Natura, hezkuntza eta kirola uztartzen ditu Tolosako Zumardia elkarteak. Naturan praktika daitezken kirol eta jarduerak denen eskuetan jarri nahi dituzte, naturaren ezagutza, babesa eta defentsaren alde lan eginez. Kirolaz gozatuz, garapen pertsonala indartu eta taldeen arteko zubiak sustatzen dituzte, elkarlana, parekidetasuna eta parte hartzea bezalako giza baloreak aldarrikatuz. Horrez gain, bizitza aktiboaren garrantzia bultzatzen dute. Hori guztia dela eta, azken ikasturteetan egin moduan, 2019-2020 saiorako ere ikastaro ugari antolatu dituzte, eskualdeko haur, gazte nahiz helduei eskainiak.
Batetik, mendiaz, naturaz eta ingurumenaz gozatzeko aukera eskaintzen dute. Urrian hasita, ikasturte osoan zehar, larunbat goizetan izango dira saioak, eta Ibon Artola mendi gidaria eta kirol teknikaria izango da irakaslea. Hilean behin, mendi irteera egingo dute, Aralar, Pagoeta, Aizkorri edota Urbasa ingurura, besteak beste. Elkartetik adierazi dutenez, «erritmo oso lasaietan ibiliko gara. 3 ordu inguruko irteerekin hasi eta, ikasturteak aurrera egin ahala, 5 ordu inguruko ibilbideak egingo ditugu». Hala ere, irteera bakoitza eguraldiaren arabera aukeratuko dute, eta aste horretan bertan zehaztu.
Saio horien helburuak, jarduera fisikoaz eta ingurumenaz gozatzea, segurtasuna, orientazioa eta beste antzeko edukiak ezagutzea, eta mendian ibiltzeko ohitura sustatzea dira. Taldeak osatu ahal izateko, gutxienez 6 lagunekoak eta gehienez 12koak izan beharko dute. Bazkideek 140 euro ordaindu beharko dituzte; gainerakoek, berriz, 155 euro.
Ibon Artolak berak 2019-2020 ikasturteko Trail Eskola ere bideratuko du. Zumardiako Trail Eskola haurrak, gaztetxoak eta helduak mendian korrika ibiltzeko formatzera zuzenduta dago. Tolosa eta inguruko mendietan korrika egiten ikastearekin batera, ingurumenarekiko errespetua eta mendiagatiko maitasuna bultzatzen dituzte. Ikastaroa irailaren 23an hasiko da, eta ekainaren 19ra bitarte luzatuko da, eta klaseak astelehen, astearte eta asteazken arratsaldeetan izango dira. Haurrei eta gaztetxoei dagokienez, 2003 eta 2011 urteen artean jaiotakoek eman ahalko dute izena.
Taldeak osatzeko adinak hartuko dirtuzte lehen erreferentzia bezala, baina irakasleak kide bakoitzaren ezaugarriak eta beharrak balioztatuta, norbanako bakoitzarentzat talde egokiena dena bilatzen saiatuko da. Taldeak gutxienez 5 lagunekoak eta gehienez 10ekoak izango dira. Prezioei dagokienez, 18 urtetik beherakoek, 32 euro ordaindu beharko dituzte hilean (bazkideek, 29 euro), eta helduek, berriz, 36 euro hilean (bazkideek, 33 euro).
Baratzeak ezagutzeko, sei saio
Azkenik, baratze bateko bizimodua ezagutu edota barazkien ereiteari eta zaintzari buruz gehiago jakiteko aukera ere izango da, Eli Trojaola Ingurumen Zientzietan lizentziaduna eta Nekazaritza Ekologikoan esperientziadunari esker. Hainbat adinetan interesa pizten duen jarduera izanik, haurrei nahiz helduei zuzendua egongo da, hau da, 6-10 urte bitarteko haurra, eta hari lagunduko liokeen heldu bati. Hala ere, haurrak interesa izango balu, bera bakarrik joan daiteke, baita bi haur heldu bakarrarekin ere; baina, 8 urtetik beherako haurrak heldu batekin lagunduta joatea eskatzen dute.
Guztira 6 saio izango dira, Iurreamendiko baratze parkean. Irailaren 19tik urriaren 24ra izango dira saioak, ostegunetan, 17:30etik 19:00etara. Inguruko klima dela eta, eguraldi txarra egingo duen egunak aurreikus daitezkeenez, egun horietan aterpean egiteko jarduerak osatuko dituzte. Haur batez eta heldu batez osatutako bikoteak 65 euro ordaindu beharko ditu (bazkideek 59 euro); haurra bakarrik joanez gero, 60 euro ordaindu beharko ditu (bazkideek, 54 euro); eta, azkenik, bi haur eta heldu batez osatutako hirukoteak, 100 euro ordaindu beharko ditu (bazkideek, 90 euro). Hiru ikastaroen inguruko informazio guztia zumardia.eus webgunean aurki daiteke.