Alzheimerra dutenei laguntzeko hitzaldia eta tailerrak antolatu dituzte

Irati Urdalleta 2019ko ira. 18a, 09:54

Laguntza juridikoari buruzko hitzaldia emango dute gaur. Irailaren 25eko tailerrean, aldiz, emozioen kudeaketa landuko dute eta urriaren 2koan, gaixoaren autonomiaz ariko dira.

Irailaren 21ean izango da Alzheimerraren nazioarteko eguna eta horren harira, hitzaldia eta tailerrak antolatu dituzte Tolosan.

Datuak esanguratsuak dira. Gaur egun, biztanleriaren %35ak 55 urte baino gehiago ditu eta 2031n %46,5era igoko da kopurua. Alzheimerrari dagokionez, Gipuzkoan, 12.000 herritarrek pairatzen dute gaitza eta senideei ere eragiten dienez, 36.000 pertsona inguruk jasaten dituzte gaixotasunaren ondorioak. Tolosaldean, berriz, 450 familia ingururi eragiten die. 2050erako kopurua hirukoiztu egingo dela aurreikusten dute.

Egoera horri aurre hartzeko eta gaixoei nahiz euren zaintzaileei laguntzeko helburuarekin, hitzaldi bat eta bi tailer antolatu ditu Buru Bihotzez elkarteak, Tolosako Inmakulada Lanbide Ikastolaren eta Tolosaldea Lanbide Heziketa institutuaren laguntzarekin eta Tolosako Udalaren eta Tolosaldeko ESIren babesarekin.

Gaur hasiko dira ekintza horiekin. Hitzaldia emango dute 19:30ean, Kultur Etxean. Alzheimerrak eta bestelako dementziek dituzten gaixoei eta senitartekoei laguntza juridikoa eta legala ematea izango du helburu. Hau da, gaixoaren babeserako neurri judizialak nola martxan jartzen diren azalduko dute. Osakidetzako, Urkoa fundazioko eta Tolosako Gizarte Zerbitzuetako kideek parte hartuko dute bertan eta interesa duen edonor gonbidatu dute.

Hitzaldiaz gain, tailerrak ere egingo dira, irailaren 25ean eta urriaren 2an. Hauek ere Tolosako Kultur Etxean izango dira, 16:00etatik 19:00etara. Saio bat nahiz bestea dinamikoak izango dira eta praktikatuz eskuratuko dira jakintzak. Emozioen kudeaketa izango da lehenengoaren gai nagusia. «Oso gai garrantzitsua da gaixoarentzat eta familiarentzat», azaldu dute. Bertan izango dira Igone Etxeberria (EHU) eta Jose Manuel Martinez eta Maria Erdozain (Buru Bihotzez).

Urriaren 2an, berriz, autonomia landuko da. Tailerrak taldeka egingo dira eta gaixoen autonomia sustatzeko, etxean zein laguntza behar duten ere azalduko da. Errotu enpresako Maria Jose Moreno ere bertan egongo da, gaixotasun hau duten pertsonentzat modu erraz eta merke batean etxea nola egokitu azaltzeko. «Aurkeztuko diguten proiektua oso berritzailea eta interesgarria da», baieztatu dute. Formakuntza emango dutenak honakoak dira: Igone Etxeberria (EHU); Ixa Imaz, Izaskun Lopetegi, Maddi Zubillaga eta Enara Larrain (Inmakulada Lanbide Ikastola); Jose Manuel Martinez eta Maria Erdozain (Buru Bihotzez) eta Maria Jose Moreno (Errotu).

Tailerrak 16:00etatik 19:00etara izango dira eta joan nahi dutenek Inmakulada Lanbide Ikastolan edo 943 67 36 29 telefonora deituta eman beharko dute izena. Hitzaldirako, berriz, ez dago hori egin beharrik. Gainera, aipatzekoa da zaintza zerbitzua ere egongo dela.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!