Iida hiriko alkatearen bisita jaso du udalak

Tolosaldeko Ataria 2019ko ira. 26a, 09:01

Txotxongiloen Lagun Hirien Elkarteko kideak dira bi herriak. Besteak beste, herriko gune ezberdinak eta Topic museoa bisitatu ditu Mitsuo Makinok.

Astelehenean heldu zen Mitsuo Makino, Japoniako Iida hiriko alkatea, Tolosara. Makino alkateak Tolosa bisitatu nahi izan du, Topic museoa bertatik bertara ezagutzeko. Izan ere, AVIAMAko, Txotxongiloen Lagun Hirien Elkarteko, kideak dira Tolosa eta Iida; aurrez, bi alkateek elkar ezagutzeko aukera izan zuten Japonian ospatutako kongresu batean, baita Tolosako buruhandi eta erraldoiek bertara egindako bisitan ere. Udaletik adierazi dutenez, «txotxongiloek, buruhandi eta erraldoiek eta oro har, gure kulturarekiko interesak ekarri du Makino gurera».

Udal ordezkariek harrera egin zioten udaletxean. «Harremanak sendotzeko eta elkarlanerako borondatea azaldu zuten alkateek. Ondoren, bisita gidatua egin zuten herritik, gure historia eta ondarea ezagutarazteko». Topicen amaitu zen ibilbidea. Museoaz gain, eraikineko espazio ezberdinak ezagutu zituen.

«Kulturaz gain, alkate japoniarrak gastronomiarako zaletasuna duela erakutsi zuen. Hori dela eta, iluntzean sagardotegira hurbildu ziren tokiko sagardoa probatu eta honen ekoizpenaren nondik norakoak ezagutzeko». Bi eguneko egonaldiari amaiera emateko, asteartean, Boinas Elosegi enpresa bisitatu zuten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!