"Gozamena izan da, amets baten moduko zerbait"

Itzea Urkizu Arsuaga 2019ko abu. 17a, 08:00

Hondartza egunak gozatzeko bidetik harago doa, askorentzat, Tolosaren eta Orioren arteko lotura. Horietako bat da Ohiane Iraola arraunlaria (Tolosa, 1992): bederatzi urte daramatza Orioko traineruan, eta, jada esan dezake, matematikoki bakarrik izanagatik, 2019ko Euskotren ligako irabazleak direla.

Lehorreko lanak aspaldi hasi bazituzten ere, denboraldia konturatzerako pasatu zaiela dio, eta gaur-biharretan hitzordu berezia dute, ligari erremate perfektua emateko: Zarauzko bandera. Hala esan ohi dute oriotarrek: “Zarautz irabazten duenak, Kontxa irabazten du”.

Oraindik ez duzue bukatu, baina irabazi duzue, zorionak! Zer moduz joan da denboraldia?

Egia esan, espero baino hobeto. Asteroko martxan sartzen zara, asteburuetako estropadak prestatzen eta, azkenean, konturatzerako ia denboraldi osoa pasatzen da. Gozamena izan da, amets baten moduko zerbait.

 Aurten zuen urtea izango zela pentsatuz hasi al zineten ekainean?

 Egia da, beharbada, aurten bagenuela grina bereziago bat, baina, beste urteetan ere gogotsu ekin izan diogu lanari. Iazko gure erronka San Juani estropadaren bat edo beste irabaztea zen; aurten, ilusioa bertsua izan da, baina emaitzak bestelakoak izan dira. Gozamen desberdinak izan dira, baina grina bera.

 Aurretiko prestakuntza ere berbera izan da?

 Uste dut aurten beste puntutxo bat hartu dugula. Iruditzen zait, urtetik urtera, gero eta prestakuntza hobea dugula, eta soka gehiago estutzen dugula denboraldiz denboraldi.

 Zenbat urte daramatzazu Orion?

 Aurten bederatzigarren denboraldia izango da.

 Eta, nolatan iristen da neska tolosar bat Orioko trainerura?

Istorio luze samarra da egia esan. Nik arrauna erdi utzita nuen hemen, TAKen, eta beharra zegoenean bakarrik itzultzen nintzen; baina ez nengoen behar bezala prestatuta. Eta, hain justu, laguntzen aritu nintzen denboraldi batean, Oriotik deitu zuten, maila zehatz batean neska bat behar zutela esanez. Garai hartan, jubenilak eta seniorrak maila berean ari zitezkeen Gipuzkoako txapelketan, baina Euskadikoan ez, eta Orion jubenilen ontzia atera nahi zuten. TAKek ezin zuen talde barruan buru-belarri ari zen bat Oriora bidali eta, beraz, niri egin zidaten proposamena. Orion aritu nintzen txapelketak-eta prestatzen, eta jende berria ezagutu nuen. Beste urte eta erdian arrauna utzita egon nintzen eta, egun batean, dei bat jaso nuen, taldean jendea behar zutela esanez, eta han arraunean hasi nahi ote nuen galdezka. Baietz esan nien, eta hantxe nabil orduz geroztik.

 Talde berean urtetako ibilbidea izateak bestelako balioa ematen dio aurtengo bandera sortari?

 Bai. Nik beti esan izan dut, nik bizi izan dudana eta gero, banderak Oriorekin irabaztea edo beste talde batekin irabaztea ez litzatekeela gauza bera izango, inondik inora. Ni hara joan nintzenean, uste dut traineruak urte eta zertxobaiteko ibilbidea zuela, nahiko berria zen; traineru horren ia ibilbide guztian parte hartu dudala sentitzen dut. Nolabait, zure esfortzua hor dago, eta pasatutako momentu ez hain onek asko merezi dute aurtengoagatik.

 Herria ondo erantzuten ari da.

 Bai, bai, herria ikaragarria da. Gaizki ohitzen ari garela ere uste dut, izan ere, hain herri txikia izanda, igandero udaletxeko balkoira irten eta hainbeste jende ikustea izugarria da.

 Euskotren ligari begira jarriz, nola ikusi duzue lehia, eta nola lehiakideak?

 Egia esan, asko ere ez diogu erreparatu ligari. Xanti entrenatzaileak azpimarratzen digu, guk gure arreta osoa gure lanean jarri behar dugula, eta egunetik egunera gure bertsio hobe bat sortu behar dugula. Esperientziagatik, beste urteetan egoera horretan egon izan naizelako, badakit atzeko postu horietan egotea ez dela batere erraza. Baina talde bakoitzak bere egoera bizi du, eta arraunean zikloak izaten dira: batzuetan une txarrak pasatu behar izaten dira, gero, ahal bada, momentu onak pasatu ahal izateko.

Iruditzen zait ligako talde guztiek sekulako lana egin dutela, urte gutxian asko igo baita emakumeon arraunaren maila; eta hori talde guztien lanaren isla da.

Arrauna zikloak direla diozu. Entzun behar izan al duzue, aurten, San Juango talde hura desegin izana zuen mesederako izan dela? Horren aurrean zuen burua defendatu behar izan duzue?

Bai, behin baino gehiagotan; taldekide bat asko mintzen da hori entzundakoan. Ni ez nau molestatzen, baina, azken finean, baieztapen horrek itzalean uzten du gure lana. Badirudi, urte hauetan guztietan pausoz pauso egin dugun lan hori guztia ez dela hainbesterainokoa. Eta nik behin baino gehiagotan esan izan dut: gaur egun San Juango talde hura gure parean egongo balitz, ez dakigu zer gertatuko litzatekeen. Talde hura oso talde indartsua zen, pentsa zenbat gauza lortu zituzten! Baina, iruditzen zait, gu talde desberdin bat garela eta, nolabait, ezinezko konparaketa bat dela. Talde hura talde hura zen, orain beste garai bat bizitzen ari dira, eta kito.

Euskolabel ligan, adibidez, nabarmena izan da Bermeo-Urdaibairen beherakada. Goian dabiltzan traineruek antzekoak entzun behar izan dituztela uste duzu?

Ez. Uste dut, gaur egun, emakumeen eta gizonen arrauna tratatzeko modua ez dela bera. Aldi berean, izan liteke lehia batek eta besteak ibilbide desberdinak dituztelako; alegia, emakumeon arraunak historia laburra du oraindik, gizonezkoenekin alderatuta. Orduan, beti atzeko erreferentziak dira helduleku.

Jarraitzen ari al zara ETE liga eta, zehazki, Tolosaldeko trainerua?

Emaitzak beti jarraitzen ditut, baina, egia esan, estropada asko ezin izan ditut ikusi; ostegunean, esaterako, aukera izan nuen horretarako. Iruditzen zait Tolosaldeak oso talde gaztea duela, baina, talde horrek izan dezakeen bilakaera ikaragarria dela; ea urtetako lan horri eusten dioten. Horrela jarraitzen baldin badute, uste dut ez dutela arazorik izango ETE ligan beste pauso bat emateko eta, nork daki, Euskotrenera igotzeko. Oso polita izango litzateke.

Asteburuan Zarauzko estropada, oso bandera garrantzitsua. Liga banderarekin errematatu nahiko duzue, ezta?

Bai. Liga biribiltzeko modu oso polita eta berezia da eta, gainera, Zarauzko estropadak oso esanahi berezia dauka Orion. Kontxaren ondorengo bandera garrantzitsuena da, nolabait. Gu horren bila aterako gara, eta ahal bada bi estropada zoragarri egiten saiatuko gara.

Bandera bi jardunalditara jokatzeak urduritasun gehiago sortzen du talde barruan, ala bi estropada indibidual bezala ikusten dituzue?

Normalean, saiatzen gara estropada bakoitza bakarra izango balitz bezala jokatzen. Egia da, igandean beti daukazula buruan larunbateko emaitza, baina biak banatzen, eta bietan ahalik eta lan txukunena egiten saiatzen gara.

Behin liga bukatuta, hortxe dago Kontxa, zain. Nola zaudete Donostiako banderari begira?

Oker handirik gertatzen ez bada, sailkatzea espero dugu. Egia esan, orain arte ez gara Kontxarekin pentsatzen jarri; hain gaude estropada bakoitzarekin kontzentratuta, ezen ez baitugu asimilatu Kontxa gainean dugula. Badakit bi ontzi galiziar nahiko indartsu dabiltzala, Mecos eta Ribeira, beraz, sailkatze estropadan ikusi beharko dugu bakoitza non dagoen.

Galiziarrak ikusten dituzu lehiakide zuzenenak?

Akaso ez da esango dudana beteko, baina, iruditzen zait, Donostia Arraun baino pixka bat atzerago ibiliko direla. Gero, beharbada, etorriko dira, eta irabazi egingo digute, eta jota geratuko gara. Azken finean, egun horretan egin behar da lana, eta egunean bertan ikusiko dugu.

Bederatzi denboraldi Orion: hamargarrena osatzeko asmorik bai?

Nik uste dut jarraituko dudala. Denboraldia bukatzen denean, hilabete pasatxoko atsedenaldia izaten dugu, eta, tarte horretan arraunaren falta sumatzen dudala ikusten baldin badut, jarraitzea erabakitzen dut; bestela, ez. Orain arte, beti gauza bera gertatu izan zait: bukatu eta hiru egunera, ez dakit zer egin ere. Beraz, ziurrenik jarraituko dut.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!