Ilusioz hasi dira maila berrian

Imanol Garcia Landa 2019ko ira. 19a, 19:59

Irabaziz estreinatu da Tolosa CF emakumezkoen lehen taldea 1. Maila Nazionalean.

Tolosa CFko emakumezkoen lehen taldeak aurreko asteburuan egin zuen debuta 1. Maila Nazionalean, eta ez zen nolanahikoa izan, Itaroa Huarte taldeari 3-0 irabazi baitzion Berazubin. «Denboraldi berri bat, eta mailaz igo ondoren, garrantzitsua da irabazten hastea», esan du Imanol Cabero entrenatzaileak. «Gainera 3-0 irabazi genuen, Berazubin, eta gauzak hobetzeko baditugu, baina sentsazio onekin gaude denboraldia hasteko».

Itaroa Huarte ere igo berria da mailara. «Gure pareko talde bat dela badakigu, eta irabazteko moduko partida bat izan zitekeela», esan du Caberok. «Azkenean partida ondo joan zen. Ez genuen guk nahi genuen jokoa egin, baina golak iritsi ziren, eta irabazten hastea oso garrantzitsua da». Maila berria «oso gogorra» izango dela aurreikusten dute, eta, beraz, lortu ahal diren puntu guztiak ongi etorriak izango direla gaineratu du Caberok.

Denboraldi-aurrean maila berriko taldeen aurka jokatu dute, talde horiek ezagutzeko. «Badira talde batzuk, mailaz igotzeko asmoa dutenak, beste batzuk, berriz, maila mantentzeko edo sailkapenaren erdialdean egoteko lehiatuko gara. Ea non finkatzen garen maila honetan», esan du Caberok. Denboraldi-aurrean denekin lehiatu ahal izan direla gaineratu du: «Inor ez zaigu gainetik pasa. Badakigu liga ez dela berdina izango, baina ea partida guztietan lehiatzeko gai garen, besteak beste, goian egotea aurreikusten diren Pradejon, Añorga eta Bizkerre taldeekin».

ETXEKO ZELAIA, BERAZUBI

Maila igotzearekin batera aldaketak egin dira, eta horietako bat da etxeko zelaia Berazubi izango dela, Usabalen ordez. «Aurreko denboraldia bukatzerakoan, ikusten genuen jauzi bat eman behar zela eta klubaren aldetik egin da apustua etxeko partidak Berazubin jokatzeko. Alde horretatik, oso pozik gaude», esan du Caberok. «Orain pixkana joan beharko dugu Berazubira egiten, ezberdina delako Usabalekin alderatuz».

Taldea 22 jokalarirekin osatu dute. Aurreko urtetik egon diren bajak Mireia Igartua, Alaia Goñi eta Maria Herrero izan dira, eta bi altak kadete mailako taldetik igo diren Nahia Aparicio eta Helene Arruebarrena dira. «Taldean horrelako jokalari gazteak egoteak freskotasuna ematen du», esan du Caberok. «Gainera, taldean daudenen pareko maila ematen ari dira. Esaterako, Nahia Apariciok berak bi gol sartu zituen. Horrek erakusten du indartsu datoztela».

Jokalariak maila berrian izatearekin ilusioz daudela dio Caberok, eta gaineratu: «Entrenamenduetan jauzi bat eman behar dugu, intentsitate gehiago sartu behar diogu, serioagoak izan behar dugu, eta hori da kostatzen ari zaigun alorra, hain juxtu. Izan ere, aurreko urteko dinamikarekin gatoz, dena irabazten genuen, eta agian ez genuen ehuneko ehuna ematen. Aurten, ondo lehiatzeko, beraz, jauzi bat eman behar dugu hor».

Hasierako helburua maila mantentzea dela dio Cabero entrenatzaileak. «Gero, ikusiko dugu liga nola joaten den, baina maila mantentzea lorpen bat izango litzateke».

TOLOSA CF-KO PARTAIDEAK

Jokalariak

Naroa Jauregi .Tolosa, 2000.

Eider Tejeria. Gaztelu, 2001.

Aiora Galarza. Amezketa, 1995.

Oihana Ugartemendia.Berastegi, 1997.

Nahia Alkorta. Tolosa, 2002.

Saioa Zubillaga. Anoeta, 1999.

Izaro Goenaga.Irura, 1998.

Leire Lopetegi.Tolosa, 1995.

Irati Aldalur. Tolosa, 1999.

Zuriñe Iglesias.Ibarra, 1999.

Ainhoa Bengoetxea. Amasa-Villabona, 1999.

June Osinaga.Tolosa, 1998.

Patricia Larrarte. Amasa-Villabona, 2000.

Maddi Garikano. Tolosa, 1994.

Helene Arruebarrena.Ibarra, 2004.

Eneritz Egilegor.Tolosa, 1999.

Maria Martija. Tolosa, 2002.

Ainhoa Garikano. Tolosa, 1999.

Mireia Diez.Tolosa, 2000.

Naiara Alvarez.Andoain, 1994.

Nahia Aparicio. Tolosa, 2004.

Irene Etxaburua. Tolosa, 2002.

Talde teknikoa

Imanol Cabero.Entrenatzailea.

Iraitz Garitano.Bigarren entrenatzailea.

Guillermo Benito.Atezainen entrenatzailea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!