Azken agurra eman diote Patxi Epelde artistari

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko ira. 5a, 11:58
Argazkian Patxi Epelde 2016an, Ordizian

Pasa den abuztuaren 28an zendu zen, Ordizian, margolari eta eskultore tolosarra. Tartean, CAF enpresa atarian dagoen 'Amiantorenei' obra egin zuen.

Abuztuaren 28an hil zen Patxi Epelde margolari eta eskultore, 63 urte zituela. Sortzez tolosarra zen, nahiz eta Ordizian bizi zen. Ezaguna zen bere ibilbideagatik, baita hainbat erakusketa eta tailer antolatzeagatik ere; Iñaki anaia ere artista entzutetsua izan zen eskualdean. Margolanak ez ezik, eskultura arloa ere jorratu zuen, eta berak egina da, besteak beste, CAF lantokiaren atarian dagoen Amiantorenei eskultura. Ordizian egin ohi den Gipuzkoako Aurresku Txapelketako garaikurra ere berak egindakoa da. Horrez gain, pintura eta eskultura eskola gidatu zuen Ordiziako Barrena Jauregian 90. hamarkadaz geroztik, Goierriko Artisten Topaketan eta Ehunate proiektu kolektiboan ere parte hartu zuen, eta Goiart sariketako eta Beasaingo Aterpe pintura lehiaketako epaimahaikide ere izan zen.

Abuztuaren 30ean eman zioten azken agurra senide eta lagunek, Ordiziako Barrena Kultur Etxean egindako ekitaldian. Epeldek hainbat erakusketa egin zituen bertan, eta jauregia bere garapenaren lekuko dela ere esan daiteke, 1991n, 2001ean eta 2016an erakutsi baitzituen bere obrak han.

KUTTUNENA, 'AMIANTORENEI'

Beasaingo CAF enpresako langileek ere gogoan izan zuten Epelde. Duela 10 urte, 2009ko apirilean, langileen mobilizazio handi baten ondoren, Amiantorenei izeneko eskultura inauguratu zuten lantokiaren ataritik gertu; hain justu, Epeldek egina. Obraren inguruan, amiantoaren ondorioz hildakoak gogoratu, enpresa eta erakundeen pasibotasuna salatu eta CAFekoak eta beste enpresetako biktimak izan diren langileen errekonozimendua eta kalte-ordaina aldarrikatzen dute urtero.

Epeldek, Amiantorenei eskulturarekin, langileek mineral horren inguruan duten sentipena era artistikoan islatu nahi izan zuen. Horregatik, bere lanari eta bere borrokari merezitako omenaldia eskaini nahi izan zioten duela egun batzuk langileek.

2016an, GOIERRIKO HITZA-n egindako elkarrizketan, amiantoaren biktimei eskainitako lana, berarentzat «oso berezia» zela aitortu zuen: «Eskaera bat izan zen. Lotura handia zuen 'Arbolaren babesarekin', nire eskultura egiteko moduarekin. Banuen, gainera, omenaldi horrentzat burdinazko pieza aproposa. Gainera, toki publikoan jartzeko zen, handik pasatzen den edonork ikusteko. Erabat pozik gelditu nintzen emaitzarekin».

Elkarrizketa berean, honakoa esan zuen bere estiloari buruz galdetuta: «Estiloak ez dit sekula kezkatu. Hori bai, jendeak esan ohi dit nire lanek badutela estilo bat, hau da, nireak direla antzematen dela. Nik nirea egiten dut, eta ondoren nire lana ikusten duenak, atera ditzala bere ondorioak. Bakoitzak ea zer ikusten duen nik egindako horretan. Nire helburua ez da estiloa».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!