Tolosako Inauterietako abesti bat Txinako film baten soinu banda izango da

Tolosaldeko Ataria 2019ko uzt. 25a, 17:25

Abuztuan estreinatuko den superprodukzio baten soinu bandaren parte izango da Tomas Arrizibitak konposatutako Poca-Tripa abestia.

Lau hilabeteko isilpeko negoziazioaren ostean bart iritsi da baieztapena: Poca-Tripa txarangaren abestia Line Walker 2 filmean erabiliko dute.

Martxoan izan zuten lehen aldiz asmo honen berri txarangako arduradunek. Hong Kong-eko produkzio arduradunekin lotura estua duen Madrilgo Babieka Films ekoiztetxea Bonberenearekin jarri zen harremanetan, YouTuben abestia entzun eta gero –haren kanalean baitago argitaratuta–.

Ordutik hona, “eromena” izan dela diote: dokumentazio lanak, paperak, firmak, deiak... “Proposamenak aurrera egingo ez zuela uste genuen, eta ezerezean geratuko zela zirudienean iritsi zaigu baieztapena”, azaldu dute txarangako kideek.

Bide horretan Bonbereneako kideek egindako lana eta beraiengandik jasotako babesa nabarmendu eta eskertu nahi izan du Poca-Tripa txarangak.

Tomas Arrizibita tolosarrak konposatu zuen abestia 1964. urtean, eta Uranga tabernan jarri zioten letra, afari eta afari artean.

“Gutxik imaginatuko zuten 2012 hartan txarangaren 50. urteurrenaren harira argitaratutako liburu-disko haren lehen abestia bideo plataformara igo eta puntu horretara iritsiko ginenik”, adierazi dute txarangatik.

Segundo gutxiko kontua izango den arren, lorpena “sekulakoa” dela diote: “Kredituetan Poca-Tripa eta Tomasen izenak azalduko dira, eta inauterietako doinu bat mundu osoan entzun ahal izango dute”.

 

Superprodukzio bat

Jazz Boon zuzendari txinatarraren Line Walker 2 filma abuztuaren 8an estreinatuko dute Txinan. Gerora, Madrilen eta Iruñean ekitaldi bereziak egin asmo dituzte.

Besteak beste, Iruñean eta Tafallan grabatu zuten filma, martxoan. Sanferminak irudikatu zituzten, besteak beste, entzierro eta guzti.

Line Walker I filmaren segida da. Hain zuzen, Asiako ekoizpenen artean hirugarren ikusiena da historian, eta 90.000.000$ bildu zituen.

 

Erlazionatuak

Poca-Tripa Txaranga - Poca-Tripa

Tolosaldeko Ataria 2019 uzt 25 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!