Turismo gehigarria

[BABESTUTAKO EDUKIA] Natura, kirola eta hezkuntza batuz

Ataria 2019ko abu. 5a, 05:59

Zumardi elkarteak, udan, haur eta helduentzat piraguan eta paddle surfean nahiz BTTan ibiltzeko, Hernioko zeharkaldia egiteko, mendian sokak eta ertzak erabiltzen ikasteko, eta autonomiaz gaua pasatzen jakiteko ikastaroak antolatu ditu. Datorren ikasturtera begira ere aukera zabala edukiko dute, beti ere naturarekiko errespetua landuz.

Kirola eginez naturarekin harreman zuzena edukitzeko eta naturan bizitzeko aukera paregabea dago Tolosaldean: Zumardia egitasmoa. Aisialdi aktiboa sustatzen dute, partaide guztiak protagonista bihurtuz eta beraien arteko harremana sustatuz. Zumardia herritar guztiei irekita dago, beste kirolekin osagarria da eta naturaren ezagutza eta errespetua lantzea du lehentasun. Horretarako, ondo prestatutako hezitzaile eta begiraleak dauzkate.

Irabazi asmorik ez duen elkartea 2015ean jaio zen, Tolosaldeko pertsona desberdinen arteko topagune bezala: gurasoak, hezitzaileak, kirolariak, gazteak, umeak, helduak... Gainera, leku paregabean dago, Tolosako Oria ibaiaren ertzean.

Batetik, natura eta mendi giroko paisaia eta herri txikiez gozatzeko aukera ematen du horrek; bestetik, hiriburu baten maila duen Tolosak eskaintzen dituen zerbitzu, merkataritza gune eta kirol-kultur jarduerak ezagutzeko aukera dago. Gipuzkoaren bihotzean daude, Aralar Parke Naturalaren, Uzturre mendiaren eta Hernioko mendigunearen artean, egoera estrategiko ezin hobean eta komunikazio sare bikaina duen eskualdean. Guzti horrek ahalbidetzen du naturan murgildutako ekintzak burutzea. Hain zuzen ere, natura, kirola eta hezkuntza dira proiektu honen hiru sustraiak. Naturan praktikatu daitezkeen kirol eta ekintzak guztien eskura jarri nahi dituzte, naturaren ezagutzaren, defentsaren eta babesaren alde lan eginez.

Hezkuntza

Hezkuntzari dagokionez, kirola sustatuz, garapen pertsonala indartu eta taldeen arteko harremanak sustatu nahi dituzte, elkarlana, parekidetasuna eta parte hartzea bezalako giza baloreak aldarrikatuz. Gainera, kirolaren alderdi ludikoa eta hezitzailea aldarrikatzen dute eta bizitza aktiboaren garrantzia bultzatu nahi dute, berdin neska edo mutil, ume, gazte nahiz heldu izan.

Horretarako, hainbat ikastaro eta ekintza antolatzen dituzte urte guztiak zehar. Ikasturtean, mendi korrika aritzekoa, sendabelarrena, helduentzako mendi ikastaroa, baratzekoa, iraupen eta mendi eskikoa, piragua zeharkaldiak, argazkilaritza, sukaldaritza... Mendian lasterka ibiltzen ikastekoa zortzi urtetik gorako haurrentzat eta helduentzat da, sendabelarrena bederatzi urtetik hamabira artekoentzat eta baratze ikastaroa haur eta gurasoei zuzenduta dago. Horrez gain, Eskola Kiroleko programan ere natur inguruko hainbat ekintza txertatu dituzte. Uda ere garai aproposa da naturaz eta kirolaz gozatzeko, eta horregatik, Zumardia elkarteak ikastaro eskaintza zabaltzen du.

Besteak beste, piragua eta paddle surfean ibiltzeko aukera eskaintzen da, baita mendiko bizikletan ibiltzen ikastekoa ere. Horrez gain, Hernioko zeharkaldian ere parte hartu daiteke, mendian sokak eta ertzak erabiltzen ikasteko ikastaroa egin eta bertan autonomiaz gaua pasatzen jakin. Piragua eta paddle surfean aritu nahi dutenek uztailaren 15ean, 19an, 22an eta 26an. Gaztetxoek nahiz helduk hartu dezakete parte bi eguneko ikastaroetan. Hernioko zeharkaldia, berriz, uztailaren 15etik 19ra egingo da eta, 11 eta 15 urte artekoentzat dago zuzenduta. Ikastaro horietan parte hartu nahi dutenek www.zumardia.eus webgunean dagoen izen-emate orria bete beharko dute.

Piragua gunea ere eskaintzen du Zumardiak, beste hainbat zerbitzuren artean. Leku hori Aldapa kalearen hasieran dago, Zumardi Handiaren parean eta Oria ibaiaren ondoan. Piraguak alokatu eta gordetzeko lekua izateaz gain, aldagela bat eta biltegi bat ere egokituta daude. Bazkide izan gabe ere erabili daitezke, alokairua ordainduz.

Taldeak

Beraiek antolatzen dituzte ikastaroez gain, Zumardia talde nahiz norbanakoen behar eta nahietara egokitzen da. Horretarako, ikastetxe, elkarte nahiz lagun koadrillek gutxienez bost kideko taldeak osatu behar dituzte, eta guztien neurrira egokitzen diren saioak antolatuko dituzte. Bakarrik egonez gero ere deitu daiteke 688 726 213 telefono zenbakira, eta taldea osatzen saiatuko dira.

Interesa duen oro bazkide ere egin daiteke. Horrek hainbat abantaila ematen dizkie: ikastaro eta ekintzetan lehentasunez izena-emateko aukera eta %10eko beherapena izatekoa, Aralar Camp Base dendako erosketetan %10ko beherapena, Zumardia elkarteak dituen piraguak erreserbapean dohain erabiltzeko eta piragua guneko giltza izateko eskubidea... Horretarako, norbanakoek 50 euroko kuota ordaindu beharko dute urtero, guraso bakarreko familiek 75 eurokoa eta familia osoaren bazkidetza 100 euro ordaindu beharko da.

Herritik gertu naturaz gozatzeko parada ederra da Zumardia elkarteak eskaintzen duena.

ZUMARDIA ELKARTEA

Helbidea. GUDARI KALEA, 8, 4-C, TOLOSA.

Telefono zenbakiak. 688 726 213.

Sare sozialak. Facebook: Zumardia

E-maila. info@zumardia.eus

Webgunea. www.zumardia.eus

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!