Erretzeari uzteko terapia bidezko taldeak sortuko dituzte

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko irailaren 12a

Adikzioari aurre egiteko taldeak osatuko dituzte Tolosan; saioak doakoak izango dira. Hamar urtetan, hamabi puntu jaitsi da EAEko erretzaileen kopurua.

Adikzioa sortzen duen zerbait uzteko lehen urratsa ematea, ez da erraza izaten. Are zailagoa da, baina, lehen pauso horri jarraipena ematea. Hain justu, hori da Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteko (AECC) kideen asmoa. Kasu honetan, tabakismoan harrapatuta daudenei irtenbide bat eman nahi diete. Horrela, erretzeari uzteko taldeak antolatu dituzte, Tolosan.

Saioak doakoak izango dira, hau da, ez da erakundeko bazkide izan behar. Elkarteak Tolosan duen egoitzan (Emeterio Arrese kaleko 2. zenbakian) gauzatuko dira terapia saioak, eta tabakismoan aditua den psikologo batek zuzenduko ditu. Banakakoak nahiz taldekakoak izan daitezke; egunak eta orduak, berriz, taldea osatzean erabakiko dira. Saioetan parte hartzeko interesa duenak 943 652 143 zenbakira deituz eska dezake informazioa.

Lehenik, erretzaile bakoitzak aurretiazko elkarrizketa bat egiten du, eta bertan aztertzen dute erretzeari uzteko modu onena eta asteko saio kopurua; izan ere, pertsona bakoitzaren egoera eta behar berezien arabera aldatu egiten da. Saio horietan pazientearen mendekotasun fisiko eta psikologikoari arreta berezia eskaintzen zaio, eta erretzeko ohitura sustatzen duten estimuluen kontrolari aurre egiteko estrategiak lantzen dira.

LAGUNTZA, MUGIKORREAN

Maider Sierra AECC Gipuzkoako psikologo eta prebentzio arloko arduradunaren hitzetan, «arrakasta pertsona bakoitzaren araberakoa den arren, frogatuta dago kanpoko laguntza profesionala jasotzeak asko handitzen dituela erretzeari uzteko aukerak». Iaz, Gipuzkoan terapia egin zuten pazienteen %62k amaitu zuten prozesua arrakastaz.

Bestetik, elkarteak mugikorrerako aplikazioaren bertsio eguneratua aurkeztu berri du oraindik erretzen duten herritarrei tabakoa uzten laguntzeko: RespirApp. AECCren Minbiziaren Behatokiaren arabera, EAEn bizi den herritarren %78 ez erretzailea edo erretzaile ohia bada ere, oraindik %22k erretzen jarraitzen du; 2009an erretzaileen kopurua %34koa zen. Hortaz, datuen arabera, agerikoa da azken urteetan erretzaile kopuruak izandako beheranzko joera.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!