Bedaioko mendi eta inguruak ezagutzeko aukera, igandean

Tolosaldeko Ataria 2019ko ira. 18a, 11:58

Bedaioko Artubi elkarteak XIII. Mendi Martxa antolatu du. Bi ibilbide daude aukeran, 24 eta 17 kilometrokoak, eta izena emateko azken eguna bihar izango da.

Artubi magaletik, inguruko mendi, zelai eta basoak ezagutzeko aukera eman nahi du Bedaioko Artubi elkarteak. Igandean, XIII. Mendi Martxa egingo dute.

Bi motatako parte hartzaileak hartu dituzte kontuan, eta azken urteetan egin duten moduan, bi ibilbide prestatu dituzte. Lehena luzea aterako da, hau da, 24 kilometrokoa. Hauek, Artubi gaina igo beharko dute, eta 07:30ean abiatuko dira Bedaioko frontoitik.

Bigarrena laburragoa da, 17 kilometrokoa. Artubi gainera ez dira igoko ibilbide honetan, eta gainontzean bide bera egin beharko dute. «Batez ere familia eta 10 urtetik gorako gaztetxoei begira proposatutako ibilbidea da», adierazi dute antolatzaileek.

08:30ean Bedaioko frontoitik aterako dira parte hartzaileak. «Ibilbide honetan gero eta mendizale, familia eta haur gehiagok parte hartzen du, eta harro gaude izaten ari den hazkundearekin», azpimarratu dute Artubi elkarteko kideek.

Ibilbidean zehar, indarrak hartzeko, gune ezberdinak jarriko dituzte zenbait freskagarri eta jatekorekin. Bestalde, parte hartzaile bakoitzak duen txartelean denborak kontrolatzeko aukera izango du.

Nola ez, behin proba amaituta, helburua, mendizale guztiak frontoian elkartzea izango dute: «Frontoian pintxo eta freskagarriekin batera, ibilbidearen nondik norakoak partekatzeko gunea eta momentua izango da opari zozketa batekin batera», argitu dute.

Izen ematea irekita dago. Alde batetik, www.bedaio.com webgunearen bidez eman daiteke edo mendimartxa@bedaio.com helbide elektronikora idatzita egin daiteke. Horretarako azken eguna, hilaren 19a, osteguna da. Parte hartzaile bakoitzak 10 euro ordaindu beharko du.

Artubikoek ondorengoa nabarmendu dute: «Mendizale, familia eta gazteak animatu nahi ditugu parajeaz gozatuz mendi martxa eder bat igarotzera».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!