Hitzezko hegalak

Erabiltzailearen aurpegia Jone Alberdi 2019ko irailaren 15a

Isiltasuna nagusitu da egongelan. Ahizpak gaua lagunekin igaro behar zuela esan zuen etxean, baina neska-lagunarenera joan da.

Eta gurasoek, modu batera edo bestera, izan dute honen berri. Hala ere, ahizparekin sesioan hastean, ez diote gezurra aurpegiratu; etxean ez dela ia inoiz egoten leporatu diote, besterik ez.

Eta, azkenean, mutu geratzea erabaki dute bi aldeek. Ahizpa, esan beharko lituzkeen hitzen artean igerian, aurpegia emateko asmorik gabe; eta, gurasoak, esaldi perfektuaren bila. Inkomunikazioa.

Bitxia da egoera. Batez ere, ahotsa delako erabiltzen ikasten dugun lehenengo tresnetako bat. Hitz egiteko, jakina. Eta, jada, nola erabili jakin beharko genukeelako.

Baina, hala ere, hitzik gabe geratzean sentitutako estutasunak, hitzen aurrean eraikitako harresiak eta behin esandakoek irekitako zaurien orbainak, ez dira hain ezezagunak gure egunerokotasunean.

Askotan gertatzen zaigu, eztabaida bukatzean pentsatzen geratu, eta orduan lortzea, esan behar genituen hitzak elkarlotzea, aurkaria jokoz kanpo utzi izango lukeen esaldi borobil hura osatuz. Horrelakoetan gogoratzen gara, behin isildutakoek eragindako gaizki ulertuez, «esan izan banio» hasiera duten esaldiez.

Zer gertatzen da hitzekin, hainbeste buruhauste sortzeko?

Hizkuntzak hegalak ematen dizkigu, gure iritzia eman eta aske izateko. Baina, beste edozein tresnarekin bezala, ikasi beharra dago. Hegan egiten ikasi. Eta, behin ikasi ondoren, habiatik jauzi egiteko ausardia bildu.

Baina, tira, etxekoa isilune soil bat ere izan daiteke, eta arazoa nire gehiegizko gogoeta. Izan liteke, bai. Baina, egia esan, oraintxe espero dudan gauza bakarra etxeko isiltasun hau goiz amaitzea da, nik ere mutil-lagunaren etxera joateko baimena eskatu behar baitut.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!