Eta, zeri buruzkoa da zure tesia?

Erabiltzailearen aurpegia Ane Amundarain 2019ko ira. 14a, 08:58

Beharbada, doktoregai bati egin dakiokeen galderarik zailena izango da.

Kontuaren mamia ikus dezazuen, hor doa nire tesi-proiektuaren izenburua: «lncRNAk: Mieloma Anizkoitzaren tratamendurako itu terapeutiko berriak aptamero-siRNA kimerak erabiliz». Polita, ezta? Baina seguruenik zuei, irakurleoi, biologia molekularrean adituak ez bazarete behintzat, hitz hauek txinera bezain ulergarriak egingo zaizkizue. Hau da, ez didazue ia tutik ere ulertu.

Modu errazago batean azaltzerik bai?

Hor dator hurrengo galdera logiko eta koherentea, esango duzue, baina ni bezalako doktoregai hasiberri batentzat ez da nolanahiko erronka. Nire kasuan, hezur muineko minbizi mota jakin baten garapenerako zenbait mekanismo aztertzen dihardut, gaixotasunaren garapenean duten eragina ikusteko. Nahiko polita geratu zait, ezta? Hala ere, bistan dago ez duela nire proiektuaren jatorrizko izenburuaren antza handirik, eta ez duela izenburuko hitz zientifiko bat bera ere argitzen laguntzen…

En fin… Ez da batere erraza!

Seguruenik, hemendik aterako duzuen ondorioa nik ateratakoaren antzekoa da: tesiaren izenburu ponposo bezain zientifikoak ez du bere zabalkundean eta zientziarekiko interesa pizten gehiegi laguntzen. Eta puntu.

Eta hau da doktoregai hasiberri modura aurkitu dudan erronka handietako bat, dibulgazioarena hain zuen. Nola elkarbanatu dezaket nire ustetan zirraragarria den tesi-proiektua, eta horren atzean dagoen zientzia, zuekin? Nola egin ditzaket urte honetan nire «alaba» bihurtu diren milioika zelulatxodun ontziak eta bakterioz jositako plakak zuentzat erakargarri? Nola azaldu, azken finean, zientzia abentura erraldoi bat izan daitekeela? Ez dira gutxi zientzian ustekabean egin diren aurkikuntzak, serendipia (bat-bateko zortedun aurkikuntza) delakoari esker. Esaterako, Alexander Fleming-ek penizilina aurkitu zuen, bakterioak hazteko petri plaka batzuk eguraldi txarreko egunetan bere idazmahai gainean ahaztuta utzi izanari esker. Eta, horregatik, seguruenik zientzialariok ameslari erromantikoak izango gara, ez baitugu galtzen porrot egin duten ehunka esperimenturen artean hurrengo Fleming egingo gaituen emaitza aurkitzearen esperantza. Finean, hau da zientziaren magia, lerro hauen bidez zuekin elkarbanatu nahi nukeena.

Gauzak horrela, esaera zaharrak dioen bezala, gustuko lekuan aldaparik ez. Beraz, urte honetan saiatu nahiko nuke, ATARIAk eman didan txoko honen bidez, zientzian eta, bereziki, biologia molekularraren alorrean, interesgarriak, bitxiak,… diren gaiak zuei gerturatzen. Zuen interesa piztu eta polemikoak izan daitezkeen gaien inguruan eztabaida zabaltzen bada, ederki (egon ziur hemen jorratu nahi ditudan gai batzuk zalaparta eragiteko modukoak direla, ea morbo pixka batek zuen interesa pizten duen). Bestela, irakurritakoak kuadrillako poteoan hitz egiteko eguneko bitxikeria modura balioko badizue, irakurle maiteok, konformatuko naiz.

Beraz, besterik gabe, ongietorriak izan zaitezte zientziaren txoko honetara. Espero dut zuen interesekoa eta gustukoa izatea. Bestalde, dibulgatzaile neofito modura, pazientzia eskatuko dizuet nirekin, eta laguntza ere bai. Interesatzen, gustatzen, kezkatzen zaituzten gairen bat buruan baduzue, idatzi lasai! Saiatuko naiz zuen zalantzak ahalik eta modu onenean erantzuten.

Ea esperimentua ondo ateratzen den, saia gaitezen. Sapere aude.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!