"Xabier Balerdik Tolosako Udalean lan egin ahal izateko utzi du Osakidetzako kargua"

Tolosaldeko Ataria 2019ko ira. 6a, 16:59

EAJ-ren udal taldeak azaldu duenez, "legez bi postuak ez dira bateragarriak"; "kargu uzteak Osakidetzako EPEaren gaiarekin ez du zerikusirik" eta "Xabier Balerdi ez da goi kargua izan Osakidetzan, funtzionarioa baizik". 

Tolosako EAJren udal taldea "kezkatuta eta minduta" azaldu da azken egunetan komunikabideetan agertu diren albiste eta informazioekin. Xabier Balerdi zinegotziaren jardun profesionala zalantzan jartzeko bidea eman dutela uste dute, "errugabetasun presuntzioa zapuztuz, hau pertsona ororen eskubidea izanik". Osakidetzako Giza Baliabideen zuzendariorde postua uzteari hedabideek emandako trataera "erabat okerra" izan dela uste dute. Horregatik, hainbat puntu argitu nahi izan ditu EAJren udal taldeak:

  • Osakidetzako eta Tolosako Udaleko postuak: "Xabier Balerdik Osakidetzako kargua utzi behar izan du Tolosako Udalean lanean hasi ahal izateko, bi postuak legez ez direlako bateragarriak. Uztailaren 19ko osoko bilkuran onartu ziren alkateak izendatutako zinegotzi delegatuen dedikazio eta ardurak, baita dekretua irailaren 1ean indarrean sartzea ere. Hortaz, Xabier Balerdi irailaren 2an hasi zen udaletxean lanean, beste alderdi batzuetako liberatu gehienak bezalaxe. Ez da aurreko eginbideak utzi behar izan dituen zinegotzi bakarra izan".
  • Goi kargua:  "Xabier Balerdi, orain arte, ez da Osakidetzako 'goi kargua' izan, funtzionarioa baizik".
  • Enplegu Publikorako Eskaintza -EPE-: "Xabier Balerdik aurretik zuen lana utzi izanak ez du zerikusirik Osakidetzako EPEaren gaiarekin. Are gehiago, bere karguan izandako erantzukizunak txukun eta profesionaltasun osoz bete ditu. Xabier Balerdik, beraz, Osakidetzako postua udalean lanean aritzeko utzi du eta esan bezala, ez du zerikusirik EPEaren gaiarekin".

Tolosako EAJren udal taldeak puntu horiek argitu ondoren, argi azaldu nahi izan dute albistea ematerako orduan ez dela informaziorik kontrastatu: "Ondorioz, informazioaren trataera ez da zuzena izan; gertaerak ez dira behar bezala kontatu eta horrek epaiketa mediatikoa ekarri du eta hori agerian utzi nahi dugu, aipatu guztiak pertsonarengan eta bere senideengan sortzen duen sufrimenduari inork ez diolako erreparatu". EAJren ordezkarien ustez, informazioak beti izan behar du zuzena eta gardena gizarte demokratiko batean; "are gehiago komunikabideen kasuan, zuzenean eragiten dutelako iritzi publikoan eta beraz, erantzukizun eta ardura handia dute". Komunikabideei ondorengo eskaria egin diete EAJren udal taldetik: "Zintzotasunez eta profesionaltasunez jokatzeko eta albisteak argitaratu aurretik, informazioa kontrastatzeko".

Azkenik Xabier Balerdiri eskerrak eman dizkie, "herrigintzan aritzeko hartutako konpromisoagatik". EAJko kideen esanetan, "taldean bera bezalako pertsona bat izatea aberasgarria da oso guretzat, eskarmentu eta esperientzia handiko pertsona baita eta ziur gaude ekarpen handia egingo diola, taldeari eta baita herriari ere, eta ziur gaude bere ibilbide profesionalagatik lan bikaina egingo duela udaletxean datozen lau urteetan". 

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!