«Aurtengoa trantsizio urte bat izaten ari da; talde oso gaztea dugu»

Imanol Garcia Landa 2019ko ira. 12a, 19:59

Bederatzi jokalarik utzi dute gizonezkoen lehen taldea, eta bere ardura hartu duen Jon Iraolak harrobiaren aldeko apustua egin du. Usabalen «partida politak» ikusiko direla dio.

Tolosa CF Eskubaloia klubeko gizonezkoen talde nagusiak, lehen maila nazionalekoak, irailaren 21ean hasiko du liga, Tolosako Usabal kiroldegian, 18:30ean, Zaragozako El Pilar Maristas taldearen aurka. Aurtengoan aldaketak izango dira, eta horietako bat entrenatzaile postuan dago, Jon Iraolak (Ibarra, 1980) hartu baitu taldearen ardura.

Gogoan duzu lehen taldeko entrenatzaile izateko eskaintza jaso zenuen unea?

Tolosa Eskubaloian urte asko daramatzat, zuzendaritzan eta saltsa guztietan. Ikustean Alex Noguesek azken urtea izango zuela, pentsatzen nuen niri egokituko zitzaidala rol hau hartzea. Ezusteko handia ez zen izan. Bai hartu nuela hausnarketarako tarte bat, horrelako maila duen talde bat hartzea ardura handia delako, eta baita lana eta dedikazioa suposatzen duelako. Behin erabaki hartuta, aurrera egitea tokatzen da.

Zer suposatu du Alex Noguesek, aurreko entrenatzaileak, Tolosa Eskubaloiarentzat?

Alex Noguesi eskerrak eman urte hauetan egin duen lanarengatik, historia Kristo aurretik eta ondoren idazten den bezala, Tolosan eskubaloia Alexen aurretik eta ondoren idatziko baita.

Lehen taldeko jokalari izan zinen, Nogues berarekin bat eginez, eta entrenatzaile izan zara baita klubeko beste taldeetan.

Bera etorri zen lehenengo urtean oraindik jokalari bezala nenbilen. Ez nintzen maila handiko jokalaria, bai urte askotan aritutakoa. Jokalari izateari utzi aurretik hasia nintzen entrenatzen, eta ondoren ere jarraitu nuen. Maila guztietan aritu naiz entrenatzen, aurreko urtean, esaterako, Euskal Ligako jubenil mutilak entrenatu nituen.

Jubenilekin denboraldi berezia izan zen iazkoa, ezta?

Oso talde polita geneukan. Urte hasieran bagenekien aukera handia izango genuela Espainiako Txapelketara sailkatzeko, eta urtean zehar egindako lanaren ondoren, iritsi zitzaigun saria: bigarren egin genuen Euskadin, Alacantera joatea tokatu zitzaigun, eta oso ondo aritu ginen bertan.

Lehen taldearekin nola izan da hasiera?

Berreraikitze bat egitea izan da, kirurgilari lana egin behar izan dut. Aurreko urtean txapelduna izan zen taldea ligan eta gero Malagan igoera fasea jokatu zuen. Aurtengoan trantsizio urte bat izaten ari da, bederatzi jokalarik utzi baitute taldea. Aurreko denboraldian titularra zen jokalarietatik bakarrarekin geratu gara; gainontzekoek, beraien arrazoiengatik, bai urte asko daramatzatelako jokatzen edo eskubaloia ez dutelako lehentasun bezala ikusten, uzteko erabakia hartu dute. Bestalde, Zarautzek Iker Ortiz fitxatu du, zilarrezko mailan jokatzeko. Hori guztia ikusita, hartu dudan erabakia izan da azpitik ditugun jokalariei aukera ematea. Talde oso oso gaztea dugu, eta ilusio handiko proiektua. 24 urte azpitik dituzten jokalari guztiak aurretik nik entrenatu izan ditut, beraz, nik baino hobeto ez ditu inork ezagutzen.

Esan daiteke trantsizio hau egiteko pertsona egokiena zinela.

Ez dakit nik hori esatea egokiena den, baina baietz pentsatzen dut. Kanpotik entrenatzaile berri bat etorri izan balitz, aurreneko lana jokalariak ezagutzea izango zen. Eta hamasei urteko mutiko bati ez dakit konfiantza emango zion. Nik badakit jokalari bakoitza zer emateko gai den. Ondo ezagutzen ditut eta beraiek ere badakite nire joko estiloa nolakoa den.

Hain justu, zein izango da zure joko estiloa? Noguesek zuenaren antzekoa?

Oso ezberdina da. Alexen jokoa kontraerasoa eta azkar igotzea zen, eta estatikoan joko zuzena egitea. Nire jokoa estatikoan elkarrekin asko jokatzekoa da, asko gurutzatzea, eta korrika ez dugu egiten gola sartzeko, korrika egiten dugu defendatzeko. Oinarrian, joko ezberdina da, futbolean Guardiolaren eta Clementeren estiloen arteko ezberdintasuna bezala; Guardiola tika-takada eta Clemente baloiari ostikoa eman eta aurrera. Ni Guardiolaren aldekoa naiz gehiago.

Nola bizitzen ari zarete taldean eta klubean aldaketa hauek guztiak?

Hasieran zalantza pixka batekin; hainbeste jokalari garrantzitsu joan ondoren, ea zer egiteko gai ginen pentsatuz. Eta hasieratik mutilak oso gustura datoz entrenatzera, ehuneko ehun ematen dute entrenamendu guztietan, eta emaitzak ere ikusten ari dira. Lau partida jokatu ditugu denboraldi-aurrean, bi irabaziz, bat berdinduz eta bestea galduz. Baikor gaude, konfiantzarekin, baina jakinda ere oso talde gaztea dugula, eta momentu zailetan eskarmentua faltako zaigula. Beraz, denok pazientzia izan beharko dugu. Orain hazi bat jartzen ari gara, eta nik kimu berdeak ikusten ditut, baina oraindik hazi egin behar dira. Nik uste dut partida politak ikusiko ditugula aurten Usabalen, borrokatuak. Eta pizgarri hori ere izango da: hamasei urteko mutikoekin ariko garela jokatzen 30 urteko jokalarien aurka.

Helbururik zehaztu duzue denboraldi berrirako?

Ni uste dut hankak lurrean izan behar ditugula, eta ezin ditugu helburuak jarri. Maila mantentzeko lasai ibiliko garela uste dut. Gero, noraino iritsi gaitezkeen? Ba partidaz partida joan beharko dugu, aurreko neurketan izan ditugun arazoak konponduz. Pixkanaka joan beharko dugu. 

TOLOSA CF ESKUBALOIA TALDEKO PARTAIDEAK

Jon Iraola.Ibarra, 39 urte. Entrenatzailea.

Estanis Arsuaga. Tolosa, 30 urte.

Asier Zubiria.Tolosa, 24 urte.

Mikel Mindegia.Irun, 24 urte.

Kepa Letamendi. Andoain, 24 urte.

Dani Mendinueta.Tolosa, 23 urte.

Ander Uranga.Tolosa, 23 urte.

Julen Garcia.Ibarra, 22 urte.

Aitor Garcia.Tolosa, 19 urte.

Unai Sanmartin.Tolosa, 19 urte.

Iraitz Zudaire.Tolosa, 19 urte.

Haritz Mayorga. Tolosa, 19 urte.

Iker Elola.Tolosa, 18 urte.

Haitz Gorostidi.Tolosa, 18 urte.

Pablo Segoviano.Zaragoza, 18 urte.

Markel Caballero. Tolosa, 18 urte.

Ibon Alustiza.Tolosa, 18 urte.

Beñat Gibelalde.Tolosa, 17 urte.

Jonan Etxeberria.Tolosa, 17 urte.

Gaizka Sanz.Anoeta, 17 urte.

Xuban Otero.Anoeta, 16 urte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!