Eskualderaino heldu dira Euskadiko traineru txapeketako banderak

Ataria 2019ko uztailaren 31

Oriok eta Hondarribiak erdietsi dituzte, gaur, Hondarribiko uretan, Euskadiko traineru txapelketako garaipenak; Ohiane Iraola, Endika Lopez eta Jon Lizarralde arraunlari tolosarrak talde horietan ari dira.

Uztailaren 31n ohikoa den moduan, Euskadiko Traineru txapelketa eguneko kirol hitzorduetako bat izan da, eta hori eta berdez jantzi da 2019a, palmaresean. Horrela, txapelketako bandera eskualde aldera ere astindu da: Ohiane Iraola tostetan aritu da Orion, eta Endika Lopez eta Jon Lizarralde Hondarribiako arraunlariak dira.

Oriok historian lehen aldiz lortu du bandera, emakumeen lehian, Arraun Lagunak bigarren sailkatuari lau segundo aterata. Hondarribiko Ama Guadalupekoa traineruak, berriz, akatsik gabeko estropada osatu, eta etxean irabaztearen zapore gozoa dastatu du, Zierbenarekiko lau segundoko abantailarekin.

Ligak, lan erditan

Arrraun denboraldiak lan erditan edo lan erdiak eginda dira honezkero, uztaila amaituta. Irailera bitarte, dena den, lanean jarraitu beharko dute ontziek.

Liga gorenei dagokienez, arraun taldeek atsedena izango dute asteburuan, eta datorren abuztuaren 10ean jarraituko du EuskoTren eta Eusko Label ligetako lehiak, Ondarroako estropadan. ETE ligan, berriz, larunbatean izango dute hurrengo hitzordua, Pasaian, eta Tolosaldea traineruak lan saio ona errepikatzeko aukera izango du. KE ligako lehen taldean, asteburuan Camargon eta Getarian izango dituzte hitzorduak, eta KE 2 ligako jardunaldiak Pasaian eta Hondarribian izango dira, larunbatean eta igandean, hurrenez hurren.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!