Binakako Karlsruhe tenis txapelketa irabazi du Lara Arruabarrenak

Tolosaldeko Ataria 2019ko abuztuaren 4a

Renata Voracova tenislari txekiarrarekin batera, aurreikuspenak bete dituzte, Xinyun Han y Yue Yuan bikote txinatarrari 6(2)-7(7), 6-4 eta 10-4 irabazita. 

Denboraldi honetan, tolosarrak modalitate horretan eskuratu duen lehen garaipena izan da Karlsruhekoa; bere palmaresean, zortzigarrena. Arruabarrenak eta Voracovak ordubete eta berrogeita hamalau minutu behar izan dituzte, aurkariei irabazteko. Zortzi falta bikoitz egin, eta sakez eginiko tantoen %59 eskuratu dituzte; aurkariek, berriz, sakez eskuratutako tantoen %49 egin dituzte, eta falta dobleak 3 izan dira haien alde. 

Alemanian lur zanpatuan jokatutako txapelketan, guztira zortzi bikotek parte hartu dute, eta Arruabarrenak eta Voracovak lan egin behar izan dute finalaren aurretik ere: final laurdenetan Eva Wacanno eta Tereza Mrdezari gailendu zitzaion bikote txapelduna, eta finalerdietan Jaqueline Cristian eta Elena-Gabrielak osatutako bikoteari irabazi zioten. 

Aipatzekoa da, Lara Arruabarrena WTAko 69. postuan dela gaur egun; Renata Voracova, berriz, 67.ean. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!