'Agur Etxebeste' filma ikusgai, Leidorren, iraila amaieran

Ataria 2019ko irailaren 6a

Bihar salduko dira zine ziklo berriko bonuak, 11:00etan. 'Erase una vez en Hollywood' pelikula ere ikusi ahalko da.

Zine ziklo berri bati ekingo dio Tolosako Leidor aretoak, igande honetan, hilak 8. Hain justu, Quentin Tarantinoren Erase una vez en Hollywood filma ikusteko aukera izango da, etzi eta astelehenean, 19:30ean eta 20:30ean, hurrenez hurren.

Hollywoodeko istorioa kontatzen duen filma, estreinaldi garaian da uneotan; baina, Leidorren proiektatuko diren filmetatik, ez da egoera horretan dagoen den bakarra izango. Izan ere, irailaren 28an, larunbata, 29an, igandea, eta 30ean, astelehena, Agur Etxebeste filma ikusteko aukera izango da.

Bihar jarriko dira salgai bonuak, Leidorreko leihatilan, 11:00etatik 13:00era. Hala ere, aurrez aipatutako bi film horien proiekzioak bonutik kanpoko saioak izango dira. Horiek ikusteko, bonua dutenek 4 euro gehiago ordaindu beharko dituzte.

Ziklo berria urriaren 14ra bitarte luzatuko da. Tartean, urriaren 3an, 2019ko On Zientzia lehiaketako dibulgazio bideo onenaren 2019ko saria jaso duen Exoplanetak film laburra eskainiko da. Horrez gain, haur zinema ere izango da Leidorren.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!