Ordenantza fiskaletan aldaketak proposatu ditu udal gobernuak

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko ira. 25a, 15:58

Besteak beste, Ondasun Higiezinen Gaineko Zergaren errekarguan salbuespen gehiago txertatzea nahi dute. Biharko osoko bilkuran hartuko dute azken erabakia.

Tolosako udal gobernu taldeak datorren urterako ordenantza fiskalen proposamena aurkeztu du. Udal gobernuaren helburua da, ahal den neurrian, tolosarrek jasaten duten presio fiskala baretzea, betiere, Udalaren gastu eta diru-sarreren arteko oreka mantenduz, «herritarrei eskainitako zerbitzuen kalitatea bermatzen jarraitu ahal izateko».

Hala, datorren urteari begira, gobernu taldeak Ondasun Higiezinen Gaineko Zergaren errekarguan salbuespen gehiago txertatzea proposatu du. Begoña Tolosa Ogasun zinegotziak azaldu duenez, «azken urteotan etxebizitza hutsak merkaturatzeko kobratu izan da errekargu hori, baina ikusi dugu badirela kontuan hartu beharreko hainbat salbuespen. Kasu ezberdinak aztertu ostean, beharrezkoa iruditzen zaigu aldaketa hori egitea egungo errealitateari ahalik eta egokien erantzuteko».

Horrez gain, ondorengo kasuetan ere errekargurik ez kobratzea proposatzen da: Etxebizitza urtarrilaren 1a eta martxoaren 31 bitartean saldu bada, nahiz eta inor erroldatuta ez egon; urtarrilaren 1eko datarekin etxebizitza obretan egonez gero, eta udaleko obra lizentzia aurkeztuta, inor erroldatuta ez badago ere; etxebizitzaren jabeek urtea kanpoan igaro behar dutenean eta urtean zehar oinarrizko elektrizitate edo gas gastua egin dela ziurtatuz gero; eta azkenik, mendekotasun egoeran dauden pertsonen zaintzagatik, ardura hori duen senideak edota zaintza behar duenak etxebizitzaz lekualdatu behar duenean eta pisu berrian erroldatu behar duenean.

Gobernu taldeak herriko etxebizitza hutsak merkaturatzeko neurriak hartzen jarraituko du eta etxebizitzak birgaitzeko programak sustatuko ditu gazteen emantzipazio aukerak areagotzeko. «Edonola ere, benetan hutsik dauden etxebizitzei errekargua ordainarazi behar diegu».

IGOERAK GAINERAKO TASETAN

Gainerako udal tasa eta zerga guztiek KPIak izandako igoera bera izatea proposatu dute, eta zabor tasaren kasuan, %5eko igoera izatea, zerbitzuaren gastuaren eta diru-sarreraren arteko desorekari aurre egiteko. Instalazio, Eraikuntza eta Obren gaineko Zergan hobari berria txertatzea ere nahi dute. Zehazki, eraikinetan energia-eraginkortasuna hobetzeko egiten diren obrei emango zaie. «Tolosa jasangarriagoa izateko, garrantzitsua da energia aurrezteko politikak eta neurriak sustatzea».

Udal gobernu taldeak oposizioari aurkeztu zion proposamena, eta epe bat eman zion erantzuna jasotzeko. Ondorioz, 2020ko ordenantza fiskalen azken proposamena biharko osoko bilkuran (20:00etan) aurkeztuko da, onartua izanez gero, urtarrilean jada indarrean egoteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!