Harmailak eta zelai ingurua jendez beteta. Horrela hartu du Berazubik Euskal Herria Txapelketaren finala. Reala eta Eibar izan dira aurrez aurre eta azken horiek lortu dute garaikurra eta txapela etxera eramatea.
Remiro, Zaldua, Llorente R., Zubeldia, Rodrigues, Zurutuza, Zubimendi, R. Lopez, Odegaard, Isak eta Willian Jose zelairatu ditu hamaikakoan Imanol Alguacil Realeko entrenatzaileak. Jose Luis Mendilibarrek, berriz, Yoel, R. Bigas, Escalante, Sergio, Sergi Enrich, Tejero, Oliveira, Orellana, De Blasis, Kike G. eta Cubero zelairatu ditu.
Eibarko taldea lehen minutuetan nagusi izan bada ere, Realeko Isakek sartu du lehen gola, 15. minutuan. Eibarrek, ordea, ez du lo hartu eta Oliveirak lortu du banakoa, zazpi minutu beranduago. Garaipenaren gola, berriz, De Blasisek sartu du, 74. minutuan.
Hitzordua Periko Alonso omentzeko ere baliatu dute. Ohorezko sakea egiteaz gain, bera izan da txapela eta garaikurra ematearen arduraduna ere.
Prentsaurrekoan jokatutako partidarekin gustura agertu da Iñaki Bea Eibarreko bigarren entrenatzailea. Imanol Alguacilek, berriz, zelaiaren egoera txarra izan dela esan du, baina gustura agertu da jokalariek egindako lanarekin.