Muturreko beroari aurre eginez

Imanol Garcia Landa 2019ko ira. 11a, 19:59
Gela berezi batean ikerketak egin dituzte. Irudian, Josu Gomez bi atleten errendimendua neurtzen.

Aurtengo Munduko Atletismo Txapelketa Dohan egingo da, eta bertan dauden baldintzek zeresana eman dute. Josu Gomez fisiologo tolosarra beroak atletengan duen eragina ikertzen ari da.

Josu Gomez (Tolosa, 1992) kirol fisiologiaren esparruan aritzen da lanean, eta egun mundu mailako proiektuetan murgilduta dago. «Fisiologia gorputzaren funtzionamenduan datza, eta nik egiten dudan lana da gorputzean gertatzen diren prozesu guzti horiek maximizatzea kirolarien errendimendua hobetzeko. Horretaz gain, entrenamenduen egokitzapenak eta berreskurapenaren hobetzea lantzen ditut», azaldu du Gomezek.

Aurten Dohan (Qatar) egingo da Munduko Atletismo Txapelketa eta bertan bero handia egiten duenez, Nazioarteko Atletismo Federazioak proiektu bat jarri zuen abian. «Doha txapelketarako egoitza bezala aukeratu zenean, zalantzak sortu ziren, bertako baldintzak direla eta. Nazioarteko federazioak, horren aurrean, nolabait egoitzaren aukeraketa konpentsatzeko, beroaren inguruan ikertzeko talde bat jarri zuen martxan, aholkuak emateko egoera horietan entrenatu zein lehiatzeko», esan du Gomezek.

Mundu mailako batzorde bat sortu zuen federazioak sei aditurekin, eta horietako bat da tolosarra. Urtean zehar hainbat bilera egin dituzte eta ikerketak antolatzen joan dira ikusteko «muturreko beroa» egiten duenean nola eragiten duen kirolarien gaitasunean eta errendimenduan. Batzordetik hainbat atleta eta entrenatzailerekin hitz egin dute beroari aurre egiteko gomendio teorikoak azalduz. «Beti gelditzen zen teorian, eta oso kasu hipotetikoetan», esan du Gomezek. «Aurrerapauso bat egitea proposatu nion batzordeari, eta ikerketa bat abian jartzeko».

Hori horrela, Madrilen eraman zuen aurrera Gomezek ikerketa hori, Espainiako selekzioko maratoilari eta martxa egiten duten atletekin. Astebetez laborategi batean entrenatu zuten, Dohan topatuko dituzten baldintzak simulatzen zituen gela baten barruan. «Hor ikusi genuen atletek nola erreakzionatzen zuten bero eta hezetasun baldintza horietan», esan du fisiologo tolosarrak. Lehenengo astea osatu eta gero, bi astez ez ziren atletak baldintza berezi horietan izan, eta beste aste bat egin zuten gela horretan entrenatzen, «batez ere ikusteko lehenengo astetik bigarrengora zenbat galtzen zen kirolari horren beroarekiko egokitzea, eta bigarren aste horretan nola berregokitzen zen edo zer-nolako memoria duen gorputzak beroarekiko».

Ikerketa horretako emaitzak aztertzen ari dira eta gero horiek publikatu egingo dituzte aldizkari espezializatu eta kongresuetan. «Datu interesgarri moduan, esan kirolarien tenperatura ia 41 gradura iristen zela. Kontuan izan behar da gaixotzen garenean, eta adibidez tenperatura 38 gradura igotzean, nolako egoera pattalean izaten garen. Kirolariek, aldiz, egoera horietan lehiatzen jarraitu behar dute dominak eskuratzeko», esan du Gomezek. «Beste emaitza interesgarri bat maratoilarietan ikusi genuen. Kirolariek orduko hiru litro izerdi ere galdu dezaketela ikusi genuen, eta kontuan izanik maratoiak bi ordu irauten duela, sei kilo galdu ditzakete. Ondorioz, kirolariek eta bere entrenatzaileek egin dutena da proban zehar hartu beharreko elikagai eta edariak ondo planifikatu, galera hori hainbestekoa ez izateko».

EGOKITZEAREN GARRANTZIA

Atletentzat gela barruan egindako lehen eguna «oso gogorra» izan zela dio Gomezek: «Askok ez zuten entrenamendua bukatu, zorabio txikiak izan ziren... Batzuk planteatu zuten benetan munduko txapelketara joango ote ziren baldintza horiek izanik. Egunek aurrera egin ahala, kirolariak hobeto sentitu ziren, hainbat estrategia aplikatuz».

Gomendio nagusiena egokitzapenarena dela dio Gomezek: «Gorputza egokitu egin behar da muturreko tenperatura eta hezetasun horiei aurre egiteko. Beraz, aurretik egonaldiak egiten ari gara. Espainiako selekzioaren kasuan Almerian daude egonaldia egiten Dohara joan aurretik».

Beste estrategia bat precooling izena duena da. «Beroketa fasea hasten dugunean, gure helburua ez da gorputzaren tenperatura igotzea, gure helburua da gorputzaren metabolismoa aktibatzea. Horren ondorioz bero bat sortzen da. Guk precooling-arekin egiten duguna da, metabolismoa martxan jartzea, baina gorputzaren tenperatura igotzea ekiditea, izotzezko jakekin, izotza duten txapelekin, edari izoztuak edanez, mentola hartuz... Eta gero hori ere aplikatzen da proban bertan».

Dohan ere izan da Gomez atleta batzuekin baldintzak bertatik bertara ikusteko. «Espainiatik doazen atletak, entrenamendu edo prozesu luze baten ondoren, oso prestatuta joango dira», esan du fisiologo tolosarrak. «Oraintxe bertan lehiatzeko baldintza horietan daude, baina aurretik planifikazioa egin delako da hori».

Munduko Txapelketa irailaren 27an hasi eta urriaren 6an bukatuko da. Nazioarteko federaziotik herrialdeetako federazioetara bidaltzen ari dira informazioa, adituen batzordeen gomendioekin azkeneko aste hauek planifikatzeko, atletak txapelketan aurkituko dituzten baldintzetara egokituta joateko.

Federazioetatik jasotzen ari diren erantzuna «oso positiboa» dela dio Gomezek. «Asko bidaiatzea tokatu zait aurten, federazioekin lan egiteko eta gertutasun horretan gomendioak aplikatu ahal izateko. Erantzuna positiboa da, prestatuago doazela ikusten dutelako».

Gomez bera «oso pozik» dago proiektuaren parte delako: «27 urte izanik berezia da horrelako batzorde batean egotea. Horretaz aparte, oso positiboa iruditzen zait entrenatzaileek eta federazioek tenperaturaz hitz egitea entrenatzerakoan edo lehiatzerakoan. Dagoen tenperatura eta hezetasunaren arabera beroketa aldatzea, edo proban zehar elikatzeko modua aldatzera. Datorren urtean Tokioko Olinpiar Jokoak izango dira eta jakintza hori badute, eta horri begira prestakuntza planifikatu dezakete esparru horretan, errendimendu onena lortzeko horrelako muturreko egoeretan».

Kontuan izan behar da tenperatura handiek izaten dituzten arriskuak kirola egiterakoan. «Kirola egiterakoan tenperatura igo egiten da, eta horrek onurak izan ditzake metabolismoan, edo giharren funtzionamenduan. Baina, puntu bat pasatzen denean, organismo barruan dauden proteina ezberdinen funtzionamendua itzaltzen joaten da, defentsa moduan. Gorputzak ez du ehuneko ehunean lan egiten, eta gure errendimendua jaisten joaten da», esan du Gomezek. Gorputza berotzen eta izerditzen hasten denean, eragin zuzena deshidratatzea da. «Lehenengo sintoma egarria izaten da, baina gero bero kolpe bat etorri daiteke, zorabioa izatea edo, baldintzen arabera, bihotzeko batengatik hiltzea».

MARATOIA, GAUEZ

Kiroletan mugak jarri ohi dira, baldintza jakin batzuetara iritsiz gero proba geratzeko. «Atletismorako zehazki ez dago mugarik jarrita», azaldu du Gomezek. «Munduko Osasun Erakundeak kirola egiteko dituen irizpideak erabiliz, Dohako baldintzak eskala gorrian daude, eta hurrengoa beltza da, eta azken honetan kirola eginez gero hiltzeko aukera handia dago. Osasun erakundearen arabera Dohako baldintzetan ezingo litzateke kirola egin, baina lehiatzera bultzatuko da».

Hori horrela, maratoia gauez egingo da Munduko Txapelketan. Izan ere, goizeko bostetan dagoeneko eguzkia atera egiten da Dohan, eta horregatik 23:30ean hasiko da proba. «Aurreko urteetako datuak begiratuta, gure iragarpena da ordu horretan 35 gradu inguru eta ia %80ko hezetasuna izatea. Oso muturreko egoera da hori, nahiz eta gauez izan», esan du Gomezek, eta gaineratu: «Doha kostan dago, haize korronteak izaten dira, eta horrek tenperatura pixka bat atseginagoa egiten du. Baina haizea gelditzen bada, osasun erakundeak esaten duen eskala horretan beltzera pasako litzateke. Eta hor ika-mika sortu daiteke nazioarteko federazioaren eta txapelketaren antolatzaileen artean, hau da, zerbait gertatuz gero norena izan daitekeen ardura». Gomezen ustez proba egin egingo da: «Interes asko daude, kirolariek urte osoa pasatzen dute horretarako prestatzen, egutegiak ez ditu data gehiago... Akaso egun bat atzeratu daiteke». Garbi dagoena da txapelketan zehar beroaren inguruan hitz egingo dela. «Jendea gaiak daukan garrantzia ari zaiola ematen, eta hori niretzat, ikerlari eta fisiologo bezala, positiboa da».

Gomez Dohan bertan izango da Munduko Txapelketan. Izan ere, baldintza simulatuetan egindako ikerketa, txapelketan bertan egiteko aukera izango du: «Lehiaketan bertan zer gertatzen zaion kirolariari ikusi nahi dugu. Horregatik egingo dugu bigarren ikerketa hori. Kirolariari neurtuko zaio barruko tenperatura, pilula baten bitartez. Kamera termiko bat ere jarriko da, eta baita probaren aurretik eta ondoren pisatu egingo ditugu atletak, eta neurtu egingo dugu hartzen dituzten edari eta elikagaiak, ikusteko zenbat izerditzen duten».

Ikerketa horiek jarraipena izango dute. Datorren urtean Tokioko Olinpiar Jokoak izango dira, eta hainbat kirolekin lan egin nahi da horrelako ikerketa aurrera eramateko. Atletismoaz gain, txirrindularitzan eta triatloian egingo da. «Ikusi nahi dugu nola moldatzen garen ikerketa egiteko orain Dohan, gero Tokion ikerketa nagusi bat aurrera eramateko. Tokiok jarri duen leloa da historiako Olinpiar Joko teknologikoenak izatearena, eta tenperaturaren aldagai hau izan daiteke teknologikoki interesgarria entrenatzaileentzat eta kuriosoa ikusleentzat». Gomez Tokiora begirako proiektu horretan ere egongo da.

Ikerketa horietan murgilduta egoteaz gain, Gomezen lan nagusia kirolarien errendimenduan aholkularitza ematea da. Hainbat herrialdetako federazioekin egiten du lan eta baita hainbat kirolarirekin ere. Orain beste pauso bat emango du bere ibilbide profesionalean, Hegoafrikara joango baita: «2024ra bitartean izango da, hau da, hurrengo olinpiar zikloa prestatzeko hango kirolariekin. Hegoafrikako Lurmutur Hirian Goi Errendimenduko Zentroa dago, eta bertan lau kirol lantzen dira: atletismoa, txirrindularitza, igeriketa eta errugbia. Nik goi errendimenduaren prestaketa koordinatuko dut. Pertsonalki niretzat erronka oso interesgarria da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!