Ibai gaineko dantza bueltan da Tolosan

Itzea Urkizu Arsuaga 2019ko abuztuaren 28a

Riverline Fest jaialdia antolatu dute, Zerkausian, datorren larunbat eta iganderako; Oreka-T Tolosako Slackline talde sortu berria ari da antolakuntzan. 

Iraileko lehen asteburuak ezaguna du, lehendik ere, ibai gainean oreka mantentzen iaioak direnen festa. Waterline jaialdia hiru urtetan antolatu zuten eta, hainbat arrazoi medio, amaitu egin zen jaialdiaren ibilbidea. Bada, asteburu honetakoa flashback moduko bat izango da askorentzat, egitasmoak izen berria hartu badu ere: larunbatetik igandera, Riverline Fest jaialdia izango da Tolosan. 

Antolatzaileek azaldu dutenez, kasualitate batek elkartu zituen, norbera bere kasara aritzen baitzen, slackline egiten. Pixkana, afizioa taldean partekatzeko elkartzen hasi, eta Waterline jaialdia izandakoa berriz antolatzea polita litzatekeela pentsatu zuten. Eta horrela sortu zuten Oreka-T Tolosako Slackline taldea. 

Larunbat goizean hasi, eta igande eguerdira bitarte, orekaren artean aritzeko eta arte horrekin gozatzeko aukera izango da Zerkausi inguruetan. Slackline-ean aritzen diren hainbat parte hartzaile izango dira, abiaduran, altueran nahiz soka motzean norbere espezialitateak erakutsiz, eta herritarren artean interesa eta afizioa sortzea da Oreka-T taldearen asmoa: "Horretarako, musika izango da Zerkausi gaineko terrazan, eta haurrentzako soka motzak ere jarriko ditugu, proba egin eta kirol hau ezagutu dezaten".

Inork slackline-ean hasteko interesa izango balu ere, baliatu lezake asteburuko hitzordua, taldeko kideekin hitz egiteko. Eta, bestea, sare sozialetan ere badute beren txokoa: Oreka-T (Facebook) eta @orekatolosa (Instagram).

Riverline Fest jaialdia, EGITARAUA

Abuztuaren 31, larunbata

09:30. Aurkezpena.

10:00. Irekiera.

10:30. Parkearen erabilera librea, beroketa.

11:30. Erronka: Linea luzeena nork pasatuko du azkarren?

12:00. DJaren emanaldi hasiera Zerkausi gainean.

12:30. 1x1 erronka.

14:00. Eguerdiko atsedenaldia.

16:30. Trickline erronka.

17:30. Parkearen erabilera librea, modalitate guztien erakusleiho.

18:00. DJaren emanaldiaren hasiera, Zerkausi gainean.

19:00. Parkearen itxiera.

21:00. Parte hartzaileen afaria.

 

Irailaren 1a, igandea

10:00. Irekiera.

10:30. Parkearen erabilera librea, beroketa.

11:30. Freestlye modalitatea.

12:30. SpaceLine erronka.

13:30. Parkearen erabilera librea, modalitate guztien erakusleiho.

14:30. Itxiera ekitaldia.

15:00. Parte hartzaileen bazkaria.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!