Hamar urteren ondoren, esku artean dute

Irati Urdalleta 2019ko ira. 20a, 08:59

'Etxean barrena' liburua aurkeztu berri dute. Haur, gazte nahiz helduei bideratuta, sentimenduak identifikatzeko eta lantzeko baliagarria da.

Gustavo Puerta idazleak eta Elena Odriozola ilustratzaileak kaleratu berri dute Sentimientos encontradosliburua eta Juan Kruz Igerabideren itzulpenari esker, euskaraz ere irakurri daiteke, Etxean barrenaizenburuarekin. Lehen aleak abuztuaren amaieran atera baziren ere, pasa den astean egin zen aurkezpen ekitaldia, Tolosako GKO Galleryn.

Liburua haur eta gazteei bideratuta dago, baina helduentzat ere baliagarria izan daitekeela diote. Ilustrazioek garrantzi handia dute eta hura irakurtzen edo ikusten duen edonori sentimenduak identifikatzen eta lantzen laguntzen dio. Hain zuzen, etxe bat irudikatzen duten binetak dira liburuaren protagonistak. Orriak igaro ahala, bineta horiek aldatuz doaz eta hainbat istorio kontatzen dituzte. Azpialdean, berriz, orri guztiak moztuta daude. Horrela, goian ilustrazioak daude eta behean sentimenduak eta irakurtzen edo ikusten ari den pertsonak bineta bakoitza sentimendu batekin identifikatu dezake. Horren adibide da, esaterako, haur bat erretzen agertzen den bineta. Amak beldurrarekin identifikatu zuen, aitak plazerarekin eta umeak estutasunarekin. Amonaren heriotzaren aurrean ere, sentimendu desberdinak daude: tristura, mina, ezinegona, amorrua, lasaitasuna... «Guk bineta bakoitzari ez genion sentimendu zehatz bat esleitu», baieztatu du Puertak.

Elena Odriozolak adierazi duenez, duela hamar urte hasi zen proiektua. «Normalean, ez naiz tailerretara apuntatzen, baina Gustavo Donostiara zetorrela jakin nuenean, izena ematea erabaki nuen», dio. Bertan, etxe bat marraztu zuen, baina amaitu gabe utzi zuen. Orduan, Puertak bukatzea proposatu zion eta ea liburu bat egingo al zuten galdetu zion. «Ilustrazio bakoitzean, haurrak nahiz helduak sentitu daitezke identifikatuta», baieztatu du Puertak.

Hamasei orriko liburua irakurtzeko hainbat modu daude. Batetik, lau orri pasa ahala, etxean barrurago sartzen doa irakurlea eta istorio bat kontatzen da: festa bat, amonaren heriotza, haur baten jaiotza eta amonaren agurra. Bestetik, orri bakoitzean istorio bat kontatzen da. Azkenik, zazpi pertsonaiak banaka aukeratu eta orriak pasatzen joanez gero ere istorio desberdinak aurkitzen dira.

Hamar urtean, aldaketa eta gorabehera ugari ere izan ditu proiektuak. «Argitaletxe batekin publikatzea pentsatzen genuen, baina azken unean editorea banandu egin zen eta ezin zuela horrelako proiektu batean sartu esan zigun». Horrenbestez, beraien argitaletxea sortu behar izan dute proiektua kaleratzeko: Ediciones Modernas El Embudo.

Liburua inprimategitik iritsi zenean, Odriozolak akats bat nabaritu zien ale batzuei: pautak ikusten ziren. Puerta, berriz, gusturago zegoen egindako lanarekin. Izan ere, hasieran buruan zuten bineten ilara bakoitza ere moztuta egotea, baina paperean ez zuen funtzionatzen: «Liburua iritsitakoan, oso pozik jarri nintzen, ez genuelako horrela egin».

Hamar urteko proiektua izateak ere bere ondorioak utzi ditu liburuan. «Urte batzuetan bi edo hiru hilabete eskaintzen nizkion eta beste batzuetan, berriz, ez nuen ukitu ere egiten». Proiektu bat hainbeste urtean mantentzea zaila egin zaiola ere aitortu du: «Niri esan izan balidate proiektu honek hamar urte iraungo zuela, agian, ez nuke egingo», dio. Bera nahiz bere ilustrazioak ere aldatuz joan dira. «Pertsonaiak ere hazten eta bizitzen joan dira eta guk beti gauza berriak aurkitzen genituen», dio Puertak.

Odriozolak bere amonaren etxea hartu du ilustrazioen oinarritzat: «Nire amona Baztangoa da eta han dugun etxearen antz handia dauka honek».

Puertak desberdin lan egin du. Batez ere, haurrekin eta helduekin egindako tailerretan lantzen zuen liburua: «Arazoak azaltzen nizkien eta ikusten nuen nola konpontzen zituzten». Hortik idatzi zituen testu asko, baina zailtasunak ere eduki zituen: «Ikastaro batzuk besteekin pilatzen zitzaizkidan, testu bat idatzi eta haur baten galderak dena aldarazten zidan...». Landu nahi zituzten sentimendu batzuentzat ilustrazioa aurkitzea ez zen erraza izaten.

Zailtasunak zailtasun, Igerabidek segituan sinetsi zuen proiektuan. «Ahal nuen guztian lagundu nuen, ez bakarrik oso lagunak garelako, baizik eta umeek gogoeta egiteko materialak ez direlako asko lantzen». Gaineratu du sentimenduez eta emozioez hitz egin behar dela eta umeei aurkezten zaien modua eta hitz egiten zaien era oso sinplea izaten dela askotan. «Proiektu oso aberasgarria da eta honek ideia asko eman ditzake beste gai batzuk lantzeko ere», dio. Gaineratu duenez, «sentimenduak lantzeko eta hausnartze prozesuak lantzeko modu hori ez dago ez euskaraz ez gaztelaniaz».

Euskarazko bertsioa, berriz, Denon artean argitaletxeak atera du eta haiek ere sinetsi dute proiektuan. Itzulketa lanez arduratu den Igerabidek testuak bere horretan mantendu ditu. «Saiatu naiz euskaraz esaten berak gazteleraz dioena», azaldu du. Hala ere, leku aldetik izan ditu batzuetan arazoak. Izan ere, gaztelaniaz hitz gutxitan esandakoak gehiago behar ditu euskaraz edo alderantziz. Hala ere, gustura aritu da lanean: «Testuak oso argiak dira eta gustagarria egin zait itzultzea. Dudaren bat banuen, galdetzeko arazorik ere ez nuen izaten».

GOGOETARAKO TRESNA

«Istorio batzuek konektatzen laguntzen diete haurrei, eta normalean hitz egingo ez luketenari buruz aritzen dira», dio Puertak. Haurrei mintzatzen utziz gero, informazio ugari ematen dute. Beraz, hitz egiteko eta pentsatzeko tresna eskuragarri dago.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!