Arraunean, elkartasunez

Ataria 2019ko irailaren 14a

VI. Elkartasun Estropadan San Esteban elkarteak astindu du bandera, finalean Lizardi elkarteari irabazita.

Lehia bizia izan da Oria ibaiko uretan. Zortzi taldek parte hartu dute eta finalerako zeuden bi txartelak segundo gutxigatik banatu dira. Azkenean San Esteban eta Lizardi elkarteek egin dute aurrera, eta oso gutxigatik eraman dute bandera San Estebangoek. Bi luzeko bi txanda egin dituzte eta San Estebanek 4.03ko denbora lortu du orotara, eta Lizardik 4.07koa.

Urte batean ez ziren finalera iritsi eta beste bostetan hor izan dira San Esteban elkartekoak, gaurkoa bere bigarren bandera izanik. Agustin Pagola San Estebango arraunlariak azaldu duenez, "finalera pasatzea pentsatzen genuen, baina ez irabaztea. Agian izan da prestakuntza pixka bat badugula, eta horregatik azkenean eraman dugula bandera". Pagola gaineratu du "oso gustura" daudela bandera lortzegatik, baina estropada horretan denak direla irabazle: "Elkartasun estropada denez, denok irabazten dugu. Gainera, herriari ere ematen zaio giroa horrelako ekitaldi batekin".

Aurten Elkartasun Estropadan bildu den dirua –postu bat jarri da eta bazkaria ere egin dute– alzheimerrari aurre egiten lan egiten duen eskualdeko Buru-Bihotzez elkartearentzat izan da. Eguna girotzen Udaberri dantza taldeko fanfarrea aritu da.

Finalerako sailkatzeko hiru luzeko bi txanda egin ditu batel bakoitzak, eta hauek izan dira lortu dituzten emaitzak:

1. San Esteban  6.37

2. Lizardi           6.38

3. Batasuna eta Udaberri  6.40

5. Txinparta   6.51

6. Oargi           7.16

7. Emendek   7.17

8. Aiz-Orratz  7.49

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!