Tolosaldeak bere postua sendotu dezake, gaur, ETE ligako podiumean

Itzea Urkizu Arsuaga 2019ko abuztuaren 15a

Castro Urdialesen (Espainia) jokatuko dute ligako azken txanparen hasiera; KAE ligetako ontziek ETEkoen luzera berbera osatu beharko dute gaur.

Hitzordu berezia izango da, gaur, Castro Urdialesen (Espainia) jokatuko duten estropada: ETE liga azken txanpan sartzera doa, eta TAKeko traineruak aukera bat gehiago izango du, ligako hirugarren postuan sendotzeko; bost puntuko altxorra dute, orain, Deustorekiko.

Kantabriako uretan jokatuko duten hitzorduaren ondoren, beste bi estropada baino ez zaizkie geratuko –Bilbon eta Errenterian– ETEko traineruei, liga amaitzeko eta, ondorioz, Kontxako sailkatze estropadari begira jartzeko. ETB 1ek zuzenean eskainiko du ontzien lehia, 11:30etik aurrera, telebistan zein internet bidez.

KAE ligetako ontziak ere Castron

Hitzorduaren berezitasuna ez du denboraldi amaierak bakarrik ekarriko, izan ere, KAE 1 eta 2. mailetako gizonezkoen traineruek ere Castron bertan jokatuko dituzte estropadak, sei kalerekin eta bi luzetara. Ohi ez bezala, emakumezko traineru ligei ezarritako distantzian aritu beharko dute, gainera: normalean osatu behar izaten duten distantziaren erdia. 

Ezinbestean, estropada desberdin bat ikusteko aukera izango dute zaleek eta, beharbada, ohi baino deserosoago aritzeko eguna, arraunlariek.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!