«Euskararekin match!» egiteko deia, Tolosa euskalduntzeko asmoz

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko ira. 12a, 10:27

Abian da Aitzol Udal Euskaltegiko matrikulazio kanpaina; irailaren 20ra arte dago izen emateko aukera. Lehen aldiz, autoikaskuntzako aukera ere eskainiko dute C2 mailan.

Aitzol Udal Euskaltegiak, euskaraz hitz egiten ikasteko edo euskara maila hobetzeko aukera eskainiko die herritarrei ekainera bitarte. Ikasturtea irailaren 23an hasiko dira, eta hilaren 20ra arte dago izena emateko aukera. Maila, gaitasun eta maiztasun ezberdineko taldeak izango dira: aurrez aurrekoak, autoikaskuntzakoak, alfabetatzekoak, agiriak lortzen laguntzekoak edo etorkinentzako ikastaro bereziak.

Atzoko matrikulazio kanpainaren aurkezpenean, «Euskaltegia herritarrak euskalduntzeko funtsezko erreminta dela», adierazi zuen Olatz Peon Tolosako alkateak. «Udalari dagokio herritarrei euskara ikasteko erraztasunak ematea, Tolosa gero eta herri euskaldunagoa izan dadin», nabarmendu zuen. «Erabileraren sustapenean jarri behar dugu indarra. Tolosaldeko Euskararen Mahaiak lagunduko digu bide hori egiten, eta elkarlanean lortuko dugu Tolosa eta eskualdea euskararen arnasgunea izatea».

«Euskararekin match!» egitera bultzatu nahi dituzte herritarrak. Hori da aurtengo leloa. Axun Lopetegi Aitzol Udal Euskaltegiko zuzendariaren hitzetan, «euskararekin bat egin, elkartu, eta euskaraz bizi eta biziarazteko aukera eskainiko dugu. Geroz eta gehiago dira euskaraz egiten dakitenak, baina batzuk zaila dute euskaraz bizitzea».

Herritarrak euskarara erakartzea, euskara erabili dezaten sustatzea, eta euskaldun berrientzat nahiz etorri berrientzat euskara integraziorako bide izan dadin baliabideak eskaintzea dira kanpainaren helburuak. «16 urtetik gorako edonork eman dezake izena, izan kanpotarra, erretiroduna, merkataria edo agiri ofiziala lortu nahi duen edonor», gogorarazi zuen Lopetegik. Iaz, emaitza oso onak izan zituzten Euskaltegian. 267 ikaslek eman zuten izena, eta 17 talde osatu zituzten; gainera, 84 ikasle aritu ziren autoikaskuntzan. Guztietatik, batez beste, %80ak lortu zuen zegokion agiria.

Eskaintzari dagokionez, aurreko ikasturtekoa mantenduko da. Gutxienez 8 laguneko taldeak izango dira, arestian aipatutako baldintzen arabera banatuta. Gainera, ikasleen maila egiaztatzeko azterketa ofizialak egiteko aukera ere eskainiko da A1 (Hasierakoa), A2 (Oinarrizkoa), B1 (Independentea), B2 (Aurreratua), C1 (Gaitasunezkoa) eta C2 (Adituarena) mailatan. Azken horretan, gainera, autoikaskuntzarako aukera ere izango da, lehen aldiz. Lopetegik azaldu zuen dagoeneko EGA kendu egin dutela eta HABEk hartu duela bere gain. «Aurrerantzean, C1 titulua izango da, eta azterketa egiteko, bi deialdi egongo dira». Hain justu, HABEk nahiz Tolosako Udalak diru-laguntza ezberdinak emango dizkiete baldintza zehatz batzuk betetzen dituzten Euskaltegiko ikasleei.

Epe luzera begira, Aitzol Euskaltegiko arduradunek, eskualdeko herri txikietan ikastaro taldeak sortzea nahi dute. Gainera, urtean zehar Galtzaundik bultzatzen duen Mintzalaguna egitasmoan eta 2020an bigarren aldiz burutuko den Euskaraldia ariketa soziolinguistikoan parte hartzera animatu nahi dituzte herritar euskaldunak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!