Informazio panel berria, Larramendin

Ataria 2019ko irailaren 25a

Herriko eta udaleko informazioa gune ezberdinetara gerturatu eta herritarren eskura jartzeko asmoz, hirugarren informazio-pantaila ezarri du udalak.

Zezen plaza kanpoaldean eta Triangulo plaza ondoan ezarritako informazio-pantailek izandako «arrakasta eta harrera ona» dela eta, udalak hirugarren bat jarri du Larramendi auzoko sarreran. Panelen helburua «tokiko eta udaleko informazioa Tolosako gune eta auzo ezberdinetara gerturatzea eta herritarren eskura jartzea da modu erraz, eroso, zuzen eta azkarrean».

Euskarri hauek, informazio ugari eskaintzen dute, testu, irudi edo bideoen bitartez: kultur agenda, udal albisteak, eragileek antolatutako ekintzak edota informazio eta sentsibilizazio kanpainak. Larramendi auzoaren kasuan, «zirkulazio handiko gunea delako» jarri da panela. Aurretik ezarritako pantailen ezaugarri berdinak ditu: 3 metroko altuera eta LED pantailak bi alboetan. 06:00etatik 00:00etara bitarte egongo da piztuta.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!