Momentu baxu samarrean zen Tolosaldeko trainerua, azken jardunaldietan, baina gaur irauli dituzte, estropaden marrazkia eta beren animoa: denboraldiko lehen bandera eskuratu dute ETE ligan, Colindresen (Kantabria, Espainia). Ontziek erlojuaren aurka egin behar izan dituzte lanak eta, beste zenbait hitzordutan erakutsi bezala, TAKeko trainerua gora etorri da, kronoa aurkari zuela. Horrela, Hibaikari 56 ehuneneko eta Kaikuri bi segundo aterata, garaipena erdietsi dute.
Zalantzarik gabe, konfiantza dosi bikaina izango da gaurkoa, eta hala nabarmendu du Malen Oiartzabal arraulariak: "Hasieratik oso kontzientziatuta irten gara uretara. Oso argi genuen zein lan egin behar genuen, bolada txar batetik gentozelako eta buelta eman nahi geniolako. Lekeitioko estropadan sentsazio hobeak izan genituen, eta gaur errekan jokatzen genuen; nolabait, etxean aritzearen pareko zen guretzat, Zerkausian horretara ohitu garelako. (...) Uste dut bultzadatxo hau behar genuela denboraldiari berriro gogoz ekiteko, bukaera ona emateko eta gugan sinesteko".
Beste talde batzuek ez bezala, erlojuaren aurka kontzentrazio hobea lortzen dutela ere azaldu du Oiartzabalek, eta horrek balio izan die, Colindresen, estropada txikitik handira diseinatzeko: "Hasieran prezipitatuegi irten gara akaso, baina segituan hartu dugu gure arraunketa, eta burua oso hots mantendu dugu. Lehorretik iristen zitzaizkigun erreferentziak onak ziren, eta horrek haziarazi egin du taldea: gutxitik askora egin dugu, eta amaieran arraunketa indartsuz aritu gara, palada maiztasun handi samarra hartzea lortuz".
Denboraldiko lehen bandera eskuratuta, TAKeko arraunlariek "sinetsi ezinik eta oso pozik" azaldu dute beren burua, baina datozen hitzorduak ahaztu gabe: "Oso pozik gaude, lanean jarraitzeko gogoz, eta bihar, goizean goiz, berriro uretaratzeko prest".
Sailkapenean laugarren harraitzen du Tolosaldeak, eta puntu bakarrera du hirugarren sailkatua, Deusto. Datorren abuztuarne 3an izango dute gora egiteko aukera, Pasai Donibanen, 11:00etan.
Colindreseko IV. bandera, sailkapena
1º | TOLOSALDEA | 10:31,16 | 11 |
---|---|---|---|
2º | HIBAIKA JAMONES ANCIN | 10:31,72 | 10 |
3º | KAIKU | 10:33,06 | 9 |
4º | DEUSTO-TECUNI-BILBAO | 10:35,31 | 8 |
5º | ISUNTZA-ELECNOR-CIKAUTXO | 10:35,70 | 7 |
6º | ZUMAIA-SALEGI JATETXEA | 10:37,52 | 6 |
7º | SAN JUAN-IBERDROLA | 10:38,02 | 5 |
8º | HERNANI MITXELENA MEKANIZATUAK | 10:42,57 | 4 |
9º | LAPURDI | 10:59,16 | 3 |
10º | ONDARROA CIKAUTXO | 11:06,36 | 2 |
11º | HERCOS COLINDRES | 11:22,76 |