Asteburuan Maupas mendira igoko dira Alpino Uzturrekoak

Ataria 2019ko irailaren 4a

Alpino Uzturre mendi taldeak larunbatetik igandera mendi irteera egingo du Pirinioetara. Frantziako Lys bailarara izango da, eta Maupas mendia igoko dute.

Maupas (3.111 metro) Frantzia eta Espainia arteko mugako lerroan dago, eta Perdiguero sektorearen ekialdeko eremuan.

Larunbatean, hilak 7, autobusa 06:00etan aterako da Tolosako San Frantzisko pasealekutik. Ibilbidea 17 kilometrokoa izango da, eta Hospice de Francetik (1.385 metro) Maupas aterpetxera (2.450 metro) joango dira.

Hurrengo egunean, igandean, Maupas aterpetxetik abiatu eta Maupas mendira igo ostean, Lys bailarara (1.130 metro) jaitsiko dira. 20,7 kilometroko bidea izango da.

Eguraldiak laguntzen badu, Maupasetik, besteak beste, Aneto, Maladeta, Perdiguero, Lezat eta Grand Quayrat ikusi ahal izango dituzte.

Aterpetxean pentsio erdia hartuko dute, eta autobusa barne, bazkideek 70 euro ordaindu beharko dute. Bazkide ez direnek aldiz, 75 euro.

Informazio gehiago jasotzeko eta izena emateko, info@alpinouzturre.eushelbide elektronikora idatziz edo 943 65 27 89 telefono zenbakira deituz egin daiteke.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!