Azken Muga jaialdia, mugak hausteko

Irati Urdalleta 2019ko uzt. 24a, 10:32

Azken Muga egingo dute Zarateko pagadian, bihartik irailaren 22ra. Arte eszenikoak zein plastikoak eta kultura festarekin uztartuko dituzte.

Aurkeztu berri dute laugarren aldiz ospatuko den Azken Muga jaialdia. Tolosaldearen eta Nafarroaren artean bere lekua egiten ari da uztailaren 25etik irailaren 22ra zabalduko den ekitaldia.

Aukera zabala eskaintzen du Azken Mugak eta aniztasuna bermatuta dago. Arte plastikoak, hitzaldi etnografikoak eta kulturalak, kultura bere osotasunean, ikus-entzunezkoak, zinemagintza, musika nahiz ekitaldi herrikoiak izango dira bi hilabetean Zarateko pagadian. Horrela, artistak, musikariak, bertsolariak eta dantzariak elkartuko dira bertan.

«Kultura eta artea herritarrei gerturatzeko aukera ematen du, eta baita gure herriko kultur eskaintza aberastekoa eta Gipuzkoaren eta Nafarroaren arteko mugak haustekoa ere. Gure nortasuna balioan jartzen du», esan zuen aurkezpenean Olatz Peon Tolosako alkateak. Gaineratu zuen Azken Muga jaialdiak harreman estua duela Tolosarekin eta horregatik animatu nahi izan zituen herritarrak ekintzetan parte hartzera.

Euskal Herri osoko talde bat arduratzen da Azken Muga antolatzeaz eta tartean dago Migel Zeberio tolosarra ere. Alde artistikoa beste era batera gizarteratzea du helburu. Esan zuenez, Gipuzkoaren eta Nafarroaren arteko harremana bultzatzeko aukera bikaina ere bada jaialdia. Lau urteko ibilbidea oparoa eta zaila izan bada ere, bere lekua egiten ari direla esan zuen: «Ez gaude ohituta horrelako jaialdiak kontsumitzera, baina eskulturagileen artean, esaterako, bere lekua egiten ari da». Bidea egiten hasita dagoela eta Europako jaialdiekin harremanak lortu direla gaineratu zuen.

Bihar izango da irekiera ekitaldia, Zarate atarian. Aurten ere, ekintza nagusia txondorra piztea izango da. 11:00etan egingo da eta horrekin batera, Zarateko bidean txorimalo batzuk jarriko dira ikusgai. Gainera, irekiera ekitaldi bat ere egongo da 18:00etan. Bertan, bertsolariak eta arte ekintza bat egongo dira eta baita jan-edana ere. Hortik aurrera, ekitaldi andana izango dira. Esaterako, Kolonbiako eta Euskal Herriko musika tradizionalak uztartuko dituen Radio Revolución taldearen kontzertua.

Kalus Balezta txorimalogileak azaldu zuenez, hainbat berrikuntzak ere egongo dira, dantza eta antzerkia, adibidez.

Egun zehatzetako ekintzez gain, erakusketak ere jarriko dituzte. Lehen egunetik uztailaren 28ra Paul Montagueren erakusketa egongo da Zaratetxean, eta uztailaren 25etik abuztuaren 11ra irekita egongo da Ganbara izeneko erakusketa. Bertan, hainbat baserriko tresna egongo dira ikusgai.

Azkenik, irailaren 6tik 22ra arte Euskal Herriko ilustratzaileen erakusketa bat izango da.

BIGARREN PLANAK DAUDE

Aurkezpenean eguraldi txarrarekin ere ekitaldiak ez direla bertan behera geldituko azaldu zuten. Izan ere, guztientzat prest daukate bigarren plan bat. Ez dago aitzakiarik, beraz.

Antolatzaileek azpimarratu nahi izan zuten hainbat bidelagun izan dituztela ekitaldi guzti horiek burutzeko.

Alde batetik, Tolosako Udalaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Foru Aldundiaren laguntza ekonomikoa eduki dute. Eta beste aldetik, Azken Muga ez litzateke posible izango boluntarioen lanik gabe.

Erlazionatuak

Azken Mugako egitaraua osatu dute

Tolosaldeko Ataria 2019 uzt 08 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!