Natura eta artea uztartuz

Irati Urdalleta 2019ko ira. 12a, 08:25

Azken Muga ekimenak natura eta artea lotzen jarraitzen du laugarren urtez. Oraindik ekitaldi sorta zabala dago aurretik, irailaren 22an aurtengo egitaraua itxi arte.

Sei aste igarota, natura eta kultura uztartzen dituen Azken Muga jaialdiaren laugarren edizioa azken txanpan sartu da. Uztailaren 25ean hasi eta irailaren 22ra arte iraungo duen jaialdiak Gipuzkoaren eta Nafarroaren arteko harremana bultzatzea izan du helburu, bien arteko muga hausteko.

Antolatzaileek adierazi dutenez, Euskal Herri osoan ez dago beste jaialdirik hainbeste ekintza kultural aire librean eskaintzen dituenik. Gaineratu dute aurtengoa izan dela ediziorik anitzena. Izan ere, arte diziplina desberdinak leku berean ikusteko aukera egon da: kontzertuak, eskulturak, pinturak, dokumentalak, bertsolariak, antzerkia, dantzak...

Orain arteko ekintzen balorazio positiboa egin dute antolatzaileek. Eguraldia izan dute areriorik okerrena. Horren ondorioz, hasieratik, Zarate gainean egitekoak ziren hainbat ekintza eskualdeko beste leku batzuetara aldatu behar izan dituzte.

Txondorra piztuz hasi zuten Azken Muga, uztailaren 22an. Ohitura zaharrak berreskuratu nahi izan zituzten horrela. Izan ere, Aralarren hori egin ohi zuten. Mikel Lander ikazkin nafarrak izan zuen horren ardura. Gainera, bertsolarien, txistularien eta trikitilarien laguntza ere izan zuen eta performance bat ere egin zuten. Izan ere, hori izan da aurtengo edizioaren beste helburuetako bat: dantza tradizionalak eta garaikideak uztartzea.

Txorimaloak izan ziren egun horretako beste protagonistak. Izan ere, txorimaloen erakusketa bat ikusteko aukera egon zen Zaraterako bidean. Asteburuan berreskuratuko dute protagonismo hori, haurrentzako txorimalo tailerra egingo baitute, Zarate bidean jartzeko.

Beraz, ostiraletik aurrera ere, egongo da zertaz gozatua Zarate gainean. Ostiralean, Crazy Jazzerstaldeak jazz kontzertua eskainiko du 19:00etan. Eguraldi txarra egiten badu, Lizartzara aldatuko dute. Ikustera joan nahi duenak ez du ordaindu beharrik izango.

Larunbaterako, berriz, bertso eguna antolatu dute. 11:00etan hasiko da egitaraua, gazta probaketarekin. 12:30ean, Araitzeko eta Amezketako gazteen arteko herri kirol saioa izango da. 16:30ean iritsiko da eguneko ekintzarik garrantzitsuenetakoa. Sebastian Lizasok, Alaia Martinek, Unai Mendizabalek, Ane Labakak eta Joanes Illarregik bertso saioa eskainiko dute, Zarate gainean. Eguraldi txarra egingo balu, aldiz, Abaltzisketan egingo da.

Hurrengo egunean, haurrei zuzendutakoa izango da ekintza. 11:00etan hasita, txorimaloak egiten ikasiko dute eta Zaraterako bidean jarriko dituzte. Mugaren alde bateko nahiz besteko haurrak gonbidatu nahi izan dituzte parte hartzera. Euria eginez gero, Ugarteko frontoian egingo da ekintza.

Oraindik data zehazteko badago ere, irailaren 20an edo 27an Ekain Martinez de Lizarduyren Erraiakdokumentala emango dute. Irrintziari buruzkoa da eta horiek botatzen ikasteko aukera ere egongo da, Altzoko emakume talde baten eskutik.

Irailaren 21ean, Et Inkarnatus orkestrak kontzertua eskainiko du. Antolatzaileek adierazi dutenez, Migel Zeberioren orkestra klasikoetako bat bihurtu da Azken Mugan. 2016an egin zen bezala, aurten ere Zarateko pagadian egiteko asmoa dute. Azken bi urteetan, Arribeko elizan egin zuten, baina txiki geratu zen hainbeste jenderentzat. Aurten, eguraldi txarra egingo balu Amezketako elizan egingo litzateke. Musikariei dagokienez, berrikuntzak egongo dira kontzertuan. Duela bi urte, esaterako, Izarok, Pettik, Niko Etxartek, Alex Sarduik eta Gorka Sarriegik hartu zuten parte.

Igandean, iritsiko da urte honetako berrikuntza nagusietako bat. Izan ere, antzerkia egingo dute, lehenengo aldiz. Hain zuzen ere, Mutrikuko Abarka taldearen Ortentsia izan nahi dut antzezlanaegongo da ikusgai, 18:00etan. eguraldiak uzten badu,Zarateko pagadian egingo da eta bestela, Azkarateko elizan.

ERAKUSKETA ZABALIK

Baserrian nekazaritzarako erabili izan diren tresnak ezagutzeko aukera ere egongo da Zaratetxean. Asteburu guztietan zabalik egongo da, irailaren 22ra arte. Zehazki, ostiraletan 17:00etatik 19:00etara egongo da irekita, larunbatetan 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara eta igandeetan 11:00etatik 13:00etara. Zarate gainera hurbiltzeko aitzakia ugari daude, beraz. 

EGITARAUA

Irailak 13, ostirala

19:00.Crazy Jazzerstaldearen jazz kontzertua, Zarate gainean. Eguraldi txarra eginez gero, Lizartzan izango da. Sarrera doakoa izango da.

Irailak 14, larunbata

Bertso eguna

11:00.Gazta dastaketa.

12:30. Araizko eta Amezketako gazteen arteko herri kirol saioa.

16:30.Bertso saioa: Sebastian Lizaso, Alaia Martin, Unai Mendizabal, Ane Labaka eta Joanes Illarregi bertsolariekin. Eguraldi txarra eginez gero, Abaltzisketan egingo da.

Irailak 15, igandea

11:00.Zarateko bidean jartzeko txorimaloak egiteko tailerra egingo da. Euria egingo balu, Ugarteko frontoian egingo litzateke. Interesa duten mugaren alde bateko nahiz besteko haurrak gonbidatuta daude.

Irailak 20 edo 27, ostirala

Irrintziari buruzko Ekain Martinez de Lizarduyren Erraiakdokumentalaren emanaldia. Horrez gain, Altzoko emakume batzuek irrintziak botatzen ikasteko ikastaro bat ere eskainiko dute. Data eta ordu zehatza laster egingo dira publiko.

Irailak 21, larunbata

Et Inkarnatus Orkestrak kontzertua eskainiko du, Zarateko pagadian. Eguraldi txarra eginez gero, berriz, Amezketako elizan egingo da. Musikariei dagokienean, hainbat sorpresa egongo direla aurreratu dute.

Irailak 22, igandea

18:00.Mutrikuko Abarka taldeak Ortentsia izan nahi dutantzezlana egingo du, Zarateko pagadian. Eguraldi txarrarekin Azkarateko elizan egingo da.

Irailak 22ra arte

Zaratetxean, garai bateko baserriko eta nekazaritzako tresnen erakusketa bat egongo da jarrita. Asteburuetan irekiko dute. Hain zuzen, ostiraletan 17:00etatik 19:00etara egongo da zabalik, larunbatetan 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara. Igandeetan, berriz, 11:00etatik 13:00etara egongo da ikusgai.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!