Hitzaldiak eta ikastaroak antolatu ditu DYAk irailerako

Irati Urdalleta 2019ko irailaren 3a

Ikasturte berria hastearekin batera, Tolosarako hiru ikastaro dauzka prest DYAk. Lehenengoa, lehen sorospenei buruzko doako hitzaldia izango da, gaur bertan, 19:00etatik 21:00etara.

Bertan itolarriak, zauriak, erredurak, traumatismoak, bularreko minak, isurketak, garuneko tronbosiak, konbultsioak edota konorte galerak nola artatu erakutsiko dute.

Hurrengoa, familia osoari zuzendutako suspertze tailerra izango da, hilaren 7an, 17:00etatik 19:00etara. Haurrek ez dute ordaindu beharko, eta helduentzat, berriz, zortzi euroko kostua izango du. Bakoitzak gehienez hiru umerekin eman dezake izena. Saioan, bihotz-geldialdi bat identifikatzen eta horren aurrean jokatzen ikasiko dute.

Irailerako antolatu duten azken ikastaroa hilaren 9an hasi eta 27an amaituko da. Lehen sorospenen ikastaroa izango da, eta astelehenetik ostiralera egingo dute, 19:00etatik 21:00etara. Kasu honetan, egunerokoan aurkitu daitezkeen arriskuak landuko dituzte eta hauei nola lagundu erakutsiko dute: bihotz-biriken suspertzea, zauria, hausturak, erredurak... Gainera, hala nahi duten ikasleek Sorospen Titulua eskuratzeko aukera edukiko dute, ikasturte amaieran egiten diren probak gaindituz. Matrikulatzeko 110 euro ordaindu beharko da.

Parte hartu edo informazio gehiago eskuratu nahi dutenek 943 464 622 telefono zenbakira deitu dezakete edo www.DYAgipuzkoa.com webgunean sartu. Tolosako Babes Zibileko Egoitzan emango dira ikastaro guztiak, eta toki kopurua mugatua dela jakinarazi dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!