Datozen lau urteetan, hiru lan arlo nagusitan banatuko da udala

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko uzt. 23a, 19:59

Ostiralean egin zuten zinegotzi berrien lehen osoko bilkura. Antolaketara bideratutako saioan, dedikazio esklusiboan jardungo direnen soldatak onartu ziren.

Batetik, Udal Korporazioko kideen arduren banaketak zehaztu zituzten. Bestetik, uda aurretik ohikoa izaten den kreditu aldaketa bat onartu zuten. Ostiralean hartutako erabakiek, hein handi batean, agintaldian zehar Tolosako Udalak izango duen lan dinamika markatuko dute. Olatz Peon alkatearen esanetan, «udal administrazioa garai berrietara egokitzea, eguneroko jardunean eta erabakiak hartzerakoan eraginkorragoak eta azkarragoak izatea eta gardentasunaren alde urratsak egitea ahalbidetuko du egitura berriak».

Hori dela eta, informazio batzordeak eratzea eta haien araubideak zehaztea onartu zuten. Aurrerantzean, beraz, hiru lan arlo nagusitan banatuko dira orain arteko batzorde guztiak: Herritarrak, Antolakuntza eta Lurraldea. Nerea Letamendia, Xabier Balerdi eta Begoña Tolosa izango dira, hurrenez hurren, batzorde horietako arduradun nagusiak. Batzorde Iraunkor bakoitza, berriz, zazpi zinegotziz osatuko da: EAJko hiru, EH Bilduko hiru, eta PSE-EEko bat. Batzorde bakoitzak, gainera, zenbait sail eta azpisail hartzen ditu beregain, eta udal gobernuko kideak izango dira horien arduradunak.

Oposiziotik abstentziorako botoa aurkeztu zuten, presaz hartutako erabakia izan delako. «Jakitun gara, berrantolaketa honek, politikoki nahiz teknikoki onurak ekar ditzakeela, eraginkortasuna eta koordinazioa areagotuz eta burokrazia murriztuz. Baina, aldaketa handia suposatuko du. Hilabeteetako lanketa eskatzen du, erabakia orain hartu beharrik gabe. Onurak ekarriko dituen moduan, ez du oposizioko lana erraztuko; ezingo dugu orain arte bezala lan egin. Gainera, informazio falta dago, batez ere, liberatuta egongo diren zinegotziek zein aukera izango dituzten jakitea falta delako», azaldu zuen Kristina Pelaez EH Bilduko ordezkariak.

Ohiko osoko bilkuren egutegia eta egutegi instituzionala ere zehaztu zituzten. 2023ko maiatza bitarteko bilerak hileko azken ostegunetan, 19:30ean, egitearen alde azaldu ziren gobernuko kideak. Abuztuan ez da osoko bilkurarik izango, eta osteguna jaieguna egokituz gero, bezperan egingo da batzarra. Kasu honetan ere, abstenitu egin zen EH Bildu. «Egoki ikusten dugu, udaleko lana bizitza profesionalarekin uztartzeko. Hala ere, egutegi honek gobernuaren antolaketa berriari erantzuten dio. Egitura horrek guri sortzen dizkigun kezkak direla eta, ez dugu aldeko botoa emango», azaldu zuten. «Tolosari balio erantsia emango dion administrazioa izatea nahi dugu. Udala, herritarren zerbitzura jarri nahi dugu, eta ez alderantziz, orain gertatzen den bezala», erantzun zuen Peonek.

ORDAINSARI EZBERDINAK

Alkatearen eta liberatutako zinegotzien soldatei dagokienez, oposizioko kideak abstenitu ondoren onartu zituen udalak kopuru berriak. Horrez gain, bestelako dieta batzuk ere izan zituzten hizketagai. Besteak beste, ohiko osoko bilkuretan parte hartzeagatik, 400 euro jasoko ditu zinegotzi bakoitzak. Gainerako Batzordeen bileretan parte hartzeagatik ere, zenbait ordainsari jasoko dituzte zinegotziek.

Gainera, aho batez onartu zuten agintaldi berrirako bi lanpostu berri sortzea: alkatearen idazkaria eta aholkularia. Lehenak, 40.943,70 euro gordin jasoko ditu urtero. Bigarrenak, berriz, 41.841,87 euro gordin. Horrez gain, beste erakundeetan udala zein zinegotzik ordezkatuko duen ere adostu zuten.

DEKRETUAK ETA KREDITUAK

Alkateordeen berri ere eman zuen Peonek. Lehena, Nerea Letamendia izango da; bigarrena, Patxi Amantegi; hirugarrena, Begoña Tolosa; eta laugarrena, Xabier Balerdi. Lau horiek, Olatz Peon alkatearekin eta Joxe Mari Villanuevarekin batera osatuko dute Tokiko Gobernu Batzarra. Bestetik, batzordekako kargu banaketaren berri eman zuten.

Osoko bilkuran, 2019/11 kreditu aldaketarako espedientea nahiz 2019ko diru-laguntzen eranskina aldatzeko proposamena behin-behinekoz onartu zituzten. Bietan ere, «kezkak eta informazio falta» azaldu zuten EH Bildutik. Azkenik, itxitako ekitaldiko fakturen onarpenaren eta zenbait Alkatetza Dekreturen berri ere eman zen.

 

KARGU BANAKETA BATZORDEKA

HERRITARRAK

  • Batzordeburua. Nerea Letamendia.
  • Gizarte Zerbitzuak eta Osasuna. Olatz Peon.
  • Garapen Ekonomikoa eta Enplegu Sustapena. Begoña Tolosa.
  • Turismoa, Merkataritza eta Azokak. Nerea Letamendia.
  • Euskara eta Euskaltegia. Xabier Balerdi.
  • Hezkuntza. Koldo Ormazabal.
  • Kirolak. Joxe Mari Villanueva.
  • Kultura eta Festak. Izarne Iglesias.
  • Gazteria. Koldo Ormazabal.
  • Komunitatea eta Gobernantza. Koldo Ormazabal.
  • Berdintasuna. Olatz Peon.


ANTOLAKUNTZA

  • Batzordeburua. Xabier Balerdi.
  • Idazkaritza Orokorra, Kontratazioa eta Ondarea. Xabier Balerdi.
  • Giza Baliabideak. Xabier Balerdi.
  • Informatika. Xabier Balerdi.
  • Erregistroa, Informazioa eta UDATE. Xabier Balerdi.
  • Ogasuna eta Finantza Administrazioa. Begoña Tolosa.
  • Hiritarren Segurtasuna eta Mugikortasuna, eta Udaltzaingoa. Xabier Balerdi.


LURRALDEA

  • Batzordeburua. Begoña Tolosa.
  • Hirigintza. Egoitz Sorozabal.
  • Ingurumena, Mugikortasuna eta Trantsizio Energetikoa. Patxi Amantegi.
  • Obrak eta Zerbitzuak. Patxi Amantegi.

 

Alkatearen soldata: 71.287 €
EUDELen irizpideei jarraituz, Olatz Peon Tolosako alkateak, urtero, 71.286,99 euroko ordainsaria izango du. Soldata hori, Eusko Jaurlaritzako Zuzendariari dagokion berdina da. Alkateak, gainera, dedikazio esklusiboa izango du udaletxean.

 

Liberatutako kideak: 7
Alkateaz gain, Herritarrak, Antolakuntza eta Lurraldea Batzordeetako buruak, %100eko dedikazioan ariko dira, eta urtero, 57.029,59 euroko ordainsaria izango dute. Kirol zinegotzia ere dedikazio esklusiboan ariko da, urtero, 53.465,24 euro jasoko dituelarik. EH Bilduko bi zinegotzi ere %100eko dedikazioan ariko dira, eta urtero, 48.118,71 euro jasoko dituzte ordainetan.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!