Hasi da denboraldi berezia

Imanol Garcia Landa 2019ko ira. 13a, 11:59

Gizonezkoen Tolosa CFko talde nagusia hirugarren mailara itzuli da, eta Errege Kopa jokatzeko sailka daiteke.

Hasi du denboraldia gizonezkoen Tolosa CF futboleko talde nagusiak eta, berezia bada, berriro hirugarren mailan jokatzen ari direlako, are bereziago izan daiteke, Errege Kopa jokatzeko aurrekanporaketa gainditzen badute. Ligako hiru partida jokatu dituzte, horietatik lehenengoa galduz eta beste biak berdinduz. «Egia esan, pozik gaude taldea ematen ari den itxurarekin, partida guztietan lehiatu da», esan du Ander Avellaneda entrenatzaileak.

Bigarren B mailatik jaitsi den Cultural de Durangoren aurka galdu zuten lehen partida, 3-0. «65. minutura arte taldea oso ondo lehiatu zen, eta hortik aurrera nabaritu zen mailaz aldatzean dagoen erritmo aldaketa hori, intentsitate aldaketa hori, eta hortik aurrera sufritu genuen. Baina itxura ona eman genuen», esan du Avellanedak. Bigarren B mailatik jaitsitako Gernikaren aurka ere, «partida orekatua» jokatu zuten, 2-2 eginez. «Talde sendoa dute, bigarren Bra itzultzeko asmoz. Gure taldeak itxura ona eman zuen. Bi aldiz jarri ginen markagailuan atzetik, eta horri buelta emateko gai izan ginen». Aurreko asteburuan, Azpeitiko Lagun Onak izan zuten aurkari, 0-0 eginez etxean. «Lehenengo zatia oso-osoa izan, bai defentsan eta baita erasoan ere, eta bigarren zatian irabazteko zein galtzeko aukerak izan genituen». Taldea puntuak lortzen hastea «mentalki ona» dela dio Avellanedak: «Esfortzua handia da partida bakoitzean, eta nolabaiteko saria da puntuak lortzea».

Zenbait aldaketa izan dira taldean, «garbi izanik, blokea mantendu nahi genuela, etxeko jendearekin», esan du Avellanedak. «Beraiek izan dira protagonistak, aurreko denboraldian, igoera lortzerakoan». Taldea utzi dutenak Aitor Etxeberria, Xabi Martinez eta Ibai Quintanilla izan dira. Eta fitxaketak Xabi eta Unai Olaizola anaiak Añorgatik, Jon Elorza Hernanitik eta Pablo Del Pozo Oiartzundik. Haritz Arrieta, urtebete kanpoan egon eta gero, berriro itzuli da. Horrez gain, harrobiko Aitor Ituarte, Iñigo Azurza eta Ibai Urrestarazu igo dira lehen taldera.

Hirugarren mailan aritzea «ilusio handia» suposatzen duela dio Avellanedak: «Herriarentzat, klubarentzat, jokalarientzat eta talde teknikoarentzat. Bestalde, aldaketa nabarmena dakar fisikoki, batez ere, eta baita teknikoki eta taktikoki ere. Gure taldea gaztea da, eta aurten fisikoki hartuko dio neurria, baina hori da denboraldi honetan landu beharrekoa alorretako bat».

Helburuei dagokienez, partiduz partidu joango direla dio entrenatzaileak: «Mailari eustea da helburua. Hirugarren mailako multzoa oso lehiakorra eta gogorra geratu da. Astero ondo entrenatu behar dugu, eta gero asteburuan ondo lehiatzeko. Jendea oso ondo ari da entrenatzen, eta arazoak ditugu deialdia egin eta hamaikakoa erabakitzeko. Guretzako partida bakoitza final bat da, eta esfortzu handia egiten dugu».

Azaroaren 13an, kanporaketa

Aurten Errege Koparen formatua aldatu dute, eta hirugarren mailara igo diren taldeek aukera dute parte hartzeko. Tolosak lehen aurrekanporaketa gainditu zuen, EAEko txapeldun izanik. Orain, beste aurrekanporaketa bat du, Errege Kopa jokatzeko aukera lortzeko. Azaroaren 13an izango da, partida bakarrera. Aurkari posibleak jakinak dira: Urraca (Asturias), Comillas (Errioxaren ordezkari), Pontellas (Galizia), Becerril (Gaztela eta Leon) eta Barquereño (Kantabria). Orain zozketaren zain daude, jakiteko, zein izango den horietatik aurkaria, eta non jokatuko den. Aurrekanporaketa hori gaindituz gero, Superkopa jokatuko ez duen lehen mailako talde baten aurka jokatuko luke Tolosak, Errege Kopako lehen kanporaketa, Berazubin.

Taldea ilusioarekin dagoela dio Avellanedak: «Azaroko aurrekanporaketa hori gaindituta, badakigu sari potoloa datorrela. Euskal talde bat izan daiteke, eta egun berezia klubarentzako. Ea pasatzen dugun aurrekanporaketa, eta Olentzerok sari eder bat ekartzen digun». 

TOLOSA CF-KO PARTAIDEAK

Ruben Garcia.Tolosa, 1992. Atezaina.

Kepa Eizagirre.Anoeta, 1995. Atezaina.

Iñigo Garmendia.Tolosa, 1996. Atzelaria.

Jon Ander Alonso. Donostia, 1995. Atzelaria.

Pablo Zumeta.Tolosa, 1990. Atzelaria.

Unai Olaizola.Donostia, 1998. Atzelaria.

Unai Etxeberria.Tolosa, 1993. Atzelaria.

Asier Bengoetxea.Donostia, 1995. Atzelaria.

Iñaki Etxeberria.Ibarra, 1995. Erdilaria.

Ander Zubillaga.Berastegi, 1998. Erdilaria.

Mario Zubelzu. Tolosa, 1990. Erdilaria.

Pablo Del Pozo.Donostia, 1998. Erdilaria.

Unai Aierbe.Ibarra, 1997. Erdilaria.

Mikel Lekuona.Ibarra, 1998. Erdilaria.

Julen Vecino.Tolosa, 1996. Erdilaria.

Xabi Olaizola.Donostia, 1995. Erdilaria.

Haritz Arrieta.Tolosa, 1990. Aurrelaria.

Jon Elorza.Donostia, 1997. Aurrelaria.

Ruben Zabaleta.Tolosa, 1992. Aurrelaria.

Asier Lezea. Tolosa, 1997. Aurrelaria.

Markel Agirre.Lizartza, 1999. Atezaina.

Aitor Ituarte.Tolosa, 2000. Erdilaria.

Ibai Urrestarazu.Tolosa, 2000. Erdilaria.

Josu Otermin.Anoeta, 1998. Atzelaria.

Iñigo Azurza. Tolosa, 2001. Aurrelaria.

Ander Avellaneda.Entrenatzailea.

Jon Gomez. Bigarren entrenatzailea.

Jon Bonilla. Prestatzaile fisikoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!