«Marrazteko ohitura bidean galtzen dela uste dut, izan ere, jende askok du marrazteko gaitasuna»

Itzea Urkizu Arsuaga 2019ko ira. 25a, 16:21

Oihana Ugartek (Tolosa, 1974) arduraz eta ilusioz hartu du Tolosako jabetze eskolan xilografia tailerra eskaintzearena.

Oihana Ugartek (Tolosa, 1974) arduraz eta ilusioz hartu du Tolosako jabetze eskolan xilografia tailerra eskaintzearena. Diziplina edozein dela ere, kolore, pentsamendu eta adin desberdinetako emakumeak elkartu eta sinergiak sortzea ezinbestekoa iruditzen zaio, «emakumeok sekulako potentziala dugulako». Horrela, artelanetan trebatzearekin batera, urriaren 1etik aurrerako tailerra norbere burua berresteko ariketa bat ere izango dela dio.

Zer da teknikoki xilografia izeneko teknika?

Xilografia grabatu mota bat da. Antzinako teknika bat da, IV. mende inguruan Japonian eta Txinan asmatua. Estanpak erreproduzitzeko teknika bat izan da sorreratik eta, horretarako, marrazkia egurrean zizelkatzen da lehenengo, gero egurra tintaztatzen da, eta hori paperera pasatzen da azkenik. Horrela, xilografia izan zen, irudi bat behin eta berriro erreproduzitzeko aukera eskaini zuen lehen teknika. Gaur egun, garatu egin da teknika, eta ikastaroan xilografia linolio izeneko materialaren gainean landuko dugu. Errazago zizelkatzen da, ekonomikoagoa da, eta, ondorioz, ikastaro bat eskaintzea ahalbidetzen du.

Zuk zeuk, nola ikasi zenuen teknika hori erabiltzen?

Hiru urtez aritu nintzen, Debako Arte Eskolan, Grabatu kalkografikoa ikasten, kobre gainean. Teknika bera da, baina kobre gainean egiten dena; xilografiari lekukoa hartu ziona, nolabait. Garai bateko argazkigintza izan zen hori ere. Estanpa edo kontatu nahi zena eskuz marrazten zen lehenengo, eta gero ofizio osoak zeuden haren atzetik: marrazten zuena, irudia kobrera pasatzen zuena eta estanpatzailea. Prozesu oro horren teknikak irakasten zizkiguten Debako Arte Eskolan, eta niretzat ofizio bat ikastearen parekoa izan zen, hiru urte luzez han aritu ginelako, eta denbora asko eskatzen zuelako. Deban egur gainean ere probak egiten genituen, eta jabetze eskolarako hori baliatzea pentsatu nuen, linolioa baliatuz, emaitzak errazago ikusten baitira.

Aurretik esku lanetan aritua izatea, beraz, ez da ikastarorako ezinbesteko baldintza.

Ez, hori da. Nik uste dut denok dugula zerbait adierazteko ahalmena. Nik tresnak eramango ditut, gubiak eta halakoak. Oso gauza sinpleak dira, eta lehenengo ariketak jarriko ditut, tresna horiek ezagutzeko. Eta, hortik aurrera, ikasle bakoitzak bere erritmoa hartzeko aukera izango du. Batez ere, tailerrean esperimentatu egingo dugu, eta nik uste dut zerbait polita aterako dela.

Xilografia zehazki, baina sormena oro har lantzeko tailerra izango da , beraz.

Bai. Izan ere, askotan entzun ohi ditugu «nik ez dakit marrazten» eta antzekoak; bada, ez da beharrezkoa marrazten jakitea. Ea zer gertatzen den, sormena askatzeko hainbat musika baliatuko ditudalako, edo askotariko gaiak ere bai. Beste aukera bat izango da, grabatu kolektibo bat sortzearena: bakoitzak bere plantxan zati bat egin, gero estanpatu, eta, ondoren, beste tresna batekin, tinta paperera pasatu. Ea zertarako denbora ematen digun, hasiera batean, hamar orduko ikastaroa izango baita. Jarraipena izango balu, jarraituko genuke, baina ea zer egiteko denbora ematen digun.

Artistaren ikuspegitik, gizarteak, oro har, eskola amaitutakoan marrazteari uzten diola uste duzu?

Marrazteko ohitura bidean galtzen dela uste dut, izan ere, jende askok du marrazteko gaitasuna. Dena den, gaur egun, hezkuntzak gauza horiek guztiak gehiago zainduko dituela iruditzen zait. Baina, bai, hala ere, bigarren mailako gauzatzat jotzen dira askotan, nahiz eta espresio modu bat gehiago izan, idaztea edo hitz egitea izan litekeen moduan. Jende askok ahalmen hori du barruan, eta ez du ateratzen; beste askok, beharbada berandu deskubritzen dute.

Sormena lantzeko tailerra izango da, baina jabetze feministara bidean. Zure ustez, zein garrantzia du sormenak jabetzerako?

Uste dut kolektiboan egiten diren gauza hauek guztiek emakumeok elkartu eta zerbait sortzea, guztiok elkarrekin, dutela zeresana ahalduntze horretan. Latinoameriketan, adibidez, badaude beren aldarrikapenak paperera pasatzeko elkartzen diren tailerrak edo emakume taldeak. Sinergia politak sor daitezkeela uste dut, beti daukagulako esateko zerbait.

Taldean zerbait sortzeko ideiak lagunduko du sinergia horietara iristen, ezta?

Bai. Adibidez, ni konturatzen naiz, nire lantegian ordu asko pasatzen ditudala bakarrik, eta meditazio lan bat ere bada, neurri batean: gustura zaude zure munduan, sortu egiten duzu eta emaitza bat daukazu. Lan hori eduki dezakezu tailerrean gordeta, baina gustatzen zaizu mundura ateratzea ere, eta egin duzuna erakustea: «Hau izan da nire bidaia». Uste dut oso garrantzitsua dela ateratzea, eta esatea guk ere posible dugula. Izan ere, grabatzaile eta margolari ezagunak beti gizonak dira, eta emakumeak beti senarraren itzalean egon direnak, edo senarrei lagundu dietenak izan dira. Bide horretan, xilografiaren historiari pintzelkada batzuk ematen saiatuko naiz, eta emakume artistei buruzko zertzelada batzuk ere txertatu nahi ditut ikastaroan. Teoria gehiegizkorik gabe, baina izan direla eta egon badaudela konturatzeko lain.

Emakumeei plazaren erdigunea hartzea kosta egiten zaie, baina, norbere bakardadean egiten den lan batean ere, emakumezkoen izenak falta dira. Zuk, hasi zinenetik hona, sumatu duzu erreferentzia faltarik?

Bai gaztetan, eta bai orain. Ikastaro hau prestatzeko ere informazio bila aritu naiz, eta ikusi dut zenbat eta zenbat emakume dauden itzalean; izugarria da, eta horrelakoxea da errealitatea. Izen-abizenekin emakume gutxi aritzen dira, nahiz eta, ia anonimotasunean, jende asko ariko den.

Eskualdeko emakume artisten sare bat sortu zenuten. Berariaz egindako ariketa bat da, sare hori behar duzuelako?

Talde bat sortu zen, jende asko elkartu ginen, eta beharbada bakoitza bere konfiantzaren bila gindoazen talde horretara, ahalduntze horretan. Une hartan ez zegoen orain dagoen olatu more hau, eta momentu hartan kosta egin zen taldea aurrera ateratzea. Hala eta guztiz ere, sekulako potentzialtasuna zuen taldea izan zen, Aranburu jauregian erakusketa kolektibo erraldoi bat egin genuen, baina gero ez genuen asmatu horri jarraipena ematen. Baina ni asko harritu nintzen orduan, zenbat emakume bildu ginen ikusita, eta zein gauza desberdinetan aritzen ginenak. Interesgarria izan zen, eta geure burua berresteko modu bat izan zen, beharbada.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!