Bihar jokatuko du Tolosa CF-eko gizonen taldeak denboraldi-aurreko lehen partida

Irati Urdalleta 2019ko uztailaren 30a

Beasain taldearen aurka arituko dira bertako Loinaz futbol zelaian, 11:00etan hasita. Beste bost partida jokatuko dituzte denboraldia hasi aurretik.

Hilaren 22an entrenamenduekin hasi ostean, heldu zaie norgehiagoketen garaia Tolosa CF-eko lehen taldeko gizonezkoei. Ander Avellaneda entrenatzailearen aginduetara, bihar jokatuko dute denboraldi-aurreko lehen partida, Beasainen aurka.

Denboraldi honetan, Hirugarren Mailan arituko dira eta maila hori mantentzea izango dute helburu nagusia. Duela bi urte mailaz jaitsi behar izan zuten, baina ilusioz itzuli dira.

Taldean hainbat aldaketa egin dituzte. Alde batetik, Xabier Martinezek eta Segurolak futbola utziko dute; Haritz Estivariz Realera itzuliko da; Ibai Quintanilla Eibarrek fitxatu du; eta Xabier Zubeldiak denboraldi batean ez du futbolean jokatuko, ikasketak direla eta. Beste aldetik, jokalari berriak ere izango dituzte: Añorgatik datozen Asier eta Unai Olaizola, Lagun Onak B taldeko Josu Aizpurua, Hernaniko Jon Elorza eta Oiartzun taldeko Pablo del Pozo. Harrobitik ere igoko dira jokalariak, senior mailako Aitor Ituarte, Txomin Leturia eta Ibai Urrestarazu eta Iñigo Azurza eta Jeremy Vallejo jubenilak.

Beste bost gehiago

Biharkoaz gain, beste bost partida ere jokatuko dituzte denboraldia hasi aurretik. Abuztuaren 3an, Lagun Onaken aurka arituko dira Azpeitian; abuztuaren 7an Eibar B taldearen aurkako partida jokatuko dute, abuztuaren 9an Lekunberrin Beti Kozkorren aurka arituko dira; abuztuaren 14an, Elgoibarren jokatuko dute bertako taldearen aurka; eta abuztuaren 17an, Berazubira itzuliko dira Pasaiaren aurka indarrak neurtzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!