Gaur, duela...

Gaur, duela... 12 urte

Ataria 2019ko ira. 19a, 05:57

Jokin Bildarratz Eudeleko zuzendari izendatu zuten 2007ko irailaren 19an. "Konpromiso berriaren aurrean ilusioz beterik" azaldu zen Tolosako orduko alkatea. Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitza-k, Iñigo Terradillosek, elkarrizketa hau egin zion EAJ-ko kideari:

JOKIN BILDARRATZ » Tolosako alkatea

«Ilusioz beterik nago konpromiso handiko lan berri honen aurrean»

Karmelo Sainz de la Maza jeltzalea izan da orain arte Eudeleko zuzendaria, baina aurrerantzean, Jokin Bildarratzek (Tolosa, 1963) beteko du bere lekua. «Ilusioz, baina kezka apur batekin» hartu du konpromiso berria.

Esperotako unea izan arren, nola izan da 'makila' hartzearena?

Espero genuen, bai, baina hala ere, oso gustura nago, oso polita izan baita ekitaldia. Aurrerantzean Eudelen baitan dauden alkate eta udaletxeen ordezkaria izango nahiz erakundeen aurrean, lan handiagoa izango da, konpromiso handikoa, baina ilusioz beterik ekingo diot.

Zein izango da zure lana Eudelen zuzendari bezala?

Ordezkaritza eta koordinazio lana izango da batik bat. Gaiak Legebiltzarrera eztabaidatzera eman aurretik guk aztertzen ditugu lehendabizi, horrela, aurrez udaletxeekin adostuta doaz. Horretarako, zuzendaritza batzordea hilean behin biltzen da.

Aurreko zuzendariak emango zizun postuaren berri.

Karmelo Sainz de la Mazarekin erlazio ona dut, eta badakit bere laguntza osoa izango dudala. Aholku batzuk ere eman dizkit dagoeneko.

Tolosako alkate izatearekin nahikoa ez, eta orain Eudelen zuzendari.

Bai, baina niretzat lehentasun osoa Tolosa izango da. Bi konpromisoak bateragarri egiten saiatuko naiz.

Politikari dagokionez, zein unetan zaudela esango zenuke?

Momentu honetan lan handia egiteko une batean nagoela esan behar dut. Alde batetik Tolosako udaletxeko lana dago; oso gustura sentitzen naiz bertan, nire bizitzan gertatu zaidan gauzarik politena da. Bestalde, Eudelen zuzendari izatearena dago, eta horrek bertan sarturik dauden 251 udaletxe ordezkatzea esan nahi du. Ardura handia da, eta horregatik apur bat kezkatuta nago.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!