«Lasterketa teknikoak gustatzen zaizkit»

Imanol Garcia Landa 2019ko ira. 21a, 08:59

Korrika egitea gustatzen zaio tolosar gazteari, berdin dio aldapan gora edo behera izan. Mendian ibiltzeko afizioa familiatik datorkio, txikitan guztiz gustuko ez bazuen ere. Orain gozatu egiten du, eta mendi lasterketetan emaitza bikainak lortzen ditu.

Ane Iturriarentzat (Tolosa, 2001) orain arteko denboraldi onena izaten ari da aurtengoa. Besteak beste, mendi lasterketetako Munduko Txapelketan, junior mailan, bigarren egin zuen proba orokorrean, eta laugarren kilometro bertikalean.

Munduko Txapelketatik hasiko gara. Nola jaso zenuen lortutakoa?

Oso ondo pasatu nuen. Egia esan, ez nuen espero emaitza hori, maila handia zegoelako. Oso esperientzia polita izan zen. Bertikalean laugarren egin nuen. Banaka ateratzen ginen, eta inongo momentutan ez nekien zein postutan nengoen. Neska batzuk aurreratzen nituen, baina ez nekien zehazki nola nindoan. Lasterketan, esango nuke denbora guztian bigarren joan nintzela, agian hirugarren une batzuetan, baina orokorrean bigarren.

Estrategiarik-edo erabili zenuen lasterketan?

Dena emanda joan ohi naiz, ahal dudan azkarren, eta jakinik bigarren zoazela, gehiago motibatzen zara.


Aurreko urtean laugarren egin zenuen proba orokorrean, eta orduan kadete mailan izan zen. Aurten, junior mailako lehen urtean, bigarren. Zer suposatzen du horrek?

Ilusio handia egin zidan. Urte guztian aritu naiz prestatzen Munduko Txapelketara joateko, Espainiako Kopa eta Txapelketa eginez. Aurreko urtean egin nituen prestaketa horiek, baina Munduko Txapelketara lesionatuta iritsi nintzen. Aurten, jakinik ez nengoela lesionatuta, eta emaitza on dezente lortu nituela Espainiakoetan, ilusio handiarekin joan nintzen.

Asko aldatzen da egoera, Espainiako Txapelketatik mundukoetara?

Maila aldetik, handiagoa dago mundukoetan. Eta baita igo behar diren metroei dagokienez ere. Munduko txapelketan 23 kilometro egin genituen, eta 2.300 metro aldapa gora, eta Espainiako Kopan kilometroak antzekoak ziren, baina aldapa gutxiago igotzen zen, 1.000 metro inguru.

Espainiako txapelketa eta Kopa, beraz, prestaketa bezala hartu zenituen.

Nire helburua Munduko Txapelketara joatea zen, baina, nahiz eta ez joan, lasterketa horiek ere egingo genituen, gustatu egiten zaizkigu-eta, nire ahizpari eta niri. Besteak beste, jendea ezagutzen dugulako.

 

"Ilusioa egin zidan Munduko Txapelketan lortutakoak; urte guztian aritu naiz hori prestatzen"



Eta, zer emaitza lortu zenituen?

Espainiako Koparen lehenengo proban lehen postua egin nuen, gero, hurrengoan, hirugarren, eta beste guztietan lehen postua lortu nuen; beraz, kopa irabaztea lortu nuen. Espainiako Txapelketan, berriz, lasterketan bigarren izan nintzen, eta bertikalean lehenengo. Nire lehenengo urtea izaten ari da junior mailan, eta gustura nago lortutako emaitzekin.

Espero zenuen horrelako mailan ibiltzea?

Banekien Espainiako Txapelketan aurrean ibiliko nintzela, baina, ikusi behar izaten da eguna nola ateratzen zaizun, eta aurkariak ere nola dauden.

Munduko Txapelketan Espainiako selekzioarekin aritu zinen. Nola izaten da aukeraketa?

Lehenengo, Espainiako Txapelketan bai lasterketan, bai bertikalean irabazten dutenak joaten dira. Hortik aurrera, beraien irizpidearen arabera egiten dute aukeraketa. Kopan lehenengo geratzen bazara, agian hautatzen zaituzte, edo ez. Ez da ziurra. Nik, bertikalean irabazi nuenez, orduan lortu nuen txartela Mundukora joateko. Aurretik kopa irabazita nuen, baina bukaerara arte ez nekien joango nintzen ala ez.

Beste zenbait probatan parte hartu duzu denboraldi honetan ere.

Zegama-Aizkorriko gazteen proban parte hartu nuen, eta oso gaizki joan zen. Hasieran erori egin nintzen, mutil guztien artean. Aurrera segitu nuen, baina gaizki. Gainera, inguru horretan selektibitatea nuen eta... Aurreko urteetan denbora hobea egin nuen, eta lehen postua lortu nuen bi aldiz. Aurten laugarren egin dut.

Beste lasterketaren bat nabarmenduko zenuke?

Batez ere, Espainiako Koparen barruan zeuden lasterketak egin ditut. Gero, Munduko Txapelketaren ondoren, Peña Oroelera igoeran lehen postua egin nuen.

Urtea bukatu aurretik beste lasterketaren batean parte hartuko duzu?

Agian Euskal Herriko bertikalen bat edo beste egingo dut, baina oraindik ez dut ezer zehaztuta.

Mendi lasterketetan parte hartzeko, nagusien probetan, adinaren muga izan ohi da. Orain 18 urte beteta, parte hartuko duzu proba horietan?

Oraindik ez dut helburu finkorik. Aurrerago ikusiko dut zein lasterketatan parte hartzen dudan. Espainiako Txapelketak egingo ditut, esaterako. Gero, helburua izan daiteke Munduko Txapelketara joatea edo lasterketa jakin bat prestatzea. Oraindik ez dakit.

Nola hasi zinen mendi lasterketetan parte hartzen?

Txikitatik gurasoekin mendian ibili izan gara, lasai-lasai. Gero, ni txikia nintzenean, aita mendi lasterketetan ateratzen zen. Nik txikitatik ikusten nuen. Probatzen hasi nintzen, eta hortik etorri zen afizioa. Azkenean, familiak bultzatuta sartu naiz.

Beste kirolik edo ariketa fisikorik egin izan duzu?

Bost urte nituenetik 14 urte arte-edo balleta egin izan dut. Bestela, mendira lasai joaten nintzen, oinez, gurasoekin.

Uneren bat izango zen mendi lasterketetan serioago sartzeko, nolabaiteko inflexio puntu bat.

Hamalau urterekin Aralarko XIV Orduetan atera nintzen, eta asko gustatu zitzaidan hori; proba bera egitea, eta mendian denbora pasatzea. Txikia nintzenean purrustan joaten nintzen beti mendira, eta orain kontrakoa, orain gusturago. Mendi lasterketetan emaitza onak lortzen ari nintzela ikustean, batez ere Zegaman lehenengo aldiz atera nintzenean, orduan serioago hartzen hasi nintzen, entrenamenduak-eta egiten.

Nola egiten dituzu entrenamenduak?

Hasieran nire kabuz hasi nintzen, baina, aurreko urtetik Jokin Lizeagarekin nago, eta berak entrenatzen nau, eta oso gustura. Berak jartzen dizkit hilabeteroko entrenamenduak.

Zenbat denbora aritzen zara astero?

Udan kilometro gehiago sartu ditut, baina, orain, unibertsitatean hasi naizela-eta, gutxiago egiten dut. Denboraldi-aurrean ere karga gutxiago sartzen dit. Horrez gain, bizikleta ere eginarazten dit. Ahal bada mendiko bizikletan eta, bestela, estatikoan. Azken hau ez zait asko gustatzen, baina egin beharra dago. Nahiago izaten dut mendira atera.

Eta zein ingurutan egiten dituzu korrika saioak?

Itzuli txiki bat egin behar bada, Zazpi Bideetatik-eta. Uzturrera ere askotan joaten naiz, eta Belabieta aldera. Arrospe edo Lartera ere bai. Eta, itzuli handiagoa egin behar dudanean, Herniora joaten naiz, baita Txindokira ere, kasu honetan aitarekin, kotxez eramaten nauelako. Horrez gain, Pirinioetara joaten garenean, hor ere mendi batzuetan ibiltzen naiz, Collarada aldetik-eta.

Irene ahizpa gazteagoa ere mendi lasterketetan lehiatzen da. Batera aritzen zarete entrenatzen?

Udan dezente entrenatu dugu batera. Orain Irene batxilergoa egiten ari da, eta ordutegi aldetik zailagoa da batera entrenatzeko, baina, ahal dugunean, batera joaten gara.

Aholkuak ematen dizkiozu?

Ni aholkuak emateko oso txarra naiz. Bat edo beste emango nizkion; azkenean, batak besteari laguntzen diogu.

Nahiago duzu konpainian entrenatzea?

Bakarrik ere gustura ibiltzen naiz, baina izaten dira, beste norbaitekin joanez gero, bidea errazago edo entretenigarriago egin den egun batzuk.

 

"Txikitan izan nuen erreferentzia nire aita izan zen; berak erakutsi zidan mendian nola ibili"



Esan duzu bizikleta estatikoan baino gusturago ibiltzen zarela mendian. Zer sentitzen duzu mendian korrika egiten duzunean?

Korrika egin eta gero lasaiago geratzen naiz. Pertsona urduria naiz, geldirik egoten ez dena. Mendian gustura sentitzen naiz.

Aldapan gora joan behar bada ere bai.

Bai, aldapan gora, aldapan behera; edozer gustura egiten dut.

Eta, non moldatzen zara hobeto, aldapan gora edo behera?

Egia esan, ez dakit non moldatzen naizen hobeto. Badira teknikoak diren lasterketa batzuk, oso ondo joan zaizkidanak, eta hain teknikoakez direnak ere ondo joan zaizkit. Niri gustatzen zaizkit teknikoak diren lasterketak: zailtasun gehiago dituzte, eta bidea harriekin-eta denean gustatzen zait, baita lokatza dagoenean ere. Azken finean, ibilbidea oso monotonoa ez denean gustatzen zait, bere zailtasunak dituenean.

Baduzu gustuko duzun korrikalariren bat, erreferentzia moduan duzuna?

Erreferentziak ez ditut. Noski, hor daude Kilian Jornet eta Emelie Forsberg; baita Maite Maiora ere, hemengoa. Baina ez ditut erreferentzia bezala hartzen. Nik nirea egiten dut. Txikitan izan nuen erreferentzia nire aita izan zen, berak erakutsi zidan mendian nola ibili.

Mendi lasterketetan gero eta jende gehiago dabilela ikusten duzu?

Nik uste dut gero eta jende gehiago dabilela. Nire aitak esaten du, orain dela urte batzuk ez zela inor ibiltzen, eta nik uste dut jendea afizioa hartzen ari dela. Gero eta gazte gehiago ikusten dira, Espainia mailan behintzat bai, eta hori ere ona da.

Bada mendi lasterketetan parte hartzen duzuenok erotuta zaudetela pentsatzen duenik. Zer esango zenieke?

Nire lagunek esaten didate erotuta nagoela, beti hor mendian, kilometroak egiten. Nik esaten diet ezetz, gustatzen zaidala, eta sartzen ditudan kilometroak ez direla hainbeste. Saiatzen naiz lagunak mendian hastera animatzen, baina ez dut lortzen. Joan izan naiz lagunekin Uzturrera oinez, baina korrika ez.

Gazte mailan parte hartze baxuagoa izaten da, baina, ikusten duzu pixkana gazte gehiago animatzen dela?

Euskal Herrian ere maila badago, Espainiako selekzioarekin sei euskaldun joan baikinen Munduko Txapelketara. Horrez gain, adibidez, ikusten da Katalunian eta Andaluzian korrikalari gazte asko daudela.

Munduko Txapelketan bazen gailentzen zen selekzioren bat?

Nik uste dut Espainiako selekzioak duela maila handienetakoa. Proba dezente egiten dituzte hautaketak egiteko; besteetan ez daude hainbeste gazte. Italian, adibidez, badago maila. Aurtengo Munduko Txapelketan, taldeka, Espainiako selekzioa bigarren izan zen.

Zein da zure lasterketa gustukoena?

Lasterketa asko gustatzen zaizkit. Bat esatekotan, Axari Trail esango nuke. Aurten ez naiz atera, baina asko gustatzen zait. Collaradako lasterketa bertikala ere oso gustuko dut.

Eta baduzu lasterketaren bat bereziki egiteko gogoa, adinarengatik-edo aurretik egin izan ez duzuna?

Gustatuko litzaidake, hemendik urte batzuetara, Zegama-Aizkorri maratoia egitea, eta baita Tolosaldeko 3 Tontorrak ere. Baina, epe motzean, ez dut horrelako ezer pentsatuta. Joango gara ikusten.

Lasterketak egiteaz aparte, baduzu buruan markaren bat egitea? Uzturre igotzea, adibidez?

Ez, ez dut ezer buruan. Orain Uzturrerena esaten duzula, agian hori izan daiteke horrelako aukera bat. Baina ez, ez dut inoiz pentsatu horrelakorik.

 

"Ikusten nuen korrika egiten zuen jende askok mendiko eskia egiten zuela, eta probatzeko gogoa sartu zitzaidan"


Mendi lasterketek izango dituzte, noski, bere alde txarrak eta onak. Zuretzako zein dira?

Alde txarrak... Ez zaizkit etortzen. Beno, lesioak izan daitezke. Alde onak asko ditu, txarrak baino gehiago. Orokorrean, gustatu egiten zaidala mendian korrika egitea, eta jende asko ezagutzen duzula. Nik disfrutatu egiten dut.

Mendi lasterketez gain, mendiko eskian ere lehiatzen zara. Nolatan hasi zinen?

Aurreko denboraldian hasi nintzen lehiatzen, Euskal Selekziokoekin. Ikusten nuen korrika egiten zuen jende askok mendiko eskia egiten zuela, eta probatzeko gogoa sartu zitzaidan, eta azkenean gustatu; eta horrela animatu nintzen.

Gustatu bakarrik ez, Espainiako Txapelketan emaitza onak lortu zenituen aurreko neguan.

Bai, bertikaletan bigarren egin nuen, eta gustura. Beherantz asko daukat ikasteko oraindik...

Datorren neguan ere mendiko eskian lehiatzen jarraitzea pentsatzen duzu?

Bai, orain denboraldi-aurrearekin hasiko naiz, rolleskia egiten. Gero, Euskal Selekzioarekin lasterketetan parte hartuko dut.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!