Julen Castañedak ez du gehiago Racingen jokatuko

Ataria 2019ko abuztuaren 5a

Futbolari tolosarra eta kluba akordio batera iritsi dira, 2020ko ekainera bitarte sinatua zuten kontratua desegiteko; Castañedak Cultural Leonesa taldean jokatuko du datorren denboraldian.

Azken denboraldian minutu gehien jokatu zituen taldekidea izan zen Julen Castañeda (Tolosa, 1990), Santanderko (Espainia) Racingen, baina klubak udazkenera begira hartu dituen erabakiak medio, tolosarra eta taldea akordio batera iritsi, eta desegin egin dute 2020ra bitarte sinatua zuten hitzarmena. 2019-2020 denboraldian Leongo (Espainia) Cultural Leonesa taldean ariko da Castañeda, Espainiako 2. B mailan.

Racing 2. mailara igo zen uda aurretik eta Castañeda jokalari garrantzitsua izan zen igoera fase horretan: guztira, 42 norgehiagoka ofizial jokatu ditu, 3.072 minutu jokatuz. Klubak, ordea, bere postuan aritzen diren bi futbolariren fitxaketa iragarri ditu berriki. Gainera, Cultural Leonesak ezker hegaleko jokalari bat behar zuen, eta lehenetsitako izenen artean zen Julen Castañedarena; gaur bertan egin dute ofizial fitxaketa berria.

Horrela, 2016ko udan hasitako ibilbidea itxi du tolosarrak Racingen, Jose Manuel Aira entrenatzailearen esanetan ariko da aurrerantzean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!