«Musika ibilbidean beste urrats bat izan da, baina bizitzarako une bakarra»

Tolosaldeko Ataria 2019ko ira. 13a, 10:50

Et Incarnatus orkestrako zuzendaria da Migel Zeberio tolosarra. Asteazkenean, bere egungo herrian, Hondarribian, kontzertu ikusgarria antolatu zuen; elkarrizketa unean herritar batek esan zion bezala, «jaietako gauzarik onena».

Nolako bizipena izan zen asteazkenekoa?

Sakonekoa. Bai alde musikalean eta baita aldarte aldetik ere. Oso aldarte potentea izan zen. Jende asko ibili ginen lanean helburu zehatz baten inguruan. Azkenean, musika ibilbide batean beste urrats bat izan zen, baina bizitzan bakarra. Lan egiteko filosofia eta modu bat daukagu, eta saiatzen gara gertutasun bat sentitzen duzun jendeaz inguratzen. Nik uste hori izan zela kontzertuko gauza adierazgarrienetako bat.

Belaunaldi desberdinekin jokatu zenuen oholtza gainean, gonbidatuak medio.

Agian Maixa (Maixa eta Ixiar) izango da oholtzetatik kanpo dagoen bakarra une honetan, irakaskuntzan dabilelako. Maider (Alaitz eta Maider) berriz hasi da, Leturiak ere gurekin ibilia izan da, eta Glaukoma puntaren puntan dago. Horri guztiari Hertzainaken lorea gehitu behar diozu. 80, 90 eta 2000ko hamarkadetan zeresana eman dute guztiek. Gure bizitzako musika banda osatzen duten doinuak sinatu dituzte guztiek. Bakoitzak bere estiloa dauka, baina entzulea ez da hain desberdina izan.

Nondik etorri zen Hertzainakekin jotzeko aukera hori?

Josu Zabalarekin hitz egin genuen aurrena. Bingen Mendizabal, Hertzainakeko kidea, aspalditik ezagutzen nuen, eta harreman horren bitartez iritsi nintzen Josu Zabala ezagutzera. Ekaina aldera deitu nion, eta berak baietz, gogotsu erantzun zidan, baina baldintza batekin: «Gu joaten baldin bagara, zuek Bilbora etorriko zarete gurekin». Baietz esan nion, noski. Beraz, irailaren 17, 25 eta 26an Bilbon egongo gara berriro Hertzainakekin. Gonbidatu piloa egongo dira kontzertu horietan, benetan, zerrenda izugarria da. Orkestra osoa ez dugu eramango guk, lau bakarrik, baina horiek demokratikoki aukeratuak izan dira, hau da, txandatuz joango gara. Horrez gain, irailaren 21ean Josu Zabala Azken Mugan izango dugu. Garik ezin duenez, bere ordez, Petti ariko da.

Kontzertu berezia, une berezia eta abesti berezia: 'Aitormena'. Lehen aldiz orkestra batekin zuzeneko batean.

Izugarria izan zen. Sortu zen giroa oso berezia izan zen. Denak ez dakit zergatik oso horretara geunden, eta beraiek, oso hunkiturik.

Arratsaldeko entseguan hori ikusi zen Gari orkestrari begira jarri zenean abesti horretan.

Ez zuen agerian utzi nahi baina nabarmena hunkiturik zegoela. Oso une gogoangarriak izan ziren.

Gari eta Josu Zabala bai, baina beste hamaika artista eta laguntzaile ibili ziren ezkutuan lanean.

Gauza asko daude horrelakoetan ikusten ez direnak. Eszenatokiaren diseinua, adibidez, Xabi Lozanok egin zuen, egin nahi zuelako. Zoragarria geratu zen benetan. Soinu teknikoa ere Kantabriatik etorri zen horretarako. Bingen Mendizabal, oholtzan ez baina moldaketak egiten bai, eta izugarrizko eskua duenez zoragarrizko lana egin zuen. Karlos Aranzegirekin lehen aldiz jo genuen, eta hori ere berezia da. Herrikoak izanagatik aukerarik ez zitzaigun sortu orain arte. Artista handiak guztiak. Zoragarria izan zen eta guztien erantzuna izugarria.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!