Egitarau oparoa, Topic-en urteurren berezia ospatzeko

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko ira. 10a, 12:59

Zentroak hamar urte betetzen ditu. Hori dela eta, 'Titereszena 2019' ekimenerako, nazioarteko artista «onenen» lanak ekarriko dituzte ikasturtean zehar.

Erraz esaten da, baina, atzetik azpiegitura erraldoia duen eta nazioartean geroz eta entzutetsuagoa den proiektu batek hamar urte betetzeak, gauza asko esan nahi du. Batetik,urte gutxiren buruan, lan handia egin dela, eta bestetik, beste hainbeste urtetan (edo gehiagotan) lanean jarraitzeko moduko lantaldea osatu dela.

Hori da, hain zuzen, Tolosako Topic zentroari gertatu zaiona. 2009an ireki zituen lehen aldiz ateak Txotxongiloen Nazioarteko Museoak. Orain arte, ehunka antzezlan eta obra ezberdin ikusi ahal izan dira bertan, eta horrez gain, erakusketa, tailer edota hitzaldiak ere antolatu izan dituzte. Uda igaro ondoren, Titereszenaegitasmoa aurkeztu dute, 2019-2020 ikasturteko egitarauarekin.

ERAKUSKETAK, URTE OSOAN

Egitarauaren muina hileroko antzezlanek osatzen badute ere, erakusketak, tailerrak edota bisita gidatuak ere izango dira Topic-en. Gainera, 2020tik aurrera, online ikastaroak ere eskainiko dituzte, plataforma baten bitartez. Irailetik martxora bitarte, Italiako txotxongilo tradizionalak ikusteko aukera izango da. Hura amaitu ostean, martxora arte, Formosako (Taiwan) txotxongilo tradizionalak ikusi ahalko dira; eta inauterietatik sanjoanak bitarte, Erraldoien bildumazaleaizeneko erakusketa egongo da.

Horiez gain, prebentzio, berrerabilpen eta hondakinen birziklapenaren inguruan haurrak eta nerabeak kontzientziatzeko proiektuak jarriko dituzte martxan. Gabonetarako nahiz Aste Santurako ere jarduera ezberdinak antolatu dituzte.

ERAKUNDEEN BABESA

Iaz, 118.000 bisitari inguru, 200 ikuskizun baino gehiago eta 23 erakusketa izan ziren Topic-en. Aitziber Atorrasagasti Eusko Jaurlaritzako Kultur Sustapeneko ordezkariak, «zentroak arte eszenikoen sektorean izan duen garrantzia» nabarmendu du. Bestetik, Kutxabankeko Ander Aizpuruak eta El Diario Vascoegunkariko David Garciak, «zoriondu» egin dituzte Topic-eko kideak, «Tolosa nazioarteko mapan kokatzeagatik», eta zentroa babesten jarraituko dutela baieztatu dute.

Bere aldetik, Olatz Peon Tolosako alkateak, «Tolosari egindako ekarpena» nabarmendu nahi izan du, «mundu mailan ezagutzera eramateagatik». Gainera, «bertako lantaldearen profesionaltasuna» azpimarratu du: «eskaintza oso zabala eta askotarikoa da».

MIKEL LABOA, ETXERA BUELTAN

Idoya Otegi, Topic zentroko arduradunak askotan esan izan du, Tolosakoa ez dela museo soil bat. «Lanez betetako hamar urte izan dira, nazioarteko erreferente bilakatzera eraman gaituztenak. Eskerrak eman behar dizkiet proiektua aurrera eraman zutenei. Txotxongiloei esker, herriagatik lanean eta borrokan jarraitzen dugu, maitasun osoz; eta aurten, urtemuga berezia ospatzen ari gara».

Emozioz jota zegoen Otegi, aurkezpenean, malkoei eutsi ezinik. Are gehiago hunkitu zen, Carlos Lopez tolosar artistak, behinola sortu zuen Mikel Laboaren txotxongiloa atera zuenean. «Orain, hemen geratuko da, hau baita bere etxea», esan zuen. Otegik, esker hitzak izan zituen berarentzat: «Tolosan geratzen den txotxongilo sortzaile bakarra da, bikaina». 

TITERESZENA 2019

Urriak 19, larunbata

11:30.Bularreko Minbiziaren Nazioarteko Eguna dela eta, Txotxongilolaritza eta Emakumeaizeneko bisita gidatua. Hizkuntza: euskara (gazteleraz, 12:30ean).

Urriak 26, larunbata

10:00 eta 12:00.Biltegia, ikusezinen lekuabisita eta ikuskizuna. Prezioa: 7 euro. Adina: gazteak eta helduak. Izen ematea: 943 650 414 telefonora deituz edo cit@cittolosa.comhelbidera mezua bidaliz (11:00etan eta 13:00etan, gazteleraz).

18:30.Kataluniako Mimaia Teatro elkartearen Pelolocoikuskizuna, gazteleraz. Iraupena: 50 minutu. Adina: 6 urtetik aurrera.

Azaroak 9, larunbata

11:00-13:00.Barazki txotxongilo tailerra. Prezioa: doan. Adina: Familia guztiarentzat. Izen ematea: pedagogia@cittolosa.comhelbidera mezua bidaliz edo 943 650 414 telefono zenbakira deituz.

Azaroak 16, larunbata

18:30.Madrilgo Tropos antzerki taldearen Blanca Nievesikuskizuna, gazteleraz. Iraupena: 50 minutu. Adina: 4 urtetik aurrera.

Azaroak 23, larunbata

18:30.Gazte eta helduentzako bisita gidatu antzeztuak. Hizkuntza: euskara eta gaztelera.

Azaroak 29, ostirala

20:30.Gazte eta helduentzako bisita gidatu antzeztuak, euskaraz eta gazteleraz.

Abenduak 14, larunbata

17:00.Txotxongilo tailerra eta ikuskizuna. Prezioa: 8 euro. Adina: Familia guztiarentzat. Izen ematea: pedagogia@cittolosa.com-en edo 943 650 414 zenbakira deituz.

18:30.Xake Produkzioak taldearen Lurantzezlana, euskaraz. Iraupena: 60 minutu. Adina: 7 urtetik aurrera.

Urtarrilak 25, larunbata

18:30.Murtziako Periferia Teatro elkartearen Nube a nubeobra, hitzik gabea. Iraupena: 50 minutu. Adina: 4 urtetik aurrera.

Otsailak 8, larunbata

18:30.Peruko Hugo e Ines taldearen Body Rhapsodyantzezlana, hitzik gabea. Iraupena: 45 minutu. Adina: 6 urtetik aurrera.

Martxoak 8, igandea

11:30.Emakumearen Nazioarteko Eguna dela eta, Txotxongilolaritza eta Emakumeaizeneko bisita gidatua, euskaraz (12:30ean, gazteleraz).

Martxoak 21, larunbata

17:00.Txotxongiloen Nazioarteko Eguna. Tailerra eta ikuskizuna. Prezioa: 8 euro. Adina: ikusle guztientzat. Izen ematea: pedagogia@cittolosa.com-en edo 943 650 414 telefono zenbakira deituz.

17:00.Txotxongilo tailerra eta ikuskizuna. Prezioa: 8 euro. Adina: Familia guztiarentzat. Izen ematea: pedagogia@cittolosa.com-en edo 943 650 414 zenbakira deituz.

18:30.Giramagic taldearen Hai la pescadora de sueñosantzezlana, hitzik gabea. Iraupena: 55 minutu. Adina: 3 urtetik aurrera.

Apirilak 25, larunbata

18:30.Valentziako L'home Dibuxat taldearen Zapata berriakantzezlana, euskaraz. Iraupena: 30 minutu. Adina: 7 urtetik aurrera.

Maiatzak 9, larunbata

17:00.Txotxongiloen Nazioarteko Eguna. Txotxongilo tailerra eta ikuskizuna. Prezioa: 8 euro. Adina: Familia guztiarentzat. Izen ematea: pedagogia@cittolosa.com-en edo 943 650 414 zenbakira deituz.

18:30.Madrilgo Luna Teatro taldearen eskutik, Blanca Nievesikuskizuna, gazteleraz. Iraupena: 45 minutu. Adina: 7 urtetik aurrera.

Maiatzak 15, ostirala

17:00.Museoen Nazioarteko Eguna eta Gau Zuria: Ate irekiak, zuzeneko musika, bisita gidatuak, tailerrak, argazki erakusketa, Fotopic lehiaketa...

Ekainak 7, larunbata

18:30.Gaztela Mantxako La Chana antzerki taldearen Vulgarcitoobra, gazteleraz. Iraupena: 60 minutu. Adina: 7 urtetik aurrera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!