoa Ogi Berri taldearekin jarraituko du.

Nola izan da Eneicat Pecafer taldearekin fitxatzearena?

Gipuzkoa Ogi Berrirekin ibili naiz azken urteotan, baina aurten errepidean beste salto bat egin dut, Espainiako selekziorekin arituz, eta ikusi dut posible dudala errepidean nazioarteko mailan ibiltzea, pistan ere maila horretan aritzearekin batera. Beraz, gai naizela ikusi dut, eta horregatik erabaki dut Eneicatekin fitxatzea.

Beraiek egin dizute eskaintza?

Aurreko urtetan ere beste talde batzuek eskaini zidaten, baina nik, egia esan, behin konpromisoa hartuta dena eman nahi nuen, eta seguru ez nengoenez, ezezkoa esan nien. Aurten, Eneicatekoek ere proposatu zidaten, eta jasotako proposamen guztietatik egokiena iruditu zitzaidan.

Zer mailatan lehiatuko zara?

Emakumezkoetan hurrengo urterako bereizketa bat egingo da profesionaletan. Gizonezkoetan mailakatze hori badago, baina emakumezkoetan hori zehaztu gabe dago. Datorren denboraldiari begira World Tour mailako taldeak egongo dira, eta gero profesional Kontinental mailakoak. Nire taldea bigarren horretan egongo da.

Jauzi bat izango da zuretzat talde horrekin lehiatzea. Zer suposatzen du zehazki?

Hasteko, nik eskatzen nuena errepidea eta pista uztartu ahal izatea zen. Eneicatek ematen zidan aukera pistako lasterketak Gipuzkoa Ogi Berrirekin egiten jarraitzea, eta gero errepidean beraiekin nazioarteko mailan aritzea. Adibidez, Valentziako eta Burgosko itzuliak egin dituzte, eta Bretainian ere korritu dute. Emakumeen Biran ere aritu ziren, baina, jakina denez, lasterketa hori desagertu egin da. Bestalde, Donostiako Klasikoan ere aritzeko aukera izango dut. Beraz, lasterketa politak dira. Talde berriarekin egutegia zabaldu egingo zait.

Profesional mailako talde batean lehiatuko zara. Zehazki zer esan nahi du horrek?

Galdetzen didatenean profesionala ote naizen, ez dakit zer erantzun zehazki. Nik soldatarik ez dut, eta talde berri horretan ere ez dut izango. Agian diru laguntza txiki bat, baina ez da gutxieneko soldata bat. Baina, beno, nik badakit zer dagoen. Agian, noizbait profesionalen baldintzak izateko lehenengo horrelako talde batetik pasa behar da eta gero jauzia eman.

Ikusten da aldaketarik emakumezkoen profesionalen mailan?

Aldaketak nabariak dira. Hasteko, telebistan gero eta lasterketa gehiago ari dira botatzen. Hori, azken batean, babesleen eta marken onurarako da. Emakumezkoen kirolean gehiago inbertitzera eramaten du horrek. 2020an gutxieneko soldata bat arautuko da. Orain arte emakumezkoetan ez da izan gutxieneko soldatarik; hau da, zu ibili zaitezke profesional baten moduan, baina dohainik. Nik uste dut pixkana pausoak ematen ari garela; hori bai, beti dago zer hobetu. Gizonezkoetan, ni egongo naizen taldearen maila berean gutxieneko soldata badute, baina ni dohainik lehiatuko naiz. Hori bai, egunen batean World Tourreko talde batean egoteko pausoak pixkana eman behar dira, eta lehenengo horrelako talde batetik pasatzea ez dago batere gaizki.

Talde berrian finkatu duzue helbururik zuretzako?

Talde buruak esan didanez txirrindulari oso bat bezala ikusten naute. Nire ustez, oraindik guztiz definitzeko nago. Esan didatenez lasterketa batzuetan niretzako lan egingo dute, eta beste batzuetan nik egingo dut lana. Taldean badago esprinter bat, eta bion artean lan polita egin dezakegu. Nazioarteko mailan eskatuko digutena ikastea izango da. Azkenean, konpromiso maila bat eskatzen dute.

Esan duzun moduan, pistan Gipuzkoa Ogi Berrirekin jarraituko duzu.

Bai, oraingo taldearekin jarraituko dut. Tania Calvo eta ni aritu gara batez ere, eta datorren urtean Garazi Estebez ere izango dugu, oraindik juniorra dena. Talde polita osatuko dugu.

Pasa den asteburuan Espainiako Txapelketan hiru domina lortu zenituen.

Emaitzei begira ez dira espero nituenak izan, jakinik sasoi aldetik ondo nengoela. Madisonen iaz lortutako titulua berretsi genuen Taniak eta biok, eta aspaldi lehiatzen ez nuen keirin proban brontzea lortu nuen. Abiadurako proban zilarrezkoa lortu genuen, baina hor urrearen bila joan ginen. Aurreko urtean zilarra lortu genuen, helmugako argazkiak erabakita. Baina orduan gustura geratu nintzen, gerturatu egin ginelako. Aurtengoan, denboran bigarren egin genuen eta ikusten genuen finalerako hobetu ahal genezakeela, batez ere nik. Azkenean irteera gaizki atera zitzaidan eta akatsa egin nuena ni izan nintzen. Beraz, pena pixka batekin.

2019ari begiratuz, zer nabarmenduko zenuke ?

Errepideko Europako Txapelketan izan nintzen lehenengo aldiz, Espainiako selekzioarekin. Aurtengoan helburuetako bat hori zen, errepidean koska bat gora egitea, eta selekzioan sartzea. Gero, Europako Txapelketan zorte txarra izan nuen. Orain, hotzean pentsatzen hasiz gero, jarritako helburuak baino gehiago lortu ditut, eta beraz, pozik egotekoa da.

Pistan omniumean absolutu mailan Espainiako Txapelketa irabazi nuen, eta gero Espainiako Kopa ere irabazi nuen. Nazioarteko probetan ere koska bat gora egin dut, eta Frantzian zazpigarren postu bat lortu nuen omniumean.

Tokioko Olinpiar Jokoetara joateko aukerarik baduzu?

Leire Olaberria eta biok madison modalitatean joateko apustua egin genuen, baina kanpoan geratu ginen hautatzailearen erabakiarengatik, eta ordudanik ez naute hautatzen Espainiako selekziorako. Tokiora joateko aukerarik ez dut. Pariserako prestatzen hasi beharko gara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!