Mundua aldatzeko gogoz bueltatuko da jabetze eskola

Tolosaldeko Ataria 2019ko ira. 4a, 11:59

Udazkeneko egitaraua zabaldu du jada, Tolosako jabetze eskolak; ohiko tailerrak mantendu dituzte, baina badira berrikuntzak ere.

Linoleo gaineko xilografia tailerra, zahartzen laguntzeko saioa edota emozioak sormenaren bidez kudeatzen laguntzeko ikastaroak antolatu ditu jabetze eskolak datozen hilabeteetarako. Urria, azaroa eta abenduan zehar izango dira eta azken urteetan bezala, hizlari eta aditu ugari gonbidatu dituzte euren esperientziak partekatzeko. Izan ere, jabetze eskolak emakumeei ezarritako gutxiespen eta diskriminazio egoerei aurre egiten laguntzea du helburu, eta horretarako banakako zein taldekako ikaskuntza eta kontzientziatze prozesuan lagundu nahi da.

Aurten ere jatorri ezberdineko emakumeei zuzendutako Guretzako gunea antolatu dute. Horren barruan sendabelarren tailerra egingo dute Sara Letamendia Galarragarekin. Urriaren 19an izango da, 10:00etatik 18:00etara Ereite elkarteko lokalean. Tailerraren barruan sartzen da bazkaria, eta doakoa da. Emakume afrikar migratzaileak bidegurutzeanprestakuntza tailerra ere egingo dute azaroaren 14an 17:30etik 20:00etara, kultur etxean, doan. Honakoan ere aurrez eman behar da izenamigrazioa@tolosaldea.eushelbidera idatzita edo 646 05 70 80 telefono zenbakira deituta.

Gainontzeko ekitaldietan parte hartzeko kultur etxean eman behar da izena, eta informazio gehiagorako 943 67 03 83 telefono zenbakira deitu daiteke edoberdintasuna@tolosa.eushelbidera idatzi. 

EGITARAUA

Xilografia tailerra

Urriak 1, 8, 22 eta azaroak 5.Liloneo gaineko xilografia tailerra, 17:30etik 20:00etara, kultur etxean Oihana Ugarte Iriarteren eskutik. Tailerra euskaraz izango da eta bost euro ordaindu behar dira. Antzinako teknika hori erabiliz sormena lantzea da helburua.

Ondo zahartu

Urriak 2 eta azaroak 27.Pepa Bojo Ballesterrek eskainiko du 15:00etatik 17:00etara, kultur etxean, gazteleraz. Hamar euro ordaindu behar dira. «Aukera izango dugu hausnartzeko nola zahartu nahi dugun, zeri diogun beldur eta zerk kezkatzen gaituen eta, batez ere, nola egin diezaiokegun aurre horri guztiari, etapa hau bere osotasunean bizi ahal izateko», esan dute arduradunek.

Euskal emakume idazleen irakurketa feminista

Urriak 3 eta 24, eta azaroak 28.Kattalin Miner Perezek eskainiko du 18:00etatik 20:00etara udal liburutegian, euskaraz. Bost euro ordaindu behar dira. Euskal eta zehazki euskarazko emakume idazleen lan garaikideak ikuspegi feminista batetik irakurtzeko tailerra izango da.

Munduko emakumeen literatura

Urriak 9, azaroak 13, abenduak 11, urtarrilak 15, otsailak 5 eta martxoak 4.Mertxe Tranche Iparraguirrek eskainiko du 18:00etatik 20:00etara, udal liburutegian, gazteleraz. Bost euro ordaindu behar dira. «Munduko Emakumeen Literatura etengabeko bidaia bat da herri eta kultura desberdineko emakume idazleen lanetan barrena, eta bada, era berean, emakume horien kezken eta egoeren leihotik begiratzea ere».

Nola aritu jendaurrean

Urriak 10, 24, eta azaroak 7 eta 21.Nerea Redondo Otamendik eskainiko du, 18:00etatik 20:00etara, kultur etxean, elebitan. Bost euro ordaindu behar dira. Ikastaroan jendaurrean gustura hitz egiten ikasiko dute era parte hartzaile eta dibertigarrian.

Batukada feminista

Urriak 15, 29, azaroak 12, 23, abenduak 10, urtarrilak 14, 28, eta otsailak 11.Arantxa Vicedo Rubio eta Ainara Sarasketa Alberdiren eskutik, 18:30etik 20:30era, San Esteban auzoko elkartean, euskaraz. Hamar euro ordaindu behar dira.

Emakumeak musika eszenan

Urriak 16.Olatz Salvadorrek eskainiko du 17:00etatik 20:00etara, kultur etxean, euskaraz, eta doan. Aurrez eman behar da izena. Formakuntzan egungo euskal musika eszenari buruzko analisi kritiko bat egingo dute, genero ikuspegia ardatz hartuta.

Zu zaindu, neure burua zaindu

Urriak 17, 24, eta azaroak 7, 14.Kontxi Lopez Soriak eskainiko du 15:00etatik 17:00etara, kultur etxean, gazteleraz. Bost euro ordaindu behar dira. Zu zaindu, neure burua zaindu: nork bere burua ondo zaintzen eta maitatzen ikasiikastaroan, besteak beste, sufrimendu emozionala gutxitzeko eta emozio positiboak eta umore ona handitzeko hainbat teknika landuko dituzte.

Autodefentsa feminista

Urriak 25 eta 26.Maitena Monroy Romerok eskainiko du. Urriaren 25ean 16:00etatik 20:00etara, eta 26an 10:00etatik 14:00etara, kultur etxean, gazteleraz. Bost euro ordaindu behar dira. Emakumeen eskubideen, etorkizunaren eta gaitasunen inguruan kontzientziatzen lagunduko du adituak.

Emozioak eta sormena

Azaroak 4, 11 eta 25.Leire Markinez Calvok eskainiko du Emozioak sormenaren bidez kudeatzentailerra, 15:00etatik 17:00etara, kultur etxean, euskaraz. Bost euro ordaindu behar dira. Ezagutza eta kontzientzia pertsonalaz ariko da aditua, emakume izatearen autoestimua eta duintasuna aurkitzen laguntzeko.

Gizonak eta feminismoa

Azaroak 14.Jokin Azpiazu Carballok eskainiko du 18:00etatik 20:00etara, kultur etxean, euskaraz eta doan. Hainbat galdera erantzuten saiatuko da tartean gizonek nola erantzuten dieten feminismoaren erronka eta interpelazioei.

Sexu esplotazioa

Azaroak 22.CEAR-Euskadiko Bea de Lucas Larreak eskainiko du Bizitzak mugan: elkarrizketa, hegoaldeko mugan sexu esplotazioa helburu duen indarkeriari eta salerosketari buruzkoasaioa. Sexu esplotazioa helburu duen salerosketa egoera batetik ateratzea lortu duen Saharaz hegoaldeko emakume baten kontakizunean eraiki dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!