Hainbat ikastaro antolatu ditu DYAk irailerako

Irati Urdalleta 2019ko abu. 27a, 12:47

Ikastaroetan parte hartzeko, 943 464 622 telefonora deitu beharko da.

Ikasturte berria hastearekin batera, Tolosarako hiru ikastaro dauzka prest DYAk. Lehenengoa, lehen sorospenei buruzko doako hitzaldi bat izango da. Irailaren 3an emango dute, 19:00etatik 21:00etara. Bertan itolarriak, zauriak, erredurak, traumatismoak, bularreko minak, isurketak, garuneko tronbosiak, konbultsioak, konorte galerak... nola artatu erakutsiko dute.

Hurrengo ekintza, irailaren 7an 17:00etatik 19:00etara izango da. Suspertze tailerra familian egingo dute eta haurrek ez dute ordaindu beharrik edukiko. Helduentzat, berriz zortzi euroko kostua izango du eta bakoitzak gehienez hiru umerekin eman dezake izena. Bihotz-geldialdi bat identifikatzen eta horren aurrean jokatzen ikasiko dute.

Iraileko azken ekintza 9an hasi eta 27an amaituko da. Lehen sorospenen ikastaroa izango da eta astelehenetik ostiralera egingo dute, 19:00etatik 21:00etara. Kasu honetan, egunerokoan aurkitu daitezkeen arriskuak landuko dituzte eta hauei nola lagundu erakutsiko dute: bihotz-biriken suspertzea, zauria, hausturak, erredurak...Gainera, hala nahi duten ikasleek Sorospen Titulua eskuratzeko aukera edukiko dute, kurtso amaieran egiten diren probak gaindituz. Matrikulatzeko 110 euro ordaindu beharko da.

Parte hartu nahi dutenek edo informazio gehiago eskuratu nahi dutenek 943 464 622 telefonora deitu dezakete edo www.DYAgipuzkoa.com webgunean sartu. Lekuak mugatuk dira Tolosako Babes Zibileko Egoitzan emango dira ikastaro guztiak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!