Bezperazalearen begietan

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2019ko abu. 28a, 14:15

Urtaroari begiratu beharrik izan gabe, aitzakia gutxi behar izaten dut Donostiara bidea hartzeko. Ez da harritzekoa, beraz, Kontxako banderarako prentsa akreditazioen bila joateak halako poz txiki bat sortu izana.

Abuztu amaierako goiz bat da Donostian. Eguerdiko orduetarako bero itogarria iragarri baldin badute ere, azalak dio tenperatura bikaina dagoela momentuan. Kaleei orbaindu zaizkie, honezkero, Aste Nagusiaren jendetza itogarriak, eta Bulebarretik Narrika aldera begiratuta, ikus daiteke alde zaharra esnatzen. Turista goiztiarren bat edo beste, tabernetako hornitzaileen ibilgailuak eta garbigarri usaina dendaren batetik. Fotograma horiek jasoz eta 100 metro eleberria gogora ekarriz heldu naiz Konstituzio plazaraino, ezinbestean.

Ados, beharbada hitz gehiegi dira, finean iragartzeko, TOLOSALDEKO ATARIAk Kontxako estropadaren jarraipena egingo duela aurten ere. Baina, egia da: gaur hitzordu garrantzitsu guztien bezperek izaten duten usaina dario Donostiari. Bai, behintzat, bezperazaleen begietan.

Eta zenbat begi diren horiek. Matematikak eta giharrak kalkulu zorrotzez uztartu dituen entrenatzailearen begiak. Alaba edo semea ontzi barruan ikustearen urduritasunez, estropada amaitu bitarte itxita izango diren begiak. Hankeko tostatik hurrengo ontziekiko aldeak kalkulatzen saiatuko den arraunlariarenak. Eta, noski, zale-kolore-sentimendu konbinaketak arrapalara bertaratuko dituen begi guztiak. “Ondarroatik bost autobus etortzekoak omen dira”, hala esan du Donostia Festak saileko langileak. Eta pentsatu dut ederrenak direla ilusioaren begiak.

Begitarte horrekin da Tolosaldeko trainerua ere, iazkoa errepikatu eta hobetzeko kemenaz, eta eskualdera dei urdina zabaldu dute gaur, biharkoagatik. Urte osoan ez da sailkatze estropada baino aitzakia askoz sendoagorik izango, Donostiako Aquarium atarirainokoa egiteko eta, bezperazalea bezperazale den neurri berean zale ere badenez, nik honezkero zabalik ditut bihotz-begiak. Zorte on denei!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!