Herri kirol desafio polita egin dute Uganeko Santuipeko Jaietan

Tolosaldeko Ataria 2019ko ira. 14a, 14:25

Ugane eta inguruko kirolarien arteko lehia izan da eguerdian, segan, korrika eta lokotx biltzen. Bi taldetan banatuta neurtu dituzte indarrak. Larreta Beltzak nagusitu dira 2-1. 

Hiru probatan banatu dute herri kirol desafioa Uganen. Aurrez aurre, bi talde: Larreta Arrosa eta Larreta Beltza. Bigarren hauek nagusitu dira amaieran. 

Lehen proba segakoa izan da. Binaka, bi sail ebaki behar zituzten. Beltzen taldean segalariak Dorronsoro eta Arkaitz Arteaga ziren; arrosetan, Andoni Egia eta Jokin Garmendia. Hauek hasi baldin badira ere aurretik, bi sailak ebakitzen lehenak Dorronsoro eta Arteaga izan dira.

Bigarren proban, lau segalariek korrikalariak izan dituzte taldean: Mattin Jauregi (arrosez) eta Uxer Mozo (beltzez). Hain justu, Jauregi eta Mozo hasi dira lanean, eremuari bi itzuli korrika emanaz. Parean ibili dira eta euren hasierako lana amaituta, segalariei eman die erreleboa. Hauek bi maila bota behar zituzten. Berriro ere kontuak parean joan dira. Jarraian, korrikalariek lokotxak jarri dituzte. Ondoren, segalarien txanda berriro. Beste bi maila ebaki ondoren, lokotxak biltzea tokatu zaie Mozo eta Jauregiri. Beltzek hemen hartu dute abantaila. Jauregi korrika gehiago dela ikusi da, baina lokotxetan Mozo nagusitu da. Ez da ahaztu behar ikaztegietarra Euskal Herriko Lokotx Biltze Txapelketan ateratzekoa dela hilaren amaieran. Arteagak eta Dorronsorok ez dituzte alferrik galdu Mozok oparitutako segundoak, tartea handitu eta bigarren proba ere beltzentzat eraman dute.

Azkenik, atsedenaldi baten ondoren, segalariek osatu dute hirugarren eta azken proba. Goitik behera, 50 metroko maila ebaki behar zuten txanda librean. Hauspoak nahiko beteta zeuden ordurako, eguraldia ere bero baitzegoen. Dorronsoro izan lauetan azkarrena: "Desafioa irabazia diagu, beraz, zertarako gibela bota" pentsatu behar izan du. Arkaitz Arteagari utzi dio probaren pisua eta bere txandak lasaitasunez hartu ditu. Gainera, Egia eta Garmendia arrosentzat puntu bat irabazteko gogoz zeuden eta hasieratik aurrea hartuz, maila aurrena ebaki dute.

Jaietako egitaraua

14:30. Bazkaria.

Ondoren. Mus eta toka txapelketa.

17:30. Ume jolasak.

Ondoren. Saskiaren zozketa.

21:30. Auzo afaria.

* Egunean barrena, Unai eta Ezkide trikitilariak, DJ Momomo eta mojitoak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!