«Irakasleok gure lana etengabe aztertzen egon behar dugu»

Tolosaldeko Ataria 2019ko uzt. 25a, 20:00

Neurozientziaren ikerketak hezkuntzan aplikatzeko bildutako materiala irakasleen eskura jarri du tolosarrak, aurkeztu berri duen 'Crear escuela, tendiendo puentes entre la neurociencia y el aula' liburuaren bitartez.

Hezkuntzari bideratutako liburua argitaratu berri du Xabi Gomez irakasle tolosarrak. Crear escuela, tendiendo puentes entre la neurociencia y el aula lanarekin, garunak nola ikasten duen ikusi, eta hori ikasgelara eramatea da xedea.

rakasleentzat izateko egin duzu liburua?

Hasiera batean, niretzat sortu nuen, eta materiala oso baliagarri egin zitzaidanez, nahi duen ororentzat eskuragarri jartzea pentsatu nuen. Hezkuntza munduan dagoen edozein profesionalentzat da egokia.

Zientzia eta pedagogia batzea erronka dela aipatzen duzu .

Bi diziplina hauek orain arte hizkuntza desberdina erabili dute. Azken urteetan, baina, pedagogiaren hizkuntza erabiltzen hasi dira, eta horrek hezitzaileoi lagundu digu euren ikerketek emandako ondorioak ulertu eta guregana ekartzen. Zientziak esaten diguna hezitzaileontzat baliagarria izatea da helburua.

Eta nola elkartzen dira bi diziplinak?

Ni hezitzailea naiz, eta nire oinarria irakasle moduan dudan egunerokoan osatu dut. Oinarri horretatik, neurozientziarekin lotutako arloetan formatu naiz. Nerbio sistema ikertzen duen diziplina da, eta horren barruan, organo garrantzitsuena da garuna. Hezitzaileoi, hain justu, garunaren funtzionamendua interesatzen zaigu, hala nola, nola ikasten duen garunak edota garunaren portaera bera.

Nola ikasten dugun jakitea da, beraz, bereziki garrantzitsua hezitzaileentzat.

Makina batek nola funtzionatzen duen baldin badakigu, etekin handiagoa aterako diogu. Berez, nahiz eta ikerketarik ez zegoen, antzinatik dakigu nola ikasten duen garunak. Pedagogiak eta psikologiak esan digute nola ikusten dugun. Neurozientziak garuna aztertzen du, eta froga enpirikoen bitartez frogatu ahal izan da nola ikasten duen. Beraz, ez dugu orain asmatu nola irakatsi behar den. Garunaren funtzionamendua aztertuz ikusi eta frogatu dugu gauza batzuetan ondo ari ginela, eta beste batzuetan ez hain ondo.

Blokeetan banatu duzu liburuko edukia. Zeintzuk dira?

Arlo horretan erabili ohi diren hamar interes blokeetan banatu dut. Hor aurkitzen ditugu emozioak, barne motibazioa, akatsen lanketa, arretaren gaia, memoriaren lanketa eta erabilera, bakarkako ikaskuntza edo kooperatiboa, sormen artistikoa... Irakasleen jardunari begira eta errazte aldera egindako banaketa ere izan da.

Irakasleek etengabe berritzen egon behar dutela erakusten al du lan honek?

Badirudi ikastetxeetan orain arte egiten zena gaizki egiten zela eta dena goitik behera aldatu behar dugula. Egonezin pixka bat sortu du ideia horrek, eta ikastetxe askotan dago metodologiak bai ala bai aldatu behar direnaren sentsazioa. Baina, ez da horrela, eta ideia horrekin kontuz ibili behar da. Egia da irakasleok gure lana etengabe aztertu eta neurtu behar dugula, eta planteatutako helburuak betetzen diren baloratu behar dugula. Baina, nik uste dut irakasleok egiten dugula hori. Ez, agian, egunero, baina, gure eskolak emateko modua egokia den aztertzen dugu. Funtzionatzen ez duena moldatzeko neurozientziak ematen dizkigun pistak erabili ditzakegu. Ez da, beraz, aldatzea aldatzeagatik, baizik eta aldaketak egitea norberak bere lanean egindako gogoeta txikiaren ondorioz. Esaterako, helburuak bete ez izanagatik. Eta, ez, estetika edo moda kontuengatik. Beraz, etengabe berritzen baino, etengabe aztertzen esango nuke.

Ikastetxeen arteko konpetentzia dagoenaren sentsazioa dago, nork metodologia berritzaileagoa erabili.

Gizartearen egoerak baldintzatzen du eskola, nahiz eta alderantziz izan beharko lukeen. Eskolak moldatu beharko luke gizartea. Gero eta ikasle gutxiago ditugu orokorrean, jaiotza gutxiago ditugu, eta berritzaile izate horretan, gauzak estetikoki egitera erori gaitezke askotan. Aldamenekoarekin konparatuta zerbait desberdina egiten ari zarenaren ideia zabaltzea izaten da askotan helburua, eta ez luke horrela izan behar.

Hezkuntzak badu gizartean eduki beharko lukeen adinako pisua?

Gizarteak jakin badaki hezkuntza oso garrantzitsua dela. Praktikara eramatean, ordea, ez zaio ematen behar duen lekua, eta hori argi ikusten da, esaterako, jartzen diren baliabideetan. Nolako hezkuntza sistema nahi dugun erabakitzeko gogoeta sakona egin behar dugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!