Ezpala gaztetxeak "bizirik" jarraituko duela aldarrikatu dute

Tolosaldeko Ataria 2019ko ira. 14a, 14:16

Gaztetxe Eguna ospatzen ari dira gaur Ezpalan, eta eguerdian manifestazioa egin dute Tolosako kaleetatik.

Ezpala gaztetxe bertatik abiatu da eta Trianguloan bukatu dute manifestazioa. Gogora ekarri dute bigarrenez okupatu dutela Izaskunera bidean dagoen lantegia, orain bost hilabete, eta "herriko gazteon artean bilduz itxura berri bat" ematen ari direla Ezpalari, "Tolosari beste itxura bat emateko". Bide hori ez dela erraza izaten ari diote: "Argi mozketak, ur mozketak, Ertzaintzaren presentzia itogarria inguruan, epaiketa...". Horren aurrean "hitzaldi, kontzertu, tailer, bertso-saio, eta abarrez" bete dutela gaztetxea esan dute, eta "langile klaseko kidea izatea harro aldarrikatu dugu Maiatzak 1 Langileontzat dinamika babestuz edota Tolosaldeko Gazte Mugimenduak antolaturik Borroka Astean parte hartuz".

"Inmobilismotik ekintzailetasunera" igaro direla gaineratu dute Ezpala gaztetxetik: "Gazte izateak antolatzea eta gure bizitzak aldatzea suposatzen du". Hilabete hauetan "ikasi, bizi eta jasotzen" ari direna "ederra" izaten ari dela eta horrela izaten jarraitzea nahi dutela diote, "horregatik defendatuko dugu Ezpala".

Gaurko eguna "ospakizun eguna" eta "aldarrikapen eguna" dela diote. Tolosan gaztetxe bat eratu ahal izateko "ia hamargarren aldia" dela esan dute, "herri honek behar bat baitu: gazteok biltzeko leku bat, ikasleak biltzeko leku bat, talde feminista biltzeko leku bat, langile komunikabideak biltzeko leku bat eta hori da Ezpala Gaztetxea eta horrela izaten jarraituko du epaiketak edo dena delakoak aurrean izan arren".

Ezpalako kide batek hil honetan epaiketa izango duela ekarri dute gogora, "eta ordura arte zein ordutik aurrera Ezpala arriskuan egon arren, argi dugu Ezpalak bizirik jarraituko duela, tinko eta indartsu". Gaztetxeko kideek azaldu dutenez, "edozein mekanismo errepresibo jarriko dute martxan, baina ez gaituzte indargabeturik utziko". Ezpalakoek aldarrikatu dute ez diotela "botere burgesari gehiago gainjartzen" utziko eta "sutsuki" babestuko dutela "geurea den espazioa". Azkenik, deialdi zabala egin dute Ezpalara hurbildu eta babesteko, "gure auzolan eta dinamikek ez baitute etenik izango".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!