Komuneko paperaz

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Azaldegi 2019ko irailaren 15a

Ez dakit zuenetan, baina gurean komuneko paperaren eta bere barruko kartoi marroixkarekin oso gauza xelebreak gertatzen zaizkigu.

Gurean, zuenetan bezala, uste dut, etxeko guztiok erabiltzen dugu komuneko papera. Garai batean aza hostoarekin garbitzen zuten hainbatek, baina, egun, gure mendebaldartu honetan, normalena komuneko papera erabiltzea da.

Gurean, hortik kanpo hasten dira kontuak. Komuneko paperaren barruko kartoia inoiz ez da iristen papera eta kartoia birziklatzeko etxean daukagun leku txukunera. Beti geratzen da bonba botatzeko zisternaren gainean, eta egunetan egon liteke hantxe, monumentu ederra bailitzan, idazten ari den ergelak bere tokira eramaten ez badu. Gauza kuriosoa benetan! Zuenetan?

Komuneko papera amaitutakoan berria jartzearena da beste kontu generoa. Amaitutakoan, behar-beharrezkoa izanez gero, hartuko du gure etxeko gehiengoak paper berria, baina, dagokion tokian jarri gabe geratuko da, gehien-gehienetan.

Papera amaitu eta gehiago behar ezean, hantxe geratuko da berria jarri gabe, berez aldatuko delakoan, eta hurrengoa datorrenean berria jarrita aurkituko duelakoan, itxura denez.

Berria hartzekotan, eta, erabili ondoren, gehien-gehienetan bere lekuan jarri gabe, komunaren edozein tokitan utzita geratuko da, eta zaharraren kartoi marroixka, pentsatzen ari zaretena, zisternaren gainean betiko.

Ondorengoa nire kapritxoa izan liteke. Baina, ondoezen baten ondorioz, baten batek komuneko papera aldatzen badu, zergatik jarri behar du zintzilik dagoen papera hormaren kontra begira aurrealdera jarri beharrean, erosoago denean erabiltzeko, gurean, behinik behin?

Komuneko papera etxeko guztiok aldatzearen aldeko plataformak sinatua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!